Alemania bakar batez mintzatu beharrean, ekialdearen eta mendebaldearen gainean egiten du berba oraindik ere jendeak». Claudia Jaeckel Saxonian jaio zen, ekialdean, eta haurra zenean gertatu zen batasuna. «Alemaniako mendebaldea oparotasunaren lurraldea zen niretzat; ezin genuen sinistu hango produktu guztiak erosteko aukera izango genuela. Barbie panpina edukitzea zen nire nahirik handiena; batasunarekin oparotasun garai hori nire lurraldera ere helduko zela uste nuen».
Berlingo Harresia duela ia 21 urte erori zen, eta gaur 20 urte betetzen dira batasuna gertatu zela. Europa beti horrela izan dela dirudi egun, ia ahaztuta baitaukagu harresi bat egon zela; Alemania ez dela beti bakarra izan. Baina, urtero legez, urteurrenaren harira, hizpide izaten da harresia, eta egun hauek gogoetarako ere baliatzen dituzte herritarrek; zalantzak dituzte prozesuaren inguruan, eta oraindik ere ekialdearen eta mendebaldearen artean ezberdintasun handiak daudela uste dute. Aurrerantzean ere egoerak berdin jarraituko duela diote.
Berlinen bertan ere handiak dira harresiaren alde bat eta bestea izandakoen arteko aldeak. Alemaniako Errepublika Demokratikoan (ekialdea) oinarrizko beharrak beteta eduki arren, oparotasunaren lurralde modura ikusten zuten alde kapitalista. Bi alemaniak bat egin ostean, ikuspuntuak erabat aldatu ziren. «Kapitalismoak pertsonen arteko ezberdintasunak areagotzen dituela ikusi genuen, eta oparotasun sentimendu hori desagertu zen ekialdeko askoren pentsamendutik», dio Daniel Winterrek; Alemaniako Errepublika Demokratikoan bizi izandakoa da. Sozialismoaren mira egiten du hamar lagunetik batek, eta horietako bat da Winter.
Erabaki okerrak
Harresia botata, poza izan zen nagusi, baina denborak aurrera egin ahala gauzek okerrera egin zuten.1990. urteko udan bateratze ekonomikoa izan zen -politika arloan arrakastatsua izan zen, baina ez ekonomikoan-. Irailean 2+4 izeneko agiriak sinatu zituzten AEB Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Erresuma Batuak eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak bi Alemaniekin batera, eta estatu berriko mugak finkatu zituzten. Urriaren 3an indarrean sartu zen Bateratze Ituna.
1989. eta 1990. urteen bitartean ekialdea mendebaldearen parte bihurtu zen. Alemaniako Errepublika Demokratikoa Errepublika Federalean sartzeko prozesua oso luzea izan dela uste du Claudia Jaeckelek. «Denbora asko behar izan da bi aldeek onartu arte».
Alemaniar askok, prozesu horren gainean mintzatzerakoan, integrazio hitza ez dute egoki ikusten. «Okupazioa izan zen. Mendebaldekoek ekialdea okupatu zuten», dio Winterrek. Batzuentzat gogorregia da okupazio hitza, baina jende gutxik erabiltzen du integrazio hitza, nahiago dute anexioa izan zela esan. Winterrek azaldu duenez, komunismoa erorita mendebaldarrek lau sosen truke erosi zituzten ekialdeko lantegiak. «Fabrika barruko makinak hartu eta gero alde egin zuten. Langile asko gelditu zen kalean».
Gizartearen zati handi batentzat, bat-egitearen hasieran hartutako erabaki askok izan dute oraingo egoeraren errua. «Bat-egitea oso gauza konplexua izan da, eta ezinezkoa da guztia ondo egitea», dio, hala ere, Jaeckelek. «Hartutako erabaki txarrena, agian, soldaten egokitze berantiarra izan zen». Errepublika Demokratikoan asko igo zen langabezi tasa, eta mendebalderantz abiatu zen alemaniar asko lan bila. «Jende asko etsita sentitu zen. Batasunaren ondorioz lan barik gelditu ziren ekialdeko langile asko». Schwarze Risse liburudendan lanean ari den laguna ari da hizketan. «Mendebaldera lan bila etortzen zirenean, heziketa sozialistaren ondorioz, hemengoen lan mailara heltzen ez zirela esaten zieten. Adibide bat jartzearren: estatu sozialistan autobus gidari edota metal arloan lanean ibilitako emakume askok ez zuten antzeko lanik aurkitzen Errepublika Federalean».
Exodoa mendebaldera
Garai haiek bukatu dira dagoeneko, baina, hala ere, nahiko salbuespen daude oraindik. «Ekialdeko jende asko etortzen da gurera lanera; asko hemengo dendetan saltzaile gisa», dio Uschi Grandel Bavariakoak. «Guztiek ondo ikusten dute langile horiek Bavariara etortzea. Beraien inguruan lanik ez dutelako da. Hala ere, egia da, askotan bigarren mailako herritar moduan hartzen direla ekialdekoak izateagatik».
Adibide gehiago daude. «Berlingo Charite ospitaleko langileek ez dute soldata bera irabazten; ekialdeko edo mendebaldeko izatearen araberakoa da hori. Gobernuak ez ditu modu berean tratatzen ekialdeko eta mendebaldeko langileak», dio liburu saltzaileak. Hiri eta ospitale berean egon arren, ezberdintasunak hor daude. Errepublika Demokratikoaren ekonomia kaskarra onbideratzeko 2,1 bilioi euro gastatu dira orain artean, azpiegiturak hobetzen eta herritarrak mendebaldeko sisteman barneratzen. Ahalegin horrek, hala ere, ez du saihestu langabezi tasa bikoitza izatea ekialdean (%12,6), herritarren per capita errenta bikoiztu bada ere.
Ekialdean, txiroago
Ekialdeko herri gehienak txiroak dira. Ekonomiaz gain, hezkuntza ere kaltetu da. «Ez dago gazteentzako zer eginik eskolatik kanpo. Institutua edo dena delakoaren ostean ekialdeko gazte askok ez dakite zer egin, ez dira ekintzak antolatzen», dio Daniel Winterrek. «Arazo hori gero eta larriagoa da; izan ere, eskuin muturreko taldeek probetxua ateratzen diote gazteen denbora libreari. Kirol ekintzak antolatu eta horren bitartez errekrutatzen dituzte. Laster arazo larria izango da fenomeno hori». Ezkerrak horretan guztian duen betekizunaren gainean ere mintzatu da Winter. Haren ustez, ezker mugimendu handia dago estatuan, baina antolatzea falta da hainbat alorretan.
Berlinen jendeak ez du uste oraingo egoera datozen urteetan aldatuko denik. Ekialdean izandako barrutietan apalagoa da bizitza maila, eta herritarrek etengabe migratzen dute gune aberatsagoetara. Ekialdeak 1,5 milioi galdu ditu, eta mendebaldean, berriz, %6,5 igo da populazioa. Unibertsitateko ikasketak amaitzen dituzten gazte gehienak, esaterako, mendebaldera doaz. «Ekialdean ekonomia gaizki dago, gazte trebeenek alde egiten dute lana dagoen herri edo hirietara», dio Tomas Mueller berlindarrak.
Alemaniar ugariren ustez, bat egiteko unean gaizki hartu ziren erabaki asko. Hala ere, harresia erortzea beharrezkoa zen bitan zatitutako herriarentzat. Orduko une atseginenak alde bateko eta besteko familietako kideak elkartu zirenean izan ziren. Claudia Jaeckeli haurra zeneko oroitzapenak etortzen zaizkio burura. «Nire oroitzapen bakarra mugaren beste aldeko osaba-izebak ikusi izana da, eta beste Alemania hori ezagutzea, noski». Mendebaldeko herritarrek bazuten aukera ekialdera pasatzeko; hala ere, tramite asko egin behar ziren aurretik, eta batzuetan ez zen erraza.
Hausnarketa egunak
Alemaniaren bat-egitearen 20. urteurrena da gaur; Berlingo herritarrek, harresia bota zuteneko uneak gogoan, iraganaz eta orainaz aritzeko baliatzen dituzte egun hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu