Harris edo Trump? BERRIAren irakurleen arabera, demokratek irabaziko dute

Ia mila irakurlek bozkatu dute inkestan, eta, bozak Harrisek irabaziko dituela uste duten arren, beste erantzun hau ez da urruti geratu: «Berdin du batek ala besteak».

Emakume bat botoa ematen, Atlantan. ERIK S. LESSER / EFE
Emakume bat botoa ematen, Atlantan. ERIK S. LESSER / EFE
2024ko azaroaren 5a
18:00
Entzun

Hauteskunde eguna dute gaurkoa Ameriketako Estatu Batuetan, eta lehia inoiz baino estuagoa izango dela dirudi. Demokratek eta errepublikanoek seguru dakite zenbait estaturen eserlekuak eurek eskuratuko dituztela; Bulego Obaleko eserlekuan nor eseriko den, ordea, ez urdin, ez gorri ez diren zazpi estatuk erabakiko dute: Arizona, Georgia, Michigan, Nevada, Ipar Carolina, Pennsylvania eta Wisconsinek. Bereziki Pennsylvanian jarri dute mira askok, eta hango bozkalekuetan berdinketa izango dela aurreikusi dute hauteskunde aurreko inkestek. Ikusteko dago balantzak alde batera edo bestera egingo duen.

Kamala Harris presidenteordea edo Donald Trump presidente izandakoa? Hori da galdera. Boto kontaketa hasterako eta behin betiko emaitzak jakiterako egun gutxi batzuk igaroko dira, ziur aski. Bien bitartean, BERRIAk bere irakurleei bota die galdera sare sozialetan: «Nork uste duzu irabaziko dituela AEBetako hauteskundeak?».

985 irakurlek eman dute botoa, eta gehienek uste dute beste behin irabaziko dutela demokratek: 377k (%38,2); beste 269k, berriz, hautagai errepublikanoak irabaziko duela uste dute (%27,3).

Dena den, inkesta hori ez da izan zuria edo beltza —hobe esanda, urdina edo gorria—. 339 irakurlek (%34,4) honako erantzun hau eman dute: «Berdin du batek ala besteak».

Ikusi gehiago

Izan ere, hautagai bakoitza elkarrengandik aldentzen saiatu den arren, topagune bat dute: Israel. Biek ala biek adierazi dute hauteskunde kanpainan zehar beti babestuko dutela estatu judua. Hurrena esan zion BERRIAri Gordon Gray George Washington Unibertsitateko irakasleak herenegun: «Horixe litzateke ados dauden auzi bakanetako bat».

Presidente nor izango den erabakiko duten beste estatuetako bat da Michigan, eta hango hiriburuan, Detroiten, AEBetako komunitate musulman handiena dago. Estatubatuar musulmanen botoak ezinbestekoak izango dira estatu horretan, baina, egoera ikusita, hango komunitate musulmanak ez dauka argi noren alde bozkatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.