Haurrak eskolan uztea, AEBetako papergabeen azken erronka

Trumpek baimena eman dio Immigrazioaren eta Aduanaren Poliziari eskoletan sarekadak egiteko. Paperik gabeko migranteen seme-alabek hezkuntza publikoa jasotzeko eskubidea dute 1982tik, baina, hainbat erakunderen aburuz, eskubide hori urratzen ari da Trump.

Ama bat eta hiru haur eskola baten kanpoaldean, Floridan (AEB), artxiboko irudi batean. ALICIA CIVITA / EFE
Ama bat eta hiru haur eskola baten kanpoaldean, Floridan (AEB), artxiboko irudi batean. ALICIA CIVITA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beldurra. Horixe sentitzen dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren milioika papergabek beren seme-alabak eskolan uzten dituztenean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek urtarrilaren 20an hartu zuen kargua, eta hasieratik ohartarazi zuen immigranteen aurkako operazioak aurrera eramango zituela; are gehiago, hitzeman zuen 11 milioi papergabe kaleratuko dituela herrialdetik: «Inoizko deportaziorik handiena egingo dut». Paperik gabeko migratzaileen auzian, baina, AEBetako presidentea hitzetik ekintzara pasatu da, eta deportazio horiek errazteko mekanismoak ezartzen hasi da. Nazioartean harrabots handia sortu dute, eta neurrietako batek, zeresan handiena sortu duenak, adingabeak ditu jomugan: Trumpek baimena eman dio Immigrazioaren eta Aduanaren Poliziari eskoletan sarekadak egiteko; orain arte debekatua zuen halakorik egitea.

Eta sarekadak egiten hasi dira. LULAC Latinoamerikar Herritar Batuen Ligako hezkuntza saileko arduradun Ana Cocak azaldu duenez, azken asteetan sarekadak areagotu dituzte, batez ere immigrante komunitateak dauden auzoetan. Coca Dallasen bizi da, Texas estatuan, eta irakaslea da hiri horretan. Texasko ikasleen %70 inguru latinoak dira, eta anglo-saxoiak baino gehiago dira beste hainbat lekutan ere. Cocak nabarmendu duenez, Trumpen aldekoek «mehatxutzat» hartu dute herrialdeko zenbait gunetan gehiengoa galtzen aritzea: «Anglo-saxoiak beldur dira daukatena kenduko ote diegun latinoek. Gure seme-alabak hezten jarraitzen badugu, doktore, abokatu edo enpresen jabe izan daitezke».

Etxe Zuriko maizterraren azken oldarraldi horren harira, Cocak esan du gaur egun LULACen betebehar nagusia dela irakasleei eta gurasoei papergabeek zer eskubide dituzten azaltzea. Baina, haren iritziz, helduei ez ezik, haurrei ere mintzatu behar zaie, ez baitzaie ezkutatu behar zer gertatzen ari den: «Gurasoak beldurtuta ikusten dituztenez, garrantzitsua da haurrei ondo azaltzea zer gertatzen ari den». Eta ikasleekin egoeraz argiki mintzatzea garrantzitsua da papergabeak nola dauden jakin dezaten eta AEBetako herritarrek Trumpek hauspotzen dituen diskurtsoak erreproduzitu ez ditzaten. Izan ere, LULACeko kideak azaldu duenez, «AEBetako presidentearen ideiek eskola jazarpena eta ikasleen arteko liskarrak areagotu dituzte». Nabarmendu duenez, familia papergabeen seme-alaben aurka egiten dute, esanez gurasoak deportatuko dituztela.

«AEBetako presidentearen ideiek eskola jazarpena eta ikasleen arteko liskarrak areagotu dituzte»

ANA COCALULACeko hezkuntza arduraduna

Familia papergabeekin harremanetan jartzen saiatu da BERRIA, baina hitz egiteagatik pairatu ditzaketen errepresaliak direla eta, uko egin diote mintzatzeari. Cocak azaldu du gaur-gaurkoz beldurra hedatua dela immigranteen komunitateetan, eta Polizien sarekadei izkin egiteko haurrek eskolara joateari utzi diotela. «Familia batzuek sorterrira itzultzea erabaki dute; beste batzuek, ordea, erabaki dute alde batetik bestera mugitzea, Poliziak atzeman ez ditzan. Horrek kalte egiten dio ikasleari, eskolen artean ezberdintasun handiak daudelako, eta, beraz, edukien eta garapenaren aldetik atzean geratu daitezke».

Trumpen neurriek eragindako beldurrak adingabeak klasera joatea eragozten duela ez da Cocaren burutazio bat. Hori dela eta, adibidez, Denverreko Eskola Publikoa erakundeak auzitara eraman du Trumpen neurria; baina presidentearen alde egin dute. Izan ere, martxoaren 7an Coloradoko Auzitegi Federalak ebatzi zuen eskola publiko horrek ez zuela «froga nahikorik» aurkeztu baieztatzeko ikasle immigrante gutxiago eskolara joateak lotura zuzena duenik Trumpen neurriekin. Horiek horrela, epaileak baimena eman zion Immigrazioaren eta Aduanaren Poliziari Etxe Zuriko maizterrak agindutako planarekin jarraitzeko eta eskoletan sarekadak egiteko.

Coloradoko auzitegiaren erabakiak LULACeko hezkuntza arduradunaren beldurretako bat berretsi du: auzitegiek are gehiago zaildu dezakete egoera. «Lege federal bat izanda ere, gure seme-alaben hezkuntzarako eskubidea kendu nahi digute. Abortuarekin egin zuen gisara, Trumpen xedea auziak gora egitea da, Auzitegi Gorenera heldu, eta, hala, eskubide hori ukatu». AEBetako zuzenbidearen arabera, Auzitegi Gorenaren ebazpen baten aurka ezin da helegiterik jarri, eta jurisprudentzia sortzen du. Cocak salatu duenez, bere agenda kontserbadorea bete ahal izateko «epaile errepublikanoak» izendatu ditu AEBetako estatuburuak Auzitegi Gorenean. 

Eskubideak galtzear

«Haur papergabeek hezkuntza publikorako eskubidea dute, Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren hamalaugarren eranskinaren arabera. [...] Eskubide hori bermatu ezean, analfabetoen azpitalde bat sortuko da ezinbestean». AEBetako Auzitegi Gorenak 1982an Plyler vs Doe auziari emandako ebazpenekoak dira hitzok. Duela lau hamarkada baino gehiagoko ebazpen horri esker, AEBetako herritartasuna ez duten familietako seme-alabek eskolatuak izateko eskubidea dute. Hori, baina, aldatzen ari dela iritzi diote papergabeekin lan egiten duten hainbat erakundek.

«Gure seme-alaben hezkuntzarako eskubidea kendu nahi digute, abortuarekin egin zuen gisara»

ANA COCALULACeko hezkuntza arduraduna

Haien aburuz, hezkuntzarako eskubide hori bete ahal izateko eskolek leku seguru bat izan behar dute ikasleentzat; hortaz, papergabeak izan edo ez, ez lukete arazorik izan behar eskolara joateko. Trumpek kargua hartu zuenetik, ordea, hori aldatzen hasi dela salatu dute hainbat eragilek. Cocak, esaterako, iritzi dio eskolak ez direla leku seguruak haur papergabeentzat, Immigrazioaren eta Aduanaren Poliziari eskoletan sarekadak egiteko baimena eman diotenetik.

Trumpen neurrien aurkako protesta bat, San Antonion (AEB), otsailaren 5ean. ALEJANDRA ARREDONDO/EFE
Trumpen neurrien aurkako protesta bat, San Antonion (AEB), otsailaren 5ean. ALEJANDRA ARREDONDO / EFE

LULACeko kidearen aburuz, segurtasun falta horrek, praktikan, eskubidea deuseztatzen du. Are gehiago, azaldu duenez, zenbait gobernadore pauso bat harago doaz, eta proposatu dute, besteak beste, eskolan izena emateko ikaslearen gurasoek AEBetako herritartasuna dutela frogatu behar izatea. «Oklahomak indarrean jarri nahi du neurri hori, eta estatu batek urrats hori egin izanak beldurra areagotzen du papergabeen artean. Behin estatu batek halakorik eginez gero, beste hainbat estatuk ere bide beretik joko baitute».

Halere, Cocaren ustez, bada itxaropenari eusteko zantzurik, elkar laguntzeko joera handitu baita herritarren artean. Horren adibide da, esaterako, AEBetako herritartasuna duten familia batzuk hasiak direla eskolara joaten papergabeen haurren bila. Gainera, LULACeko kideak nabarmendu duenez, AEBetako herritar batzuek bere burua eskaini dute papergabeen seme-alabez arduratzeko baldin eta haien gurasoak deportatzen badituzte.

Nahiz eta egoera ikusita zaila eman dezakeen hala pentsatzeak, Cocak argi du papergabeek Trumpen mehatxuari aurre egingo diotela, «ezin sendoagoak» direlako: «Eskubideak kentzen badizkigute, horiek berreskuratzeko borrokatuko gara. Beldurtuta gaude, baina gizon edo emakume batek are gehiago balio du beldurtuta badago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.