Haunani-Kay Trask hil da, Hawaiiko autodeterminazio eskubideen aldeko aktibista

Hawaiiko subiranotasun mugimenduko buru, idazle, poeta eta irakasle emeritua izan zen. Larunbatean hil zen, 71 urterekin.

Haunani Kay Trask 2002. urtean Udalbiltzak antolatutako kongresuan. ANDONI CANELLADA, FOKU
Oihane Puertas ONA
2021eko uztailaren 5a
17:38
Entzun

Haunani-Kay Trask (Kalifornia, 1949-Hawaii 2021) hawaiiarren eskubideen alde eta indigenen subiranotasuna sustatzeko lan egiten zuen indigena militantea zen. Larunbatean, uztailak 3, hil zen Honolulun (Hawaii), 71 urte zituela.

Hawaiiko subiranotasun mugimenduko buru izateaz gain, idazle, poeta eta irakasle emeritua izan zen Hawaii Manoa Unibertsitatean. Kamakakūokalani Hawaiiko Ikasketa Zentroa sortzen ere lagundu zuen, eta hango zuzendari izan zen ia hamar urtez.

Aktibismoan eta mundu akademikoan egindako ibilbideaz gain, Traskek politikoki probokatzaileak ziren saiakeren bilduma bat, From a Native Daughter: Colonialism and Sovereignty in Hawaii —Jatorrizko alaba batena: kolonialismoa eta subiranotasuna Hawaiin—, eta bi poesia liburu ere idatzi zituen: Light in the Crevice Never Seen —Argia inoiz ikusi gabeko arrakalean— eta Night is a Sharkskin Drum —Gaua marrazo larruzko danbor bat da—.

Komunikatu batean, Jonathan Osorio Hawaiinuiakeako Ezagutza Eskolako dekanoak zera adierazi zuen: «Gure maistra, lankide eta laguna, Haunani-Kay Trask, gaur goizean hil da. Trask irakaslea Kanaka Maoliren defendatzaile ausarta izan zen, eta milaka hawaiiar bikain eta talentudunak Hawaiiko Unibertsitatera etortzera bultzatu zituen»

Haunani-Kay Traskek parte hartu zuen 2002an Donostiako Kursaalean egin zen Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzian. Konferentziaren aztergai nagusia herrien eskubideen aitortza izan zen, eta herri indigenen garapenerako ahalmena aipatu zuen bertan. Urko Aiartza abokatu eta politikariak Twitterren adierazi du Trask Euskal Herriaren laguna zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.