Hasiera berria

Estatua berregin eta tuaregekin autonomia estatutu bat negoziatu behar duen Maliko presidentea aukeratu behar dute gaurBozak bizkor egiteko presio egin du Parisek, Maliren gaineko ardura NBEren esku uzteko

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Herrialdearen iparraldearen zatiketaren, estatu kolpe baten eta nazioarteko esku hartze militar baten ondoren, Maliko herritarrek gaur aukera dute egoera normaltzeko urrats bat egiteko. Lehendakaria hautatzeko bozen lehen itzulian botoa ematera deituta daude ia zazpi milioi herritar. Estatua berregitea eta iparraldeko tuaregen autogobernu gogoarekin uztartzea izango da presidente berriaren erronka nagusia, baina baita ekonomia bultzatzea ere, munduko herrialde pobreenetariko bat baita Mali: giza garapenen sailkapenean 187 estatuetatik 182.a da.

Guztira 27 lehendakarigai aurkeztu dira, baina inkestei erreparatuz gero, horietatik lauk soilik dute abuztuaren 11ko bigarren itzulian lehiatzeko benetako aukera. Denek agindu dute Maliren batasuna bermatuko dutela eta instituzioak sendotuko dituztela.

Kanpaina baketsua izan da, oro har, baina iparraldean istiluak izan dira: Kidal hirian lau lagun hil ziren tuaregen eta songhaibeltzen arteko borroketan, eta handik gertu hauteskundeak prestatzen ari ziren sei lagun bahitu zituzten. Kidal da, hain zuzen ere, hauteskundeetatik aterako den gobernuak gertutik jarraitu beharko dituen puntuetako bat. Iparraldeko basamortuko hiri horretan tuaregak dira nagusi, eta MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalaren esku izan da orain gutxira arte.

2012ko apirilean, Azawaden (Mali iparraldeko zatia) independentzia aldarrikatu zuen MNLAk, orduan aliatu zituen talde islamisten laguntzarekin Maliko soldaduak bere lurraldetik bota zituenean. Independentisten eta islamisten arteko aliantzak gutxi iraun zuen, eta ekainean Azawaden kontrola hartu zuten islamistek. Beren boterea hegoaldera hedatu nahi izan zuten gero, Maliko gobernu zentrala guztiz ahulduta zegoela baliatuta. Martxoan estatu kolpe bat eman zuten militarrek, tuaregen aurka ezer egiten ez zuelakoan. Baina militarrak ere indarge zeuden, eta botere kolonial ohiari eskatu zioten laguntza, Frantziari. Soldadu frantsesek, Maliren auzoen babesarekin, aste gutxiren buruan garaitu zituzten islamistak.

MNLAk Kidal berreskuratu zuen, eta akordio bat egin zuen Parisekin: independentziari uko egingo zion, Maliren barruan autonomia lortzearen truke. Gobernu berriak estatus berri hori negoziatu beharko du irailetik aurrera. Ekainean, Maliko Gobernuak eta MNLAk su-etena lortu zuten, eta armadari sartzen utzi zioten. Soldaduak, baina, ez dira kuarteletik askorik ateratzen, borrokak saiheste aldera.

Botopaperik gabeko asko

Arazo tekniko handien artean egingo dira hauteskundeak, eta «perfektuak» ez direla izango onartu du Dioncounda Traore behin-behineko presidenteak:milaka hauteslek ez dituzte jaso botoa emateko eskubidea ematen dieten agiriak —batez ere iparraldean—, milioi erdi errefuxiatu daude, eta horietatik milaka batzuk soilik dituzte boto agiriak. Gainera, bozkalekuen aurkako ekintzak iragarri dituzte islamistek. Nazio Batuen Minusma misioko 6.300 soldaduak eta Frantziaren 3.200 militarrak arduratuko dira segurtasunaz.

Bozak atzeratzeko eskatu dute askok, baina Frantziaren presioek hala egitea eragotzi dute. Parisek gainetik kendu nahi du Mali babesteko ardura, eta NBEri eman. Bamakon legezko gobernu bat dagoela egin nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.