HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak adingabeek lan egitea debekatzen duten legeak betearaztekoeskatu dio Tanzaniako Gobernuari. Adingabe asko eta asko meatzeetan lan egiteko kontratatzen dituzte, batez ere urre ustiapenetan. Tanzania Afrikako laugarren urre ekoizlerik handiena da. HRWko ikertzaile Janine Mornak adierazi du Tanzaniak meatzeetako adingabeen lana debekatzen duten «lege gogor ugari» dituela, baina gobernuak ez duela «ezer askorik» egiten horiek betearazteko.
HRWk 11 urre meatze bisitatu ditu Geita, Shinyanga eta Mbeya eskualdeetan. Guztira, 200 pertsona inguru elkarrizketatu dituzte, horietatik 61 adingabeak, eta batzuk zortzi urtekoak. Txostenaren arabera, meatzeetako lanetan aritzen diren haurrak umezurtzak edo egoera ezegonkorretan daudenak izan ohi dira. Adingabeak, meatzeetan sor daitezkeen istripuen arriskupean ez ezik, merkurio kontzentrazio altuen eraginpean ere badaude, eta oso arriskutsua da haien osasunerako. Pozoidurak ezintasun iraunkorra eragin liezaieke merkurioarekin kontaktuan lan egiten duten pertsonei, zuzenean nerbio sistemari eragiten baitio. HRWk argitaratutako txostenean jakinarazi duenez, Tanzaniako osasun zerbitzuak ez daudeprestatuta merkurio intoxikazioa antzemateko eta gaixotasuna behar den moduan tratatzeko.
Tanzaniako Gobernuak haurren eskubideen babeserako nazioarteko akordio ugari sinatu ditu. 2013an 140 gobernuk sinatu zuten merkurioaren eraginpean dauden pertsonak gutxitzeko tratatu bat, eta Tanzaniak hura berretsi zuen 2013ko urtarrilean. Merkurioaren Minamata izeneko hitzarmena urrian sartuko da indarrean.
HRWk ohartarazi duenez, haur askok, eskolara joan eta ikasi beharrean, meatzeetan jarduten dute lanean, eta, horregatik, oso handia da eskolara joaten ez diren edo eskolan behar adina ikasten ez duten haurren kopurua: «Oso zaila da meatzeko lana eta eskola uztartzea», esan du HRWk egindako txostenerako elkarrizketatu duten hamabost urteko tanzaniar batek. Bizitza hobeago bat eskuratu nahiak bultzatzen ditu haurrak urre ustiaketetan lan egitera. Horregatik, giza eskubideen babeserako taldeak eskatu dio Tanzaniako Gobernuari errazteko bigarren mailako hezkuntzarako eta lanbide heziketarako sarbidea.
Bestalde, giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du meatzeetan eta haien inguruetan ibiltzen diren neskek sexu-jazarpena jasaten dutela, eta sarritan mafiek kontrolatutako sexu esplotazioaren merkatuaren biktima izaten amaitzen dutela eta sexu harremanen bidezko gaixotasunak hartzeko arriskua dutela.
Nazioarteko arduradunak
Txostena egin duten HRWko ikerlariek arazoa konpontzeko eskatu diote Tanzaniako Gobernuari,eta egoerari aurre egiteko ere eskatu die nazioarteko indarrei. HRWren txostenaren arabera, Munduko Bankuak eta inbertsore ugarik «laguntza politiko eta ekonomikoa» eman beharko lukete, adingabeen lana deuseztatzeko plan berri bat garatu ahal izateko. Giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, oraingo proiektuak —60 milioi euroko aurrekontuarekin—, ez du haurren lana bere barruan hartzen. Urrearen industriari eta urrea esportatzen duten herrialdeei «kontzientziaz» jarduteko eta adingabeen lanaz «ez aprobetxatzeko» eskatu die erakundeak.
Tanzaniako meatzeetatik ateratako urrea Arabiar Emirerri Batuetara eramaten dute. Suitzak, Hegoafrikak, Txinak eta Erresuma Batuak ere Tanzaniako urrea inportatzen dute.
Haurren lana debekatzeko eta meatzeetatik ateratzeko eskatu dio Tanzaniari HRWk
Adingabeek, lan gogorrak egiteaz gain, merkurioak eragindako gaixotasun larriak izateko arriskua dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu