Hasi du «atzera kontua»

Kataluniako Parlamentuak onartu egin du 2017an betebeharreko erreferenduma egitea. 2017ko irailean egingo litzateke «beranduenez», Madrilekin adostu ala ez. Junts pel Sik eta CUPek babestu dute ebazpena, eta CSQP abstenitu egin da

Carme Forcadell, Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras, atzo, Kataluniako Parlamentuan, Politika Orokorreko debatearen ostean. ANDREU DALMAU / EFE.
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuak atea ireki dio alde bakarreko erreferendumari. «[Madrilekin] Adostutako bidea ez da existitzen»,aurpegiratu zion Anna Gabriel CUPeko diputatuak Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari joan den astean, CUPek babesa agertu zionean presidenteak berak deitutako konfiantza mozioan. Atzo idatziz aurkeztu zuten elkarrekin proposamena Junts Pel Sik eta CUPek, eta parlamentuak argi berdea eman dio 2017an independentzia erreferenduma egiteari. «Beranduenez» datorren urteko irailean egingo litzateke, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu ala ez, eta betebeharrekoa izango litzateke. Galderarik ez dute zehaztu, baina iragarri dute «bakarra eta argia» izango dela, eta erantzun posible bi izango dituela.

2017ko iraila ez da adostutako agendan ageri den data bakarra, irailetik haratago gertatu daitekeena ere aurreikusi baitute. Hala, apustu independentistak «bozen %50 baino gehiago» erdietsiz gero, Puigdemontek «hauteskunde eratzaileetara» deituko luke galdeketa egin eta sei hilabetera. Hau da, beranduenez, 2018ko martxo amaieran. «Gaur hasten da atzera kontua erabakitzeko eskubidea martxan jartzeko», txalotu du Albert Botran CUPeko diputatuak.

Erreferendumari dagokion ebazpen proposamenaz gain, onartu egin dute aholku eta jarraipen batzorde bana sortzea Kataluniako «prozesu eratzailea» hauspotzeko.Adostutako egutegiaren arabera, jarraipen batzordea parlamentuak eratuko luke «hilabeteko epean», prozesuaren hainbat fase babestu eta programa, egutegia eta aurrekontuak definitu eta martxan jartzeko. Aholku batzordea, aldiz, datozen bi hilabeteetan osatu beharko dute eta herrialdeko eta nazioarteko aditu akademikoek osatuko dute.

Nazioartean aitortua

JPSik eta CUPek parlamentura eramandako proposamenak beren 72 ordezkarien babesa jaso du —62 eta 10 diputatu, hurrenez hurren—. Ikusmina zegoen jakiteko Podem, ICV eta EUiAK osatzen duten koalizioak zer jarrera hartuko zuen bozketan. Ez zen arratsaldeko saiora arte itxaron beharrik izan jakiteko, koalizioko iturriek eguerdian baieztatu baitzuten CSQPren abstentzioa. Ez zuten aurka bozkatu. «Keinu bat da, gobernuak mugimenduak egin baititu azken egunotan estatuarekin adosteko erreferenduma, eta erreferendumaren aldeko gehiengo soziala zabaltzea defenditu duelako, Catalunya Si que Es Potek beti defendatu duen bezala», azaldu zuten iturriek. Alde bakarreko balizko galdeketaren aurka lerrotuta, CSQPk bere ebazpen proposamena aurkeztu du, erreferenduma «berme guztiekin» egiteko. «Europako Batasunaren eta nazioarteko komunitatearen aitortza aurkitu behar da, herritarrek hautetsontzietan esaten dutenak eragin politikoak eta juridikoak izan ditzan», eskatu du CSQPk. JPSiren babesarekin onartu du parlamentuak. CUP abstenitu egin da.

Ciudadanosek, PSCk eta PPCk uko egin diote prozesu eratzaileari lotutako ebazpen proposamenak bozkatzeari, «auzitegiek bertan behera utzitako ebazpenetan dutelako jatorria». Eskuak aurrean jarri dituzte protesta gisa. Gabrielek hitza eskatu dio parlamentuko presidente Carma Forcadelli: «Legitimitatea ganbara honetan dago. Guk bai bozkatuko ditugula zuen ebazpenak, nahiz eta kontra egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.