Hasteko, bide judizialetik

Hiru auzitegik erabakiko dute, datorren astean, Erresuma Batuko Parlamentuaren itxiera blokeatuko ote duten. Lehen ministroaren iritziz, bere erabakia 'brexit'-a gauzatzeko «bide bat» da

Winston Churchillen estatuak ez du diputatuen berririk izango hilabetez, irailaren 9ko astetik hasita. F. ARRIZABALAGA / EFE.
ander perez zala
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Batek baino gehiagok galdera hau egin dio bere buruari: legezkoa al da Boris Johnsonek egin duena? Erresuma Batuko lehen ministroak erabaki du parlamentua hilabetez ixtea, diputatuek ahalik eta denbora gutxien izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. Edo, finean, denborarik izan ez dezaten. Oposizioa, bere osotasunean, itxieraren aurka agertu da: batzuentzat, mugimendu politiko hori «estatu kolpe bat» izan da; beste batzuentzat, «diktadura bateko» erabaki baten gisakoa, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi bezala. Salaketa horiek, ordea, ez dute ezkutatzen errealitatea: parlamentuaren itxiera legezkoa dela, eta, salbuespenak salbuespen, urtero egiten dutela Erresuma Batuan. Hortaz, arazoa eta eztabaida dira Johnsonek noizko agindu duen itxiera, eta zer helbururekin egin duen, bi hilabete falta baitira irteera datarako, urriaren 31rako.

Parlamentuaren itxiera urteroko protokoloa dela kontuan hartuta, hori egin den garaiak eta testuinguruak piztu du eztabaida, eta alderdi politikoak eta herritarrak itxiera blokeatzeko asmotan daude. Horren erakusle, datorren astekoa: hiru auzitegik erabakiko dute Johnsonen mugimendua legezkoa den eta hori blokeatuko ote duten. Alegia, parlamentuaren itxiera helburu politikoak betetzeko tresnatzat erabil daitekeen.

Lehen hitzordua Eskozian izango da, 75 diputatuk eskatuta. Hango Auzitegi Zibil Nagusiko epaile batek uko egin zion atzo Johnsonen erabakia blokeatzeari, baina jakinarazi zuen auzia «sakonean» aztertuko dutela datorren asteartean; hortaz, atzokoa behin-behineko erabakia izan zen, Lord Doherty epaileak azaldu zuenez: «Ez nago konbentzituta frogatua izan denik badaezpadako neurriak behar dituela. Auziaren edukiari buruzko saioa asteartera aurreratuko dut. Justiziaren interesen artean dago ahalik eta azkarren ebaztea».

Bigarren hitzordua, eta ziurrenik oihartzun handiena izango duena, datorren ostegunean izango dute, Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiaren Londresko egoitzan. Parlamentuaren itxiera blokeatzeko eskaria egin dutenen artean daude, besteak beste, Alderdi Laborista, Liberal-demokratak, John Major Erresuma Batuko lehen ministro ohia —torya— eta Gina Miller enpresaria. Miller ezaguna egin zen 2017an, lortu baitzuen parlamentuak izatea brexit-aren prozesua hasteari buruzko azken hitza, Auzitegi Nagusian izandako prozesu bati esker; hortaz, aurten ere bide judizialera jotzeko erabakia hartu du.

Hirugarren eta azken hitzordua datorren ostiralerako finkatu dute, Ipar Irlandan. Belfasteko Auzitegi Nagusian, giza eskubideen aldeko ekintzaile batek bere argudioak emango ditu Johnsonen mugimendu politikoa blokeatze aldera.

Dena den, bi aldeek helegiteak jartzeko asmoa dute kasua galtzen badute, eta, hortaz, eztabaida Auzitegi Gorenera joango da, azken orduko ezustekorik ezean. Eta, ebazpena edozein dela ere, bide judizial horiek historikoak bilakatu dira, lehen aldia baita parlamentua ixteko erabakiari aurre egin diotela auzitegietan; ez soilik lehen ministroari, Erresuma Batuko erreginari ere bai, Johnsonek haren baimena behar baitzuen itxiera agintzeko.

Bost astez itxiko dituzte Komunen Ganbera eta Lorden Ganbera: irailaren 9ko astetik urriaren 14ra. Beraz, diputatuek hiru aste besterik ez dute izango itunik gabeko irteera eragozteko.

Beste ganbera bat

Lehen ministroaren blokeoak bere horretan jarraituko balu, Komunen Ganberako 50 bat diputatuk «parlamentu alternatibo bat» osatzeko asmoa jakinarazi zuten atzo, The Guardian egunkariari bidalitako eskutitz batean: «Ezin dugu onartu gobernu honek azterketa saihestea krisi nazional baten garaian. 2016an [Europako Batasunetik] irtetea bozkatu zutenei negoziaturiko akordio bat hitzeman zieten».

Hala ere, Johnsonek aurrera jarraitzeko asmoa du, parlamentuaren itxiera brexit-a gauzatzeko «bide bat» delako. Diputatuei ohartarazpen bat egin zien atzo: «Itunik gabeko irteera blokeatzen saiatuta, irteera horrek aukera gehiago izango ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.