Alderdi Sozialistak Olivier Faureren hautagaitza jarri du mahai gainean

NFPk aste honetan zehaztu nahi du lehen ministro izateko hautagaia. Ensemblek «arku errepublikanoa» bildu nahi du, Frantzia Intsumisoa kanpoan utzita.

Frantzia Intsumisoko ordezkariak, gaur, Frantziako Asanblean. YOAN VALAT / EFE
Frantzia Intsumisoko ordezkariak, gaur, Frantziako Asanblean. YOAN VALAT / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 9a
14:00
Entzun

Igandeko hauteskundeen ostean, parlamentariek gaur izan dute lehen eguna Frantziako Asanblean. Gehiengo osorik gabeko parlamentu bat izango dute, eta gobernura iristeko lehia da orain protagonista. Frantziako presidente Emmanuel Macronek denbora tarte bat eman dio bere buruari lehen ministroa izendatzeko, baina NFP Fronte Popular Berriko kideek jarrera hori txarretsi dute. Frantzia Intsumisoa alderdiko Mathilde Panotek zalantzan jarri du Macronek hauteskundeetako emaitzak errespetatzeko asmoa ote duen ere.

NFP osatzen duten alderdiek —nagusiki, Frantzia Intsumisoa, PS, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF— ez dute denbora galdu nahi, eta lehen ministro kargurako hautagai bat izendatzeko negoziatzen ari dira, hura astea amaitzerako aukeratzeko helburuz. Asanblearen atarian, Frantzia Intsumisoko Manuel Bompardek uko egin dio negoziazio horien inguruko adierazpenak egiteari, baina agerikoa da koalizioa osatu duten alderdiak ari direla hautagaiak proposatzen. Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua hautagaien izen zerrendatik baztertuta, Pierre Jouvet Alderdi Sozialistako idazkari nagusi eta europarlamentariak Olivier Faure alderdikidearen alde egin du, hura delakoan «lasaitasuna» ezarri dezakeena.

Ez dirudi, ordea, gobernua eratzeko prozesua hain bizkorra izango denik, Macronek Frantziako Asanblea egituratu arte itxaron nahi baitu erabaki bat hartzeko; hilaren 18an egingo dute hura osatzeko bilkura. Eta horren adierazle da Gabriel Attal lehen ministroaren dimisioa ez onartu izana ere, «egonkortasuna» bermatzea argudiatuta.

Panoten esanetan, baina, bozen emaitzek agerian utzi dute hautesleek «haustura» baten alde egin dutela eta, ondorioz, Attalek lehenbailehen utzi behar duela kargua. Uztailaren 14a baino lehen egin beharko luke hori, Frantzia Intsumisoko kideak BFMTV telebista katean adierazitakoaren arabera. Hark uste du kontrako erabaki batek adieraziko lukeela Macronek ez duela bere «porrota» onartu. «Hiru aldiz jarraian jasan du porrota», zehaztu du, Frantziako Asanblearako bozketei ez ezik europarlamenturako hauteskundeei ere erreferentzia eginda.

Ensemble koalizioan, baina, bestelako interpretazio bat egin dute. Onartu dute NFP dela Frantziako Asanblean ordezkari gehien izango duen indarra, baina gogoratu dute gehiengo osotik urrun dagoela koalizio hori. Beraz, argudiatu dute ezkerreko alderdien koalizioak ez lukeela bakarrik gobernatu behar.

Horiek hala, Yael Braun-Pivet Frantziako Asanbleako presidente ohiaren inguruan eratuko litzatekeen «zentralitate» gobernu baten aukera aipatu dute zenbaitek. Hark xede izango luke «arku errepublikanoa» batzea, Frantzia Intsumisoa eta Batasun Nazionala kanpoan utzita. Beraz, barne hartuko lituzke, Ensembleko kideez gain, Errepublikanoak eta «sozialdemokrazia». Ez dago argi, baina batzuek zein besteek molde horretako gobernu baten alde egingo luketen. Izan ere, NFPko alderdiek ez dute Frantzia Intsumisoa kanpoan uzteko asmorik azaldu. Badira, baina, Ensemblerekin akordio bat egitearen alde agertu diren zenbait; besteak beste, Alderdi Sozialistan eta Alderdi Komunistan. Horietako batzuek «ezkerreko macronismoari» erreparatu diote, argudiatuta kontuan hartu behar dela hautesleek lehen itzulian bozkatu zutena ere.

Isere Cyrielle Chatelain parlamentari ekologistaren esanetan, berriz, oinarria da gobernu berriak soldaten igoeraren, hezkuntzaren eta osasungintzaren hobekuntzaren, eta «planifikazio ekologista baten» alde egitea, Batasun Nazionalak kargu instituzionalik izatea eragoztearekin batera.

Adierazpenak adierazpen, agerikoa da Frantziako Asanblean itunak ezinbestekoak izango direla aurrera egiteko. NFP da eserleku gehien izango dituen koalizioa. Denera, 182 aulki beteko dituzte ezkerreko koalizioarekin aurkeztu ziren hautagaiek, baina gehiengo osorako beharrezko 289etatik urrun. Macronen inguruko Ensemblek 168 eserleku izango ditu, eta eskuin muturreko Batasun Nazionalak, 143. Atzetik, urrun, Errepublikanoak, 45 aulkirekin.

Le Pen, ikerketapean

Parisko Fiskaltzak jakinarazi duenez, Batasun Nazionalak 2022ko Frantziako presidentetzarako bozetarako egindako kanpaina ikertzen ari dira, ustezko legez kanpoko finantzaketagatik. Azaldu dutenez, sei delitu ikertzen ari dira; tartean, funtzio publikoan dauden kideen funtsen legez kanpoko erabilera, dokumentuak faltsutzea eta hautagai batek erakunde baten mailegu bat onartzea. Hauteskunde haietan, Marine Le Pen izan zen Batasun Nazionalaren presidentegaia, eta bigarren geratu zen Macronen atzetik.

Ikerketa uztailaren 2an ireki zuten, eta Frantziako Poliziako finantza arloko taldeak hartu du bere gain, instrukzio epailearen begiradapean. Le Penek 11,5 milioi euro baliatu zituen 2022ko hauteskunde kanpainan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.