Haserrea askatu du grebak

Aljeriako Gobernuaren austeritate neurrien aurka bost eguneko greba orokorra hasi dute Kabilian, eta liskarrak azkar hedatu dira. Erantzuna ia erabatekoa izan da Bejaian, hiriburu ekonomikoan

Haserrea askatu du grebak.
Adrian Garcia.
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Austeritatearen aurkako oihuek astindu dute Kabilia, Aljeriaren menpeko amazigen lurraldea. Aurreikuspen ezkorrekin amaitu du Aljerrek urtea, eta 2017ko lehen egunetan jasan du gobernuak greba orokorra: astelehenetik ostiral bitarteko bost eguneko grebara deitu dute, zergen igoera eta gizarte laguntzen murrizketen aurka egiteko. Kabilia izan ohi da ekinaldi askoren hasiera puntua, eta protestak herrialde osora zabaldu ez daitezen luze gabe erantzun du gobernuak. Bortitza izan da segurtasun indarren oldarraldia: Bejaia hirian gutxienez hamar pertsona zauritu dituzte, eta borroketan autobus bat eta Poliziaren furgoneta bat erre dituzte. Nahiz eta Aljerrek mugimendu independentistari egotzi ardura, oraingoz behintzat burujabetzaren aldeko aldarrikapenak ez dira gehiegi nahastu protesta sozialekin.

Orain bi aste egin zuten greban ez bezala, oraingoan liskarrak azkar hedatu dira Kabilian. «Bere onetik atera da dena». Soraya Sough MAK Kabiliako Autodeterminazio Mugimenduko bozeramailea da, eta Nazioarteko Amazig Kongresuko kidea da erbestean. Protesta batzuk izan dira Aljeriako beste hainbat txokotan, baina ez dute Kabiliako manifestazioen indarra hartu. Soughek arrazoi sinple batekin azaldu dio zergatia BERRIAri: «Hemen ordaintzen ditugu zerga handienak. Hemen ezartzen dizkigute lege gogorrenak. Gainezka egin du. Ez da greba soilik, urte askotako haserrea adierazteko modu bat da». Amazigak dira gehiengoa Kabilian, baina estatuak eskubide linguistikoak eta kulturalak ukatu dizkie urte luzez.

Erantzun zabala izan du greba orokorrak. Kabiliako hedabideen arabera, Bejaia hirian erabatekoa izan da. Herenegungo lehen ordutik ateak itxi dituzte merkatariek, eta ehunka manifestarik kaleak bete dituzte. Poliziak negar gasa erabili du manifestariak sakabanatzeko, eta istiluak izan dira. Beste herrietara ere hedatu dira protestak: inguruko Tamalt, Sidi Aich eta Akbu herrietan eta Kabiliako beste hiri handitan, hala nola Buiran, tentsio uneak izan dira. Buira, Aljer eta Bejaia hiriak lotzen dituen errepideak itxi dituzte manifestariek.

«Bejaia Kabiliako hiriburu ekonomikoa da, industria gune handi bat. Baina hiriak sortzen duen aberastasun guztia beste probintzia batera doa. Ulertzekoa da haserrea», esan du Soughek. Gainera, Aljeriako sistema politikoak ez du lagundu haserrealdia baretzen. «Estatuburuak pertsonalki aukeratzen ditu probintziako gobernadoreak, eta herritarrekiko oldarkorrenak izan ohi dira».

Gobernuaren plan ekonomikoek piztu dute kabildarren haserrea. 40 milioi biztanle inguru ditu Aljeriak, eta diru laguntzetan eta enplegu publikoan oinarritutako ekonomia sozialista du sustatzen du gobernuak. Baina ataka zailean dago Aljer, diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkiolako eta inflazioari aurre egin behar diolako. Petrolioaren esportazioan oinarritzen da Aljeriako ekonomia. Haatik, azken bi urteetan herrialdeak petrolioari eratorritako diru sarreren %70 galdu du—petrolio upela ehun dolar balio zituen orain bi urte, baina 50era jaitsi da—. Ekonomia dibertsifikatu beharra du herrialdeak, erregaiekiko mendekotasuna apaltzeko, baina orain arteapenas eman duen aurrerapausorik alor horretan.

Soughen ustetan, independentziaren aurkako argudioak jokoz kanpo utzi ditu krisi ekonomikoak. «Beti esan izan digute: 'Zertaz biziko gara independenteak bagara?'. Ikusi da petrolioa ez dela bizitza hobetzeko konponbidea. Estatua ustela da, eta ez du inoiz ezer egingo gure alde».

2017rako aurrekontua petrolio upelaren prezioaren arabera egin du Aljerrek, eta, lehengaien prezioen beherakada konpentsatzeko, bi neurri nagusi hartu ditu. Batetik, diru sarrerak igotzeko, zeharkako zergak igo ditu. BEZa bi puntu igo du—%7koa %9ra igo du, eta %17koa, berriz, %19ra—. Horrez gainera, erregaien, sendagaien eta argindarraren gaineko zergak igo ditu. Bestalde, gastuak murrizteko austeritate politikak hartu ditu, eta diru laguntzak murriztu. Familia askoren poltsikoari eragin diote neurriek.

Edonola ere, protestetan Kabiliako bandera gutxi ikusi dira orain arte. Gobernuak independentzia mugimenduei leporatu die liskarren atzean egotea, baina MAKek ukatu egin du zerikusia izana. «Baretzeko deia egin dugu guk, baina ez digute kasurik egin». Soughen arabera, estatuaren jokabideak baldintzatuko du protestak independentziaren aldeko aldarriarekin lotzea. «Gose da jendea, eta, agian, jateko zerbait jasotzen badu, lasaituko da. Kabildarra izate hutsagatik tirokatzen dutenean hartuko du kontzientzia».

Zalantza ugari

Alor politikoan asko dira Aljeriakargitu beharreko zalantzak. Armadak botere handia du politikan, eta Abdelaziz Buteflika presidentearen osasun arazoei buruzko misterioak ez du etenik. 1999. urtetik da Buteflikaestatuburu —Aljerian inork ez du horrenbeste denboran agindu—, baina 2011. urtetik aurrera areagotu egin dira haren osasunari buruzko zalantzak, lehendik ere ugariak. Izan ere, denbora gutxian bi iktus izan ditu, eta Frantziako prentsak hainbatetan argitaratu du herrialde horretan ospitaleratu behar izan dutela. Mas Ferhat Mehenni Kabiliako Behin-behineko Gobernuko presidenteak —Parisen dago erbesteratuta— erakunde subiranistei dei egin die «estatuaren suntsipenerako» prest egotera. «Kabilia anabasatik salbatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.