Harrisek estu hartu du Trump bi hautagaien arteko aurreneko debatean

Presidentetzarako hauteskundeei begirako eztabaida egin dute AEBetan. Harrisek iragarri du irabaztekotan abortua babestuko duen lege federal bat sustatuko duela.

Donald Trump eta Kamala Harris hautagaiak ABC News telebista katearen platoan, bart, Filadelfian (AEB). DEMETRIUS FREEMAN / EFE
Donald Trump eta Kamala Harris hautagaiak ABC News telebista katearen platoan, bart, Filadelfian (AEB). DEMETRIUS FREEMAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 11
12:30
Entzun

AEB Amerikako Estatu Batuetako azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetako aurreneko debatea egin dute bart. Oraingoz, ez dago aurreikusita Alderdi Demokrataren presidentegai Kamala Harrisek eta Alderdi Errepublikanoko Donald Trumpek beste aurrez aurrekorik egitea. Eztabaidan egungo presidenteordea gailendu da, Harris. Hautagai demokratak estu hartu du presidente ohia behin baino gehiagotan, Trump haserretzeraino. Buruzagi errepublikanoaren hainbat argudio gezurtatu egin behar izan dituzte ABC News telebista kateko aurkezleek. 

Elkarri eraso egiteko baliatu dute eztabaida presidente ohiak (2017-2021) eta Harrisek: batak besteari egotzi dio «demokraziarako arrisku bat» izatea, esaterako. Bi hautagaien arteko ezinikusiaren froga nabaria izan da eztabaidaren hasieran Trumpek uko egin diola Harris agurtzeari; hautagai demokratak aukera baliatu du estatuburu ohiarengana joan eta bere burua aurkezteko, Trump nabarmen utziz. Tentsioak, baina, gora egin du eztabaidak aurrera egin ahala. Harrisek «diktadore bat» bihurtu nahi izatea leporatu dio Trumpi, eta buruzagi militarrek «ezbehartzat» daukatela esan du. Errepublikanoak, berriz, «muturreko marxistatzat» jo du presidenteordea, eta AEBetarako plan zehatzik ez izatea aurpegiratu dio, ekonomiari dagokionez: «Haren eta Bidenen erruz, gure herrialdea gain behera doa».

Proposamen gutxietariko bat abortuari buruzkoa izan da. 2022ko ekainean, AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala eten zuen; eta, hortaz, gaur egun estatu bakoitzak erabakitzen du abortuaren inguruan. Hala, 50 estatuetatik 21etan atzera egin dute ugalketa eskubideei dagokienez. Harrisek, irabaziz gero, abortua babestuko duen lege federal bat sustatuko duela azaldu du —hau da, estatu guztietan eragina izango duena—. «Gobernuak, eta are gutxiago Donald Trumpek, ez du eskubiderik emakumeen gorputzaren inguruan erabakitzeko», adierazi du Harrisek.

Hautagai errepublikanoak, ostera, debatea gidatzeaz arduratu diren kazetarien esku hartzea eragin du behin baino gehiagotan, gezurrezko baieztapenak egin dituenean. Besteak beste, demokratek abortua «haurdunaldiaren bederatzigarren hilabetera arte» egiten uzten dutela eta jada jaiotako haurrak «exekutatzen» dituztela esan du presidente ohiak.

«Gobernuak, eta are gutxiago Donald Trumpek, ez du eskubiderik emakumeen gorputzaren inguruan erabakitzeko» 

KAMALA HARRISAlderdi Demokrataren presidentetzarako hautagaia

Jarrera ezberdina izan dute. Hautagai demokrata errepublikanoa baino lasaiago egon da debatean; are gehiago, Trumpek hitz egiten zuen bitartean sinesgaitz egin du barre zenbaitetan. Presidente ohiak, bestetik, probokaziora jo du. Hedabideek Alderdi Errepublikanoko iturriak aipatuta zabaldu dutenez, alderdian ez dute ongi hartu jarrera hori, antza Trump prestaturik baitzegoen Harrisek haren aurka eginiko erasoei bortizki ez erantzuteko.

Azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetan garrantzi berezia izaten ari dira hautagaien arteko debateak. Bereziki Trump eta egungo presidente Joe Bidenen artekoak. Izan ere, Biden zen hasieran Alderdi Demokrataren hautagaia, baina, haren adina eta presidente izateko egokitasunaren inguruko zalantzak —hainbat hanka sartze egin ditu azken urtean— zirela eta, karguan jarraitzeko lehia utzi eta lekukoa Harrisi ematea erabaki zuen. Hain justu, Trumpen aurka ekainean egindako debatean hauspotu ziren zalantza horiek.

Oraingoan, baina, Harrisek bere buruarengan segurtasuna duela erakutsi du hasieratik, eta, Trump saiatu den arren hari ez begiratzen, Harrisek presidente ohiarengana egin du so askotan. 

Migrazioa eta gezurrak

Haren hautagaitza ofizial egin aurretik ere egindako adierazpen eta ekitaldietan ohikoa izan duen gisara, Trumpek migranteen aurka egin du: «Migratzaileak herrialdea suntsitzen ari dira». Hautagaiaren eta errepublikanoen ekitaldietan azken asteetan orokortu den gezur bat debatean erabiltzea erabaki du presidente ohiak: «Ohion [AEB] bizi diren migrante jamaikarrek bizilagunen katuak eta txakurrak bahitzen dituzte, jateko». Ohioko agintariek gezurtatu egin izan dituzte errepublikanoen salaketa horiek, baina presidente ohiak bere horretan jarraitu du, immigrazioaren aurkako argudio gisa erabiliz. Ondorioz, aurkezleek Trumpen argudioak gezurtatu behar izan dituzte berriro.

Gainera, errepublikanoak azpimarratu du immigranteek «lanpostuak lapurtzen» dizkietela estatubatuarrei. Migratzaile horiek «milioika lagun» direla esan du, eta, horiek ekonomian duten eragina apaltzeko, deportazioak proposatu ditu. Erbesteratze horiek AEBetako ekonomiari kalte egingo diotela adierazi izan dute herrialdeko hainbat ekonomistak.

«Bera [Harris] presidentea bada, Israel bi urte barru desagertuko da»

DONALD TRUMPAlderdi Errepublikanoko presidentetzarako hautagaia

Palestinako gatazkak ere protagonismoa izan du debatean. Harrisek adierazi du Gazako gerra «berehala» amaitu behar dela: «Palestinar errugabe gehiegi hil dituzte. Su etena behar dugu bahituak zerrendatik ateratzeko, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu». Trumpek, ordea, «ahultzat» jo du presidenteordearen jarrera, eta «Israelen aurka» egitea leporatu dio: «Bera [Harris] presidentea bada, Israel bi urte barru desagertuko da». «Bizi osoa daramat Israel babesten», erantzun dio demokratak presidente ohiari, bere burua defendatzeko. Izan ere, Benjamin Netnayahu Israelgo lehen ministroaren aldekoa dela adierazi izan da behin baino gehiagotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.