Kolonbia. Bake prozesua

Hasi da garai berri bat

FARCeko gerrillariak armak entregatzen hasiko dira urtarrilean. Amnistia Legea onartuta, desmobilizaziorako hogei eremuak prestatzen ari dira azken egunotan

FARCeko gerrillari talde bat, abenduaren 24an, formazioan, Caucan. Hilabete honetan ekingo diote gerrillariek armak entregatzeari. CHRISTIAN ESCOBAR MORA/ EFE.
Bogota
2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Kolonbiako oihanetan 50 urte baino gehiago borroka armatuan aritu eta gero, FARCek beste garai bati ekin dio urte berriarekin batera. Fusilen ordez, aurrerantzean eskuetan loreak eraman nahi dituztela kantatu dute egunotan gerrillariek. Aurki ekingo diote desmobilizazioari eta bizitza zibilerako bideari. Gerrillako 7.000 kideek eta armarik gabeko beste hainbeste milizianok kanpalekuetatik alde egin beharko dute datozen egunotan, eta urtarrilean hogei eremutan elkartuko dira —adingabekoentzako beste sei eratuko dira—. Han, armadak, gerrillak berak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egiaztatu eta kontrolatuko dute prozesua, hiruko mekanismo batean bildurik. Ekainerako bukatua eduki behar lukete desarmatzea.

Pauso funtsezko hori ezinbestekoa izango da oztopoz beteta egon den bake prozesu horrek aurrera egin dezan. Bake akordio berria azaroaren 24an sinatu zuten, urriaren 2ko plebiszituan ezezkoa nagusitu ondoren, ezustean nagusitu ere. Horren ondoren, beharrezkoa izan da Auzitegi Konstituzionalak baiezkoa ematea fast-track izeneko lege mekanismoari: botere ezohikoak ematen dizkio Juan Manuel Santos presidenteari, legeak bizkorrago ezartzeko.

Horri esker onartu dute Amnistia Legea. FARCek behin baino gehiagotan esana zuen ezen, desmobilizatu eta armak entregatu aurretik, onartu beharra zegoela Amnistia eta Indultu Legea.

Kongresuak eta Senatuak aurreko astean egin zuten urrats hori. Gehiengoak babesa eman zion testu berriari, baina Alvaro Uriberen Zentro Demokratikoa alderdi kontserbadorea abstenitu egin zen, bozketa «ilegala» zelakoan.

Azken tramite horrek agerian utzi du, ostera ere, Kolonbia zatiturik dagoela eta bi bloke etsai daudela: batetik, gobernuaren ingurukoa, eta, bestetik, oposizioa, uribismoak gidatua. Oposizioak, gainera, ezin negoziatuzko gai batzuk defendatzen ditu oraindik ere, azken testuan jaso ez direnak; esaterako, eskatzen ari da gerrillaren buruek kartzela zigorrak bete ditzatela politikan hasi baino lehen, eta bereiz dezatela droga trafikoa errebolta delitutik.

Bakearen erronkak

Gobernuaren arabera, urtarrilaren amaierarako jakingo da zenbat gerrillariri ezarriko zaien Amnistia Legea. Bakearen erronketako bat bizitza zibilerako prozesua ondo egitea izango da, eta, gerrillarien portaera, gerrillak berak aitortua baitu badituztela bost lider disidente, bereziki narkotrafikoaren toki estrategikoetan. Beste zailtasuna paramilitarismoaren itzala da. Zenbait analistaren kalkuluen arabera, amaitu berri den urtean 98 gizarte lider hil dituzte Kolonbian; beste urte batzuetan baino askoz gehiago. Nazioarteko organismo batzuek aditzera eman dute %600 gehitu direla halakoak, aurreko urteen aldean. Barne Ministerioak ez du onartzen krimen horiek guztiek nolabaiteko lotura bat dutela, baina giza eskubideen aldeko elkarteek salatu dute bakearen kontrako talde ultraeskuindarrek erabiltzen dutela bortizkeria hori, jazarpena eta estortsioa barne. Eta, gehienetan, zigortu gabe geratzen direla.

FARC kezkaturik dago gero eta eraso gehiago dagoelako aldi baterako normalizazio eremuetan eta bizitza zibilera itzultzeko antolaturiko kanpalekuetan. Kolonbiak ondo gogoan du indar paramilitarrek nola garbitu zituzten, modu sistematikoan, Union Patrioticako 3.000 kide baino gehiago 80ko urteen bukaeran eta 90ekoetan —ezkerreko alderdi bat da Union Patriotica, gerrillen desarmatze prozesu batzuen ondoren sortua—.

Ariel Avila Bake eta Adiskidetze Fundazioaren zuzendariordeak bat egiten du kezka horrekin. BERRIAri esan dioenez, erronketako bat izango da estatua gai izatea armak politikatik apartatzeko. Kolonbiako gizartearen beste beldurretako bat aipatu du Avilak: «FARCek alde egin duen eremuetan, legez kanpoko talde armatuak hasiak dira eskualdeak banatzen; horretan dabil, besteak beste, Usuga klan indartsua. Santosek berak aitortu du 3.500 lagun dabiltzala talde horietan».

Hauteskundeei begira

Epe luzeago batean badago beste erronka bat. Jakineko sekretu bat zen, eta, honetara ezkero, inor ez dabil ezkutatu nahian: bake prozesua erabakigarria izango da 2018an presidentetzarako izango diren bozetan. Juan Manuel Santosen gobernuak direnak eta ez direnak egin ditu FARCekin agenda arintzeko, hautagaien eztabaida politikoek eraginik izan ez dezaten lege berrietan. Avilak horretaz ohartarazi du. «Kongresuak honda edo geldiaraz ditzake hitzarturiko gai batzuk. Botere kargu batzuetan badago elite bat nahi ez duena, inondik ere, ez lurraren banaketa bidezkorik, ez halako beste erreformarik».

Voces de Paz mugimendu politiko sortu berria giltzarri izango da prozesuak aurrera egin dezan. Sei bozeramaile ditu bi ganbera bakoitzean, baina, ahotsa izan arren, ez dute botorik izango. Kideak mundu akademikokoak eta ezkerreko elkarteetakoak dira, batez ere Unibertsitate Nazionalekoak, eta mugimendu horretako jendea ari zaie FARCekoei bidea zelaitzen beren talde politiko legezkoa osa dezaten, gerrillariek desmobilizazioa eta desarmatzea bukatu eta gero. Hori guztia 2017ko ekaina baino lehen egin beharrekoa da, presidentetzarako hauteskunde kanpaina hasi aurretik.

Kolonbiaren hutsune historiko bat betetzea izango dute erronka nagusia: ezkerra aginte postuetara eramatea. Imelda Daza Union Patrioticako kide historiko eta Voces de Paz mugimenduko kideak azaldu du non dagoen etorkizuna: «Gure ahotsa bake hitzarmenaren ahotsa izango da. Eta gure helburua, gazteek desio duten herrialde berri hori eratzea. Gazteak, nekazariak, indigenak, afroak, intelektualak, LGTBI komunitatea, erdiko klasea, enpresaburuak eta bakearekin konprometituriko edozein herritar».

FARCek segurtatu du babesa emango diola bake ituna ezartzea bermatzen duen edozein alderdiri. Beste aldean, baina, eratzen hasia da oposizio bloke handi bat, ezezkoaren indarrak bildurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.