Hautagai nagusiak

2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
ZALMAI RASSOUL. Karzairen hautagaia

Hamid Karzai presidenteari estu lotuta egon da Zalmai Rassoul medikuaren ibilbide politikoa (Kabul, 1943). Karzaik aholkulari izendatu zuen AEBek herrialdea inbaditu berritan. 2010etik iazko urrira arte Atzerri ministro izan zen, eta presidenteak atzerrira egin dituen bidaia gehienetan alboan izan du. Bertze datu batek ere agerian utzi du Rassoul dela Karzairen hautagaia: Abdul Qayum Karzai presidentearen anaiak bere hautagaitza erretiratu, eta Rassoulen alde egiteko eskatu du. Paxtua da, herritar gehienak bezala, baina bere hautagaitza gehiago indartzeko tajik etniako buruzagi bat hautatu du presidenteorde: Ahmad Zia Massud, Ahmad Xah Massud gerrillari mitikoaren anaia. Dena den, aurkako faktoreak ere badauzka Rassoulek: ez da hagitz ezaguna herritarrentzat, eta ez dago ezkonduta eta ez du seme-alabarik. Azken hori ez da ohikoa Afganistango gizarte kontserbadorean.

ABDULLAH ABDULLAH. Bigarren aukeraren bila

Inbasioaren ondoren osatutako lehenbiziko gobernuan, Atzerri ministro izan zen Abdullah Abdullah (Kabul, 1960). 2005ean, ordea, Hamid Karzai presidentearekin haserretu, eta haren aurka aurkeztu zen 2009ko bozetan. Botoen %30ekin galdu zuen, eta, ordutik, Afganistango sistema politiko ezegonkor eta ahulean Karzaik izan duen oposizio nagusia izan da. Abdullah paxtua da aitaren aldetik eta tajika amaren aldetik, baina herritarrek tajiktzat hartzen dute. Izan ere, Ahmad Xah Massud gerrillari tajikaren aholkulari izan zen, eta nagusiki tajikek kontrolatzen zuten Iparraldeko Aliantzan kargu garrantzitsuak eduki zituen. Bere boto gehienak paxtuak ez diren etnietatik lortu zituen 2009an, eta gauza bera espero da gaurko. Bigarren itzulira igaroz gero, litekeena da gehiengo paxtuak bertze hautagaiaren alde egitea. Abdullah oftalmologoa da.

AXRAF GHANI AHMADZAI. Itzalean dagoen teknokrata

AEBetan ibilbide akademiko aberatsa jorratu du Axraf Ghani Ahmadzaik (Logar, 1949) eta 1990eko hamarkadan Munduko Bankuarentzat lan egin zuen. Horregatik, bere kanpainaren arduradunek Mendebaldeari ere saldu nahi izan diote hautagaitza, Ghanik «nazioartearen hizkera ulertzen» baitu. Herritarren artean, ordea, ez du babes handirik izan, 2009an botoen %3n gelditu baitzen. Gobernu sozialista ezarri zenetik AEBen inbasiora arteko hamarkadak erbestean eman zituen, eta ondoren bi urtez Finantza ministro izan zen (2002-2004). Paxtua da, eta bertze etnietan ez du sostengu handirik. Horregatik, aliantza bat egin du buruzagi uzbeko ezagun batekin: Raxid Dostum gerraren jaunarekin. Ghanik aliatu boteretsua hartu du, baina Dostumen aurkako gerra krimen salaketa amaigabeek eragin handiagoa izan lezakete boto-emaileengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.