Gaur hasi da COP29 goi bilera, Bakun (Azerbaijan). Bertan, azaroaren 22ra arte, klima larrialdiaren inguruan eztabaidatuko dute munduko hainbat herrialdetako agintari politikoek. Helburu nagusietako bat izango da klima larrialdiari aurre egiteko finantzaketa handiagoa izatea lortzea.
Gaur egin dute ekinaldiaren inaugurazioa, eta Mukhtar Babayev COP29ko presidenteak hartu du hitza, ezkor: «Planetaren hondamendirako bidean goaz». Nabarmendu duenez, klima larrialdia ez da etorkizuneko arazo bat, gaur egungoa baizik. Haren irudiko, badago hori esateko frogarik: Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeak nahiz Australiako suteak aipatu ditu, esaterako. Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jo du finantzaketa handiagoa.
Babayevek ondoan izan ditu Ahmed Al-Jaber COP28ko presidentea eta Simon Stiell NBE Nazio Batzuen Erakundeak klima aldaketarako daukan idazkari exekutiboa. Hirurek nabarmendu dute diru gehiago jartzeko beharra dagoela, eta herrialdeei tresna gehiago eman behar zaizkiela, isurketak murrizteko eta azkenaldian gero eta ugariagoak diren hondamendietara egokitzeko. Elkarlanerako deia egin dute, akordioak lortzekoa. Hala esan du Babayevek: «Orain da garaia; ez da erraza izango, baina goi bilera hau aukera bat izango da garapenerako; puntu bat eraiki dezakegu, baina denek gurutzatu behar dute». Halaber, bilkura «inklusiboa eta gardena» izatearen garrantzia aipatu du bereziki.
Hitzez harago, zenbaki zehatzak ere eman dituzte arduradunek. Babayeven esanetan, arazoari balaztarik jarri ezean, planeta hiru gradu berotuko da; hori milioika pertsonarentzat «egoera katastrofikoa» izango litzateke. Gradu eta erdian jarri du muga Stiellek: «Ezin diogu ihes egiten utzi 1,5 gradu igotzearen helburuari. Tenperaturak igo arren, gure akordioek jaitsarazi egin behar dituzte».
COP28ari begira
Aurrera ez ezik, atzera ere begiratu dute arduradunek. 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean egin zuten azken batzarra, COP28, Dubain. Bertan, hainbat eztabaida izan zituzten, batez ere, erregai fosilen erabilerarekin lotutakoak. Azkenean, ez zuten adostu «erregai fosiletatik irtetea». Hau jaso zuten: «Erregai fosiletatik kanpo trantsizio bat egitea sistema energetikoetan, modu justu, berdinzale eta orekatuan».
Biltzar hartako presidente izan zenak ere hitz egin du. Bilkura hari esker deskarbonizaziorako bidean lortutakoa goretsi du. Baina uste du ekinean jarraitzeko garaia dela, hitzez ez, baizik eta ekintzen bidez jardutekoa: «Zer egiten dugun, huraxe gara, ez zer esaten dugun». Finantzaketa handiagoa izatea nahi du berak ere, herrialdeentzat errazagoa izan dadin hura lortzea. Eta, egungo gatazka giroan, herrialdeei «batasuna» galdegin die: «Bake gehiago behar dugu, eta probokazio eta polarizazio gutxiago».