Haserrea COP28 goi bileran, erregai fosilak baztertzeko konpromisoa akordio zirriborrotik kentzeagatik

Goi bilerako presidentetza beste proposamen bat ontzen ari da, negoziaziorako epea luzatuta, adostasun bat lortze aldera. Herrialde pobreenek bitartekoak jartzeko eskatu diete estatu aberatsei.

UAE CLIMATE CHANGE CONFERENCE COP28
Erregai fosilen erabileraren kontrako protesta bat gaur, Dubain, COP28ko negoziazioetarako bulegoen kanpoaldean. MARTIN DIVISEK/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abenduaren 12a
17:20
Entzun

Nekea eta urduritasuna pilatzen ari dira COP28 goi bileran, akordio bat lortzeko zailtasunen ondorioz. Negoziazioetarako epemuga luzatzea erabaki dute Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bileran. Gaurko 11:00etarako zegoen ezarria muga, baina COPeko presidentetzaren azken akordio zirriborroak ez ditu bete hainbat estaturen gutxienekoak. Ezta klima aldaketarekin kezkatuta dauden eragile ugarirenak ere. Haserrea eragin du, besteak beste, testuak ez aipatu izana erregai fosilak baztertzeko beharra —lehen zirriborroak jasotzen zuen puntua, akordiorako aukeren artean—. Orain, COPeko buruzagitza beste zirriborro bat ari da prestatzen, eta hura izango da ados jartzeko azken saiakeren oinarria.

Zatiketa agerikoa da goi bileran parte hartzen ari diren 198 estatutako ordezkaritzen artean. Batzuen iritziz, erregai fosilek ez dute tokirik Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko bidean; beste batzuek uste dute ezinezkoa izango dela energia eskariari erantzutea energia fosilen erabilera erabat baztertzen bada, eta horiek funtzio bat bete beharko dutela etorkizunean ere; bereziki, karbonoa xurgatzeko teknologiekin hornitutako ustiapenen kasuan. Argudio horien babesleak dira petrolio ekoizle handienak diren estatuak, Saudi Arabia buru dutela. Kontrara, erregai fosilak alboratzearen alde agertu dira EB Europako Batasuna, AEBak eta OACPS Afrikako, Karibeko eta Pazifikoko Estatuen Elkartea.

Azken zirriborroak erregai fosilen erabilera baztertzeko konpromisorik jaso ez badu ere, lehen aldia da halako proposamen batek espresuki aipatzen duela petrolio, gas eta ikatz energiaren kontsumoa eta ekoizpena «modu justuan eta ordenatuan» murrizteko beharra. Ikatzari dagokionez, haren erabilera «azkar» gutxitzera deitu du, eta ikatz planta berriak eraikitzeko baimenak mugatu behar direla zehaztu du.

Inoiz baino gehiago dira erregai fosilak baztertzeko eskatzen duten herrialdeak. 80 ziren iaz, COP27 goi bileran, eta 127 dira aurten

Aurreko urteetako akordioen aldean berritasunak badiren arren, erregai fosilak baztertzeko baldintza ezinbestekotzat duten estatuak inoiz baino gehiago dira. 80 ziren iaz, COP27 goi bileran, eta 127 dira aurten.

Dena den, aldeak handiak dira, bloke horren barruan, herrialde pobreenen eta aberatsenen artean. Pobreenek —berotegi gas gutxien isuri eta klima krisiaren ondorio latzenak jasaten dituztenek— ohartarazi baitute ez dela onargarria erregai fosilak baztertzeari buruz hitz egitea konpromisorik hartu gabe aldaketa horretarako behar diren baliabide ekonomikoen eta teknologikoen gainean.

Ardura historikoa

Arlo horretan urratsak egiteko exijitu diete estatu aberatsei, berotegi gasen isurketan duten ardura historikoagatik. Klimari aurre egiteko neurrien anbizioa politikak gauzatzeko bitartekoen araberakoa izango da ezinbestean, nabarmendu dutenez. Garabidean diren estatuetako ordezkariek salatu dute herrialde aberatsak zaila dutela 2030era arte agindu zuten baliabide ekarpena betetzea.

«Herrialde garatuek jokatu nahi dute guztiok berdinak bagina bezala, ardura historikoak eta ahalmen maila desberdinak aintzat hartu gabe», adierazi du Power Shift Africa elkarteko zuzendari Mohamed Adowek, X sare sozialean. «Ez da bidezkoa Kongok eta Kanadak energia fosilak maila berean murriztu behar izatea».

Klima krisiari buruzko goi bilera emankorra izan dadin, anbizioa eta baliabideak uztartzea da gakoa, Climate Action Network Internationaleko koordinatzaile Andreas Sieberren ustez. «Aukera dago egoera zuzentzeko, eta horren alde borrokatu behar dugu. [COPeko] Presidentetzari exijitu behar diogu ez dadila kutsatzaile handiekin lerrotu. Eta bereizi egin behar ditugu herrialdeak. Estatu aberats eta garatuek hartu behar dute lema. Elementu horiek behar ditugu testuan».

COP28ko presidentetza azken zirriborro bat ontzeko lanean ari den bitartean, gehitzen ari dira atzera egiteko eskatzen dioten ahotsak. Estatuen eta eragileen presioa handitzen ari da azken testuak erregai fosilak baztertzeko konpromisoa jaso dezan. Negoziazioetarako aretoen kanpoaldean, esaterako, protestak izaten ari dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.