Hautagaiak

2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
MICHELLE BACHELET

Hutsak estaltzen dituen xarma

Ofizialismoko kanpaina buruak ere onartu du zer egin gutxi daukala Michelle Bacheleten aurka: «Lau aldiz da Kontzertazioa —zentro-ezkerreko koalizioa—». Atzean geratu dira sozialdemokraziaz mozorrotutako politika neoliberalak; aipamenik ere ez Nazio Batuen Erakundean igarotako urte erosoei: txiletar arruntaren lekuan ipintzen dakien hautagai gisa agertu da Bachelet. Eta txiletar arruntak maite du haren xarma.

Santiagon jaio zen, 1951n. Haren aita Salvador Allenderen aldeko militarra zen; aireko armadan ziharduen. 1973ko estatu kolpean, fidel mantendu zitzaion, eta hiltzeraino torturatu zuten kideek. Michelle 1979an itzuli zen erbestetik, eta Medikuntza ikasi zuen. 2000ko hamarkadaren hasieran Osasun eta Defentsa ministro izan zen, eta 2006ko bozak irabazi ostetik, Txileko presidente izendatu zuten. 2010era arte agindu zuen; Sebastian Piñera kontserbadoreak hauteskundeak irabazi zituenean, New Yorkera jo zuen, NBEren Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Jabetzerako Erakundeko zuzendaritzan aritzera.

EVELYN MATTHEI

Historiaren beste aurpegia

Halabeharrak bigarrengoz jarri ditu parez pare mattheitarrak eta bacheletarrak. Evelynen aita ere militarra zen 1970eko hamarkadan, baina kolpisten aldekoa: Pinocheten Junta Militarreko kide ere izan zen. Elitean hazi da Matthei. Estatu kolpearen garaian aireko armadaren Gerra Akademiako zuzendaria zen Fernando Matthei: han eduki zuten preso Alberto Bachelet.

FRANCO PARISI

Guztiekin haserre

Parlamentuan babes dezakeen koalizio sendorik gabe aurkeztuko da bozetara Franco Parisi hautagai populista. Haren esanetan, ez da «ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa»: bi aldeei leporatzen die alderdikeria. Dena den, eskuindar gazteen artean du babes gehien; horregatik, Mattheirentzako lehiakide izan daiteke.

MARCO ENRIQUEZ-OMINAMI

Alderdi Progresistaren hautagaia. Europako erbestetik ekarritako diskurtso sozialdemokratari esker, ustekabeko emaitza lortu zuen 2009an.

ROXANA MIRANDA

Parekidetasunaren Alderdiko hautagaia. «Herrien tresna» izateko sortu zuten 2009an, baina iazko udal bozetan botoen %1 ere ez zituen jaso.

TOMAS JOCELYN-HOLT

Alderdi Kristaudemokratako buru eta Demokraziaren aldeko Alderdien Kontzertazioko diputatu ohia da, baina independente gisa aurkeztu da.

MARCEL CLAUDE

Alderdi Humanistako hautagaia. Proposamenen artean daude doako hezkuntza, kobrea nazionalizatzea eta militarren pribilegioak moztea.

ALFREDO SFEIR

Alderdi Ekologista Berdeko hautagaia da. Nazioarteko erakundeetan hainbat kargu izan ditu; besteak beste, Munduko Bankuan.

RICARDO ISRAEL

Zuzenbideko irakasle izan da hainbat unibertsitatetan; PRI Alderdi Erregionalista Independenteko hautagaia. Zentroko alderdia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.