Harreman berrien bila

Simeoni izango da Korsikako kolektibitate berriko batzorde exekutiboko burua. Nazionalistek elkarrizketak hasteko eskatu diote Frantziako Gobernuari

Pe A Corsica koalizioko buruak, Gilles Simeoni —eskuinean— eta Jean Guy Talamoni —ezkerrean—, bozetako garaipena ospatzen, abenduan. OLIVIER SANCHEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Kolektibitate berria indarrean sartu zen atzo Korsikan, biltzarraren lehen bilerarekin. Biltzarkideek batzorde exekutiboa eta biltzarreko mahaikideak aukeratu zituzten. Pe A Corsica koalizio nazionalistako zerrendaburu eta Femu A Corsica alderdi autonomistako buru Gilles Simeoni izango da batzorde exekutiboko presidente berria.

Pierre Jean Luciani biltzarkiderik zaharrena arduratu zen bilerari hasiera emateaz. Biltzarkideek Jean Guy Talamoni Corsica Libera alderdi independentistako burua aukeratu zuten Korsikako Biltzarreko presidente, koalizio nazionalistako bigarren alderdia. Talamonik 63 bozetatik 40 lortu zituen. Biltzarreko bi presidenteordeak Femu A Corsica alderdikoak izango dira.

Biltzarrak eta batzorde exekutiboak osatuko dute kolektibitatea, eta orain arte indarrean zeuden kolektibitatearen eta bi departamenduen ordezko izango da. 1.000 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du, eta 5.000 funtzionario inguru arituko dira lanean. Korsikako nazionalistek gehiengo osoa dute biltzarrean, 63 eserlekutatik 41, eta batzorde exekutibo osoa kontrolatzeko aukera ematen die horrek. Era horretako lehen kolektibitatea da Frantziako metropolian —badira halakoak Guyanan, Martinikan eta Mayotten—.

Datorren hamarkadarako independentzia baztertuta, nazionalistek autonomia garatzea jarri dute helburu fase berri honetan. Beraz, hiru neurri nagusi aurrera eramateko nahiarekin hasiko dute legealdia:amnistia lortzea «preso politikoentzat eta iheslarientzat», korsikera uharteko hizkuntza koofizial bilakatzea, eta egoiliar estatusa lortzea hango biztanleentzat. Besteak beste,etxebizitzen espekulazioaren aurka borrokatu nahi dute azken neurri horrekin.

Neurri horiek indarrean jartzeko herritarrek emaniko «legitimitatea» azpimarratu zuen Talamonik biltzarreko presidente kargua hartzean. Eurena proiektu sozial eta nazionala dela ere azaldu zuen.

Neurri horiek aurrera eramateko, ordea, beharrezkoa da Frantziako Konstituzioa moldatzea, eta Frantziako presidente Emmanuel Macronen gobernua ez da aldekoa. «Posible da aldaketak egitea, baina esparru baten barruan, Frantziako Konstituzioarenean. Esparru horrek ezin ditu bete zenbait erreibindikazio: adibidez, egoiliar estatusa eta korsikeraren koofizialtasuna», adierazi zuen aurreko astean Macronek.

Hitz horiei erantzun zien atzo Talamonik, Le Parisien egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean: «Gizon berak aurkakoa esan zuen hauteskunde kanpainan Korsikara etorri zenean». Korsikako independentisten buruaren ustez, Macronek eta haren gobernukideek ez dute ezagutzenuharteko errealitatea.

Negoziazio mahaira

Orain, negoziazio mahaian eseri beharko dute bi aldeek. «Benetako elkarrizketak hasteko momentua da», adierazi zuen Simeonik hauteskundeetako garaipenaren ostean. Atzo, berriz, presa sartu zion Macroni, eta «ahalik eta azkarren» Korsikaren eta elkarrizketen inguruan zer ikuspegi duen azaltzeko eskatu. Nazionalistek azaldu dutenez, datorren egunetan hasiko dira bi aldeen arteko negoziazioak.

Talamoni ere Korsikaren eta Frantziaren arteko erlazioaz aritu zen biltzarrean. Lau hamarkadako «beharrezko gatazkaren» ondoren bide berri bat ireki dutela azaldu zuen: «Mahai gainean gure proiektua izango dugu, babes demokratiko izugarria duena. Gure aurrean Frantziaren ordezkariak egongo dira, etorkizuneko elkarrizketak Korsikaren eta Frantziaren artekoak izango baitira».

Frantziako presidentea otsailaren 6an iritsiko da Korsikara, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak hildako Claude Erignac prefetaren heriotzaren hogeigarren urteurrena gogoratzeko. Bitartean, Frantziako gobernuak Jacqueline Gourault Barne ministroaren albokoa arduratuko da elkarrizketei hasiera eman eta kolektibitatearen lehen urratsak ikuskatzeaz, ostiralean iritsiko baita uhartera.

Departamenduen batasuna

Aldaketa garrantsitzua da Korsikakoa, orain arte indarrean egon diren Hego Korsikako eta Goi Korsikako departamenduak eta kolektibitatea batu baitira, lehen biak banandu eta 42 urtera. Orobat, 26 urte dira Joxe estatutua onartu zela, zeinak baimena eman zion uharteari biltzarra eta batzorde exekutiboa sortzeko Pierre Joxe Barne ministro ohiaren izena du—.

Nazionalisten babesa izan du erabakiak, baina ez da kolektibitate bakarra aurrera eramateko egin den lehen saiakera. 2003ko uztailaren 6an erreferendum bat egin zuten uhartean, eta aldaketaren aurkakoak gailendu ziren. Garrantzi berezia izan zuen bi egun lehenago Yvan Colonna atxilotu izanak, Erignac prefeta hil zuelakoan kondenatua.

Nazionalisten gorakadak, berriz, erraztu egin du kolektibitate berria aurrera ateratzea. Femu A Corsica autonomistak eta Corsica Libera independentistak bat egiteko erabakia hartu zutenetik, haien emaitzek gora egin dute. 2014an, udal hauteskundeetan, Bastiako alkatetzara iritsi ziren. 2015ean, Korsikako hauteskundeetan lehen indarra izan ziren, eta gobernua osatu zuten, gutxiengoan. Urtebete geroago, uharteko lau diputatuetatik hiru bereganatu zituzten Frantziako Asanblearako hauteskundeetan. Azkenik, 2017ko abenduaren 10eko hauteskundeetan eman zuten azken kolpea, bozen %56,9 eskuratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.