Paperik ez duten etorkinen deportazio masiboak agindu ditu Donald Trump AEBetako presidenteak, eta ICE Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrak sarekadak egiten ari dira papergabeak atxilotzeko. «Oso beldurtuta gaude. Nire egunerokoa aldatu behar izan dut». Duela sei urtetik Kalifornian bizi den Filipinetako 25 urteko emakumezko bat mintzo da, eta, artikulu honetan beren bizipenak Whatsapp bidez kontatu dituzten gainontzeko papergabeek bezala, ez du izen-abizenik eman nahi izan, ezta Kalifornian zehazki non bizi den jakinarazi ere, «segurtasunagatik». 2022ko datu ofizialen arabera, 11 milioi papergabe daude AEBetan, eta horien %77k bost urte baino gehiago daramatzate han. Filipinetako beste emakume batek ere (28 urte), adibidez, sei urte daramatza Kalifornian. «Hau ez da justua. Geure egoera legeztatzea da irtenbidea».
Horri ñabardura bat egin dio AEBetan hamabost urte daramatzan gizon mexikar batek (57 urte): «Irtenbidea litzateke aukera bat ematea hemen urteak daramatzatenei, lanean aritu direnei, aurrekari penalik ez dutenei...». Elkarrizketatutako immigranteek lan egiten dute ostalaritzan, mantenu lanetan eta eraikuntzan, esate baterako. Beren «egoera legeztatzeko» beste bide bat, 28 urteko filipinarraren esanetan, bikotekide estatubatuarrarekin ezkontzea da: «Ezkontzea eskaini dit, baina ez daramagu denbora asko elkarrekin, eta prozesu deserosoa da. Ez da irtenbide bat, baina, agian, hori egingo dut...».
Sei milioi papergabek dute behin-behineko bizileku baimena AEBetan. 22 urteko gizon mexikar batentzat, Trump «alferrik» ari da, jendeak «desesperazioaren eraginez» jarraituko baitu AEBetara paperik gabe sartzen. «Hesia zeharkatu nuen, eta ez ninduten harrapatu...». Bi urte daramatza mugaren beste aldean. «Alaba bat dut, baina ez dut ezagutzen. Hark behar duena lortzeko etorri nintzen hona».
«Irtenbidea litzateke aukera bat ematea hemen urteak daramatzatenei, lanean aritu direnei, aurrekari penalik ez dutenei...»
PAPERGABE MEXIKARRA
Kontatu duenez, lankide batek «erdi txantxetan» esan zuen papergabeek, ezagutu ez ditzaten, «poliziak despistatzeko», ileorde batekin ibili beharko zutela kalean. 22 urteko mexikarrak aitortu du egun batean ileorde batekin joan zela lanera. «Neurri batzuk hartu ditut: saiatzen naiz kalera gutxiago ateratzen, erosketak gauez egiten...». Halere, iruditzen zaio «komunitate txikietan» arriskua ez dela hain handia. Horren harira, 57 urteko mexikarrak azaldu du bere aberkide batzuek estatuz aldatu behar izaten dutela lan egiteko, Nevada estatuko hiri handienetako batera joan beharra daukatela, Renora —bizilekutik 60 kilometro ingurura—, baina, «beldurrez», ez direla ari joaten, eta, horrenbestez, lanordu asko ari direla galtzen. «Komunitatetik kanpo lana eskaintzen badidate, hasi naiz eskaintza horiei uko egiten; horrela nabil ni ere».
Izan ere, ICEko agenteak sarekadak egiten ari dira. Estatuaren agentzia horretako zuzendari Caleb Vitellok mezu bat idatzi zuen urtarril amaieran sare sozialetan, eta nabarmendu ahaleginduko zirela egunero 1.200-1.400 papergabe atxilotzen. Baina, orain arte, egun bakarreko marka 1.200ekoa da, eta batez bestekoa, 800 ingurukoa. Trumpen eta ICEren inguruko iturriak aipatuz, NBC telebistak joan den asteburuan jakinarazi zuen Etxe Zuriko burua haserre dagoela atxilotze kopuruarekin, iruditzen baitzaio gehiago izan beharko luketela. Urtebetean milioi bat izateko, esaterako, egunero 2.700 atxilotu beharko lituzkete, gutxienez.
«Ezkontzea eskaini dit [bikotekideak], baina ez daramagu denbora asko elkarrekin, eta prozesu deserosoa da»
PAPERGABE FILIPINARRA
Duela zortzi urte Etxe Zurira aurrenekoz heldu zenean, Trumpek iragarri zuen harresi bat egingo zuela Mexikoren eta AEBen arteko mugan —3.200 kilometro inguru—; azkenean, ordea, zati batzuetan baino ez zuten jarraitu harresi bat altxatzen. Eta deportazioak ere agindu zituen. Konparazio batera: Barack Obama presidente zenean, nahiz eta ez zuen diskurtso hori, 409.000 papergabe deportatu zituen 2012an, eta Trumpek 267.000 2019an, gehien kanporatu zituzten urtean.
«Orduan [2017an], New Yorken bizi nintzen, eta ez dut oroitzen tentuz ibili behar izan nuenik», azaldu du 30 urteko indiar batek. Hamar urte daramatza AEBetan, eta Kalifornian bizi da orain, bikotekide errumaniarrarekin batera; hura ere, papergabea (23 urte). Atzera begira jarri da 57 urteko mexikarra: «Duela zortzi urteko egoerarekin alderatuta, Trump nahi duena egiteko moduan da. 2017an, jendeak ez zuen beldurrik». Botere exekutiboa du Etxe Zuriko maizterrak, eta botere legegilea ere badu Kongresuan, errepublikanoek gehiengoa dutelako bi ganberetan; gainera, Auzitegi Gorenak gehiengo kontserbadorea du, eta gobernadore errepublikanoak gero eta lerratuago daude Trumpekin.
Baimena berritu ezinik
Hainbat bisa molde daude AEBetan legeak baimenduta bizitzeko edo lan egiteko, eta artikulu honetan elkarrizketatuetako hiru J1arekin iritsi ziren herrialdera; hau da, bisitarien trukeari bide ematen dionarekin. 25 urteko filipinarrak 10.000-12.000 dolar —9.600-11.500 euro— ordaindu zituen horretarako, eta, esan duenez, saiatu zen baimen hori berritzen; erantzunik ez zuen jaso, eta AEBetan geratzea erabaki zuen. Laster da Filipinetara itzultzekoa, ordea: apirilaren 28an dauka hegaldia. «Komunitatea oso beldurtuta dago».
«Neurri batzuk hartu ditut: saiatzen naiz kalera gutxiago ateratzen, erosketak gauez egiten...»
PAPERGABE MEXIKARRA
Ikusten ari dira, gainera, zer tratu ematen dieten atxilotzen eta deportatzen dituztenei. «Terroristak izango balira bezala tratatzen dituzte. Ados, egon zaitezke baimendutakoa baino denbora gehiagoz, baina horrek ez die eskubidea ematen oinak eta eskuak lotzeko. Irudiak oso desatseginak dira», kexatu da indiarra. Azken asteetan, hainbat hedabidek jaso dituzte beren jatorrizko herrialdeetara deportatu dituztenen lekukotzak, eta horietako batzuek kontatu dute, esaterako, hegaldi osoan zehar behartu zituztela burua belaunen artean edukitzera, eta ez zietela komunera joaten ere utzi.
«Egon zaitezke baimendutakoa baino denbora gehiagoz, baina horrek ez die eskubidea ematen oinak eta eskuak lotzeko»
PAPERGABE INDIARRA
Papergabeak kriminalizatu ditu Trumpek, baina, datu ofizialek diotenez, 11 milioi horietatik 425.000 pertsona daude sailkatuta delitugile gisa; alegia, papergabeen %4. Eta iaz, adibidez, akusazioen %22 trafikoko arau hausteengatik izan ziren. Aintzat hartu behar da, horrekin guztiarekin lotuta, iaz deportatu zituztenen artean %67k ez zutela aurrekari penalik.

Indiarrak eta errumaniarrak ez diote gisa horretako egoera bati aurre egin nahi: «Luze gabe alde egitea pentsatzen ari gara. Mexikora oinez iristea dugu buruan, eta, horretarako, hango pertsona batzuekin hitz egiten ari gara», esan du errumaniarrak. Uste dute era horretan jokatuta ez dela «hain arriskutsua» izango muga zeharkatzea. Hori bai, Trumpek muga zergekin egindako mehatxuari iskin egiteko, Mexikok 10.000 militar bidali ditu mugara.
«Luze gabe alde egitea pentsatzen ari gara. Mexikora oinez iristea dugu buruan, eta, horretarako, hango pertsona batzuekin hitz egiten ari gara»
PAPERGABE ERRUMANIARRA
Eta beste aldagai bat da zer gerta litekeen papergabeen seme-alabekin, nola geratuko liratekeen beren gurasoak atxilotuko eta deportatuko balituzte. Errumaniarrak eta indiarrak ez dute seme-alabarik, baina bai txakur bat. «Kezkatuta gaude. Ez dakigu zer gertatuko litzaiokeen atxilotuko bagintuzte». Errumaniarrak ezin du ulertu Trumpek bultzatutako «deshumanizazioa».