Herrialde erraldoia izaki, Txinaren aniztasun kulturala sekulakoa da. Baina Alderdi Komunistakherrialdea estuki nahi du kontrolatu, eta gutxiengo etnikoen uztarria ez du apur bat ere lasaituko. Xinjiang, Hong Kong, Taiwan, Barne Mongolia... asko dira irekita dituen fronteak, baina denetan Tibetek sortzen dio kezka gehien. «Tibeten egin beharreko ahalegin nagusiak dira batasun nazionala eta etnikoa bermatzea». Xi Jinping Txinako presidente eta Alderdi Komunistako idazkari nagusiaren adierazpenak erakusten du zein diren Pekinen lehentasunak eskualdean.
Tibeteko Eskualde Autonomoari buruz eginiko bi eguneko bilkuraren amaieran egin ditu hitzok Txinako agintariak. «Herrialdeak separatismoaren aurka gogor borrokatu behar du», adierazi dio Xinhua agentzia ofizialari. Hurrengo asteartean ospatu behar dute agintariek Tibeteko Eskualde Autonomoaren 50. urteurrena, irailaren 1ean, eta hari mutur guztiak lotu nahi ditu Pekinek. Ariketa militarrak hasi ditu armadak Tibeten, eta eskubide zibilen aldeko elkarteek salatu dute ingurua «erabat militarizatu» dutela.
Tropa mugimenduak, tankeak, artilleria eta 200 ibilgailu astunez osaturiko konboiak ikusi dituzte egunotan. Militarren presentzia handiak espekulazioak hauspotu ditu, eta zenbaitzuk iradoki dute Xi presidenteak berak parte hartuko duela urteurren ekitaldietan. Tibeteko turismo bulegoaren arabera, irailaren lehen astea baino lehen ez dituzte banatuko eskualdera bidaiatzeko baimenak.
Epe luzerako estrategia
Ordezkaritzarik Gabeko Nazioen eta Herrien Elkarteak salatu duenez, Tibetekiko estrategia erasokorragoa hartu du Alderdi Komunistak. Azpiegituren eraikuntzak hazkunde ekonomikoa eta baliabide naturalen ustiaketa ditu helburu, eta dalai-lamaren—Tibeteko buruzagi erlijiosoaren eta politikoaren— eragina eta Tibeteko nortasun nazionala oztopo ditu agintea inposatzeko.
Txinako gerra zibila amaituta, Tibet 1950ean okupatu zuen Askapenerako Herri Armadak. 1959ko matxinadan dalai-lama Indian erbesteratu zen, eta, ordutik, Dharamsala hirian bilduta dago gobernua. Ofizialki, 1965ean ezarri zuen Txinak Tibeteko Eskualde Autonomoa.
Azkenaldian, nazio aldarrikapenak leundu ditu dalai-lamak, eta Txinako Herri Errepublikaren barruan gobernu autonomo bat osatzea onartu du. Baina Pekinek ez du amore eman, eta tibetarrak asimilatzeko prozesuari eutsi dio. Alderdi Komunistaren arabera, irakaspen budistak «sozialismoaren balioekin» bat egin beharko luke, «nazioa batzeko indar garrantzitsua bilakatzeko».
Alderdi Komunistaren politikei aurka egiten dietenek, berriz, Pekinen errepresio kanpaina sufritu behar dute. Jaioterrian baztertuak, euren lurrak eta kultura galbidean, ezer gutxi dute galtzeko; 2009tik gaurdaino, 140 lagunek baino gehiagok bere buruaz beste egin dute, euren buruari su emanda.
Ngaba hiria da —Aba, txineraz— tentsio gune nabarmenetakoa, Sichuan probintzian. Azken urteetako 140 immolazioetatik, herenak hiri horretan gertatu dira. Kazetari atzerritarrek debekatua dute hirian sartzea, gobernuak antolatutako bidaia propagandistakoetan izan ezik. Hari mutur guztiak lotuak baitituzte Txinako agintariek.
Hari muturrak lotzeko
Tibeteko Eskualde Autonomoaren 50. urteurrenaren atarian, lurraldea militarizatu du Txinak.Xi: «Batasun nazionala bermatu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu