«Arrazakeria bi alderdietako politikarietan dago, eta nabarmena da, Donald Trumpena handiagoa den arren», adierazi du Thomas Kennedyk, Floridako Immigranteen Koalizioko (FLIC) kideak. Mugimendu horren helburua da etorkinei laguntzea dauzkaten behar guztietan, eta arrazakeriaren kontra borrokatzea. Arrazakeria geroz eta nabarmenagoa da hauteskundeak hurbiltzen direnean; Trumpek, AEBetako presidentetzarako bozetarako Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak, argi uzten du bere hitzaldi guztietan. «Presidentetzarako hautagai bat daukagu —gainera presidente ohia—, zeinak joaten den leku guztietan biolentzia pizten duen etorkinaren aurka; eta Kamalak [Harris], nahiz eta ezberdina izan, ez du irtenbide handirik ematen. Azken bi urteetan etorkinentzat basatia izan da Kamalaren erretorika», esan du Thomasek. AEBetan 11 milioi pertsona baino gehiago paperik gabe daude, Migrazio Politikaren Institutuaren datuek diotenez.
Azaroaren 5ean izango dira AEBetako presidentetzarako hauteskundeak, eta bi hautagaien agendako gairik garrantzitsuenetako bat migrazioa da. Trump beti agertu izan da herrialdearen hegoaldeko mugan migrazioa gelditzearen alde, eta haren aurkaria, Harris, geroz eta hurbilago dago ideia horietatik. «Kamala eta Trump ez dira berdinak, baina ukatu ezin dena da Bidenen administrazioak [Harris herrialdeko presidenteordea da] Trumpenaren politika asko errepikatu dituela; kasu batzuetan, gainera, asilo politiketan, adibidez, zorrotzagoa izan da», nabarmendu du FLICeko kideak.
AEBetara joatea erabakitzen duten pertsona horien guztien bizitza oso zaila da, hainbat arrazoirengatik: pobrezia, indarkeria... Gainera, helmugara iristen direnean espero ez zituzten zailtasun asko aurkitzen dituzte. Legez kanpoko egoeran daudenez, jende asko haietaz aprobetxatzen da; eta politikariek beren buruak defendatzeko tresnarik ematen ez dietenez, tratu txarrak jasan behar dituzte. «Neska bat ezagutzen dut. Soldatarik ordaintzen ez dioten jatetxe batean lan egiten du. Jabeak, egunero, nahi duena eta egindako lanagatik 'merezi' duena ordaintzen dio, legez kanpoko egoeran eta defentsarik gabe egoteagatik» azpimarratu du Thomasek. Horrelako kasu asko daude.
Baita oinarrizko beharretan ere
Ez da lan eremuan soilik ikusten AEBetan paperik gabeko etorkinek duten babes falta; oinarrizko beharretan ere jasaten dute babes falta hori. Osasungintza, esaterako, ordaindu ezin duten luxu bat da pertsona askorentzako. Etorkinak beldurrez bizi dira osasun arazoengatik, paperik gabe ezinezkoa baita aseguru bat lortzea. Asegururik gabe, osasun sisteman artatua izateko dirutza bat behar da, eta etorkinek ez dute diru hori lortzeko modurik. Hurbileko kasu baten berri eman du Thomasek: «Nire aita eraikuntzako langilea da, eta artritis arazo handiak izan ditu. Ondorioz, bi aldaken transplantea behar zuen. Bi urtez ezin izan zen ibili, ez zuelako paperik eta paperik gabe ezinezkoa delako asegururik lortzea. Asegururik gabe, 90.000 dolar beharrezkoak dira ebakuntza egiteko; hori ezinezkoa da guretzat».
«AEBetan legez kanpo zaudenean, paper gutxi ematen dizkizute, eta zergak ordaintzeko zenbakia da horietako bat»
THOMAS KENNEDYFloridako Immigranteen Koalizioko kidea
Arazo horiek guztiak bukatzeko modu bakarra da haien egoera legeztatzea. Baina ez da erraza; saiatuz gero, hainbat trabari egin behar izaten diete aurre beti. «AEBetan legez kanpo zaudenean, paper gutxi ematen dizkizute, eta zergak ordaintzeko zenbakia da horietako bat. Legez kanpo zaudenez, ezin duzu zergarik ordaindu, baina zure egoera legeztatzera joaten zarenean zenbaki hori eskatzen dizute. Heltzen zaren egunetik zure zergak ordainduta eduki behar dituzu legeztatze prozesua lortzeko, baina hori ezinezkoa da, eta beraiek badakite» zehaztu du Thomasek.
Nagusiaren, lankideen eta administrazioaren tratu txarrak nahikoa ez balira bezala, duela ez hainbeste beren egoeran zeuden berberek ere tratu txarrak ematen dizkiete. Duela ez hainbeste AEBetara iristeko migratu zutenek, orain egoera legalean dauden horiek, politikariek mugen kontrolak sendotu ditzatela eskatzen dute. «Lehen migrazio olatuek —oro har, aberatsak ziren—, arbuio handia adierazten diete ondorengo belaunaldiei, klase pobrekoak edo apalekoak balira bezala ikusten dituzte; etorkinen baitan klasismo bat dago. Lehenengoak eskuin muturreko trumpistak dira orain».
Bi hautagaien proposamenak entzunda, ez dirudi pertsona horiei lagundu nahi dietenik. Alde batetik, Trump dago. Ziurtatzen du «sartu ziren mugatik» bidaliko dituela sartu ziren horiek, eta bidali ezin dituenei «ahalik eta gehien laztuko» diela bizimodua. Beste alde batetik, Harrisek esaten du muga politikak gogortuko dituela eta asilo eta laguntza gaietan egungo presidentearen bide berari jarraituko diola. «Hautagai bakar batek ere ez du irtenbide seriorik hegoaldeko mugaren arazoa konpontzeko», FLICeko kidearen esanetan.