Hasi da Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik Le Peni egingo dioten epaiketa

Europako Parlamentuak laguntzaileak kontratatzeko emandako 6,8 milioi euro alderdiaren langileen soldatak ordaintzeko desbideratu izana leporatzen diote RNri. Hamar urteko inhabilitazioa ezarri ahal diote Le Peni.

Marine Le Pen, gaur, haren aurkako epaiketa hasi aurretik, Parisen. JULIEN MATTIA / EFE
Marine Le Pen, gaur, haren aurkako epaiketa hasi aurretik, Parisen. JULIEN MATTIA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 30a
16:10
Entzun

RN Batasun Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiko buruzagi Marine Le Penen aurkako epaiketa hasi da gaur, Parisen. Hari, alderdiko beste 25 kideri eta RN alderdiari berari ere —Fronte Nazionala zen 2018ra arte—, 2004tik 2016ra Europako Parlamentuko funtsak desbideratu izana leporatzen diote. Akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten parlamentuak eurodiputatuei laguntzaileak kontratatzeko dirua, eta, horrela, RNk milioika euro aurreztu zituen; Europako Parlamentuaren arabera, 6,8 milioi euro.

Le Peni leporatu diotenez, haren kabineteburu Catherine Griseti soldata ordaintzeko erabili zuen, esaterako, Europako Parlamentuak emandako diru hori. Akusazioak dioenez, Grisetek 2014ko urritik 2015eko abuztura hamabi ordu inguru igaro zituen Europako Parlamentuan; alderdiaren egoitzan, berriz, hilean 15-22 egun inguru egiten zuen lan.

Egotzitakoa baieztatuz gero, hamar urteko espetxealdia, milioi bat euroko isuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri ahal dizkiote; Fiskaltzak zigor hori eskatu du, behintzat. Le Penek, ordea, jazarpen judiziala jasaten ari dela esan du behin baino gehiagotan. Are gehiago, gaur auzitegira sartu aurretik kazetariei esan dienez, «askatasun parlamentarioa» ari dira epaitzen. «Ez dut arau politikorik hautsi», gaineratu du. RNko buruzagiaren arabera, bera herrialdeko presidente izatea eragotzi nahi du Frantziako justiziak. Le Pen 2027an lehiatuko da berriz presidentetzarako bozetan. Kondenatu eta inhabilitatuko balute, ezingo litzateke aurkeztu bozetara.

2015ean hasi zen ikerketa: orduko Europako Parlamentuko presidente Martin Schulzek RNko diputatuen jokabideak salatu zituen. Salaketa horri esker abiatu zituzten ikerketak Frantzian eta Europan —OLAF Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak ere abian du ikerketa bat RNren eta haren eurodiputatuen aurka—. Parisko auzitegi batean hasi da Frantziako prozesua, OLAFek otsailean 98 orrialdeko txostena aurkeztu ostean, eta, ezustekorik ezean, zazpi aste barru bukatuko da, azaro bukaeran.

12

Auzipetutako eurodiputatu ohiak. Marine Le Peni ez ezik, Fronte Nazionaleko —egun, RN Batasun Nazionala— Europako Parlamentuko beste 11 diputatu ohiri leporatzen diete funtsak bidegabe erabili izana alderdiaren alde. Haien artean daude Perpinyako (Herrialde Katalanak) alkate Louis Aliot eta RNko buruzagitzan egondako Bruno Gollnisch.

2018an bihurtu zen Fronte Nazionala RN. Fiskaltzak dio egoerak 2014an egin zuela okerrera. Urte hartan, Fronte Nazionalak eskuratu zuen boto gehien Frantzian Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta 24 eurodiputatu lortu zituen. Bruselak 23.000 euro ordaintzen zien hilean diputatu horiei —Le Peni, besteak beste— laguntzaileei ordaintzeko. Salatu dutenez, kontratatzen zituzten laguntzaileek ez zuten eurodiputatuentzat lan egiten; edo ez, behintzat, denbora osoz. Alderdiko langileak ziren praktikan.

Akusatutako denak ez dira epaiketan egon. Jean-Marie Le Pen Fronte Nazionalaren sortzaile eta Marine Le Penen aita ez da bertaratu, «osasun arrazoiak» direla eta. 96 urteko politikari ultraeskuindarra izan zen funtsak desbideratzearen aferaren sortzaileetako bat, leporatu diotenez. Akusazioak adierazi du legez kontrako ordainketa sistema hori erabili zutela zailtasun ekonomikoei aurre egiteko.

Kasu gehiago

Alderdi batek Europako Parlamentuko funtsak bidegabe erabili izana ikertu behar izatea ez da berria Frantziako auzitegientzat. Izan ere, RNko kideei leporatzen dieten antzeko jokamoldeak izateagatik kondenatu zituzten MoDem Mugimendu Demokratako bost eurodiputatu. Orduan, halere, desbideratutako diru kopuru txikiagoa zen: 293.000 euro. Hori zela eta, ez zituzten sartu espetxean. Are gehiago, Frantziako justiziak beste alderdi bat du ikerketapean antzeko afera bategatik: Frantzia Intsumisoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.