Haragi kutsatuak alertan jarri du Espainia

Andaluzian sortutako listeriosi agerraldi baten ondorioz, 193 pertsona kutsatu eta bi hil dira azken asteotan. Hango gobernuaren kudeaketari kritika gogorrak egin dizkiote, eta fiskaltzak ikerketa bat hasi du.

Virgen del Rocio Sevillako ospitalea. Listeriori bakterioak kutsatutako gaixoak bertan daude. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Listeriosia Listeria monocytogenes bakterioak eragindako eritasuna da. Sukarra eta hesteetako mina eragiten ditu gaitzak, baina kasu larrienetan meningoentzefalitisa eta septizemia eragin ditzake, eta bereziki arriskutsua izan daiteke biztanleriaren talde batzuentzat: lehendik gaixo daudenak, zaharrak, haurrak eta hardun dauden emakumeak. Ia herrialde guztietan atzematen dituzte urtero hainbat kasu, baina Espainian alarma guztiak piztu ditu azken asteotan, egun gutxitan 193 kasu atzeman baitituzte, eta bi herritar hil baitira. Arrazoia jakina da jadanik: kutsatutako haragia jan izana. EB Europako Batasuneko azken elikadura segurtasun krisia da Espainiakoa.

Espainia hegoaldeko Andaluzia erkidegoan sortu da listeriosi agerraldia, eta han gertatu dira kutsadura kasu gehienak. Magrudis enpresaren haragi urdaiztatuan agertu zen bakterioa. Jesus Peinado Andaluziako Osasun Zaintzarako zuzendariordeak atzo eginiko agerraldi batean esan zuenez, «kutsatutako okela ikuskatu gabe zegoen». Izan ere, eztabaida politiko handia sortu du Andaluzian hango gobernuak krisiarekin egin duen kudeaketak. Oposizioko alderdi nagusiak, PSOEk, zalantzan jarri du Andaluziako Gobernuak eman duen kutsatuen kopurua egiazkoa ote den, eta Podemosek leporatu dio «enpresaren irabaziez» kezkatzea «herritarren osasunaz baino lehen».

Andaluziako Gobernuak lehenengo laginketa uztailaren 8an egin zuen, baina 38 egun geroago dekretatu zuen alerta. Osasun Zaintzarako Zuzendariordeak, aldiz, errua enpresari leporatu dio: «Dirudienez autokontrolak kale egin du. Enpresaren ardura da dendetara produktuak egoera onean eramatea, eta hori bermatzeaz arduratu behar dena». Magrudis enpresak duela egun batzuk adierazi zuen ez zela ohikoa ez zen ezer gertatu ekoizpenean. Justiziak esku hartu du auzian, eta Andaluziako Fiskaltza Nagusiak atzo jakinarazi zuen ikerketa penal bat hasiko duela listeriosi agerraldian erantzukizuna nork izan duen argitzeko.

Eztabaida politikoak Andaluziako mugak gainditu ditu, ordea, eta Espainian lehen lerroko gaia bilakatu da. Maria Luisa Carcedo Osasun ministroak krisiaren inguruko neurriak eztabaidatzeko bilera bat egin zuen atzo erkidego autonomoetako osasun arduradunekin —horien artean zeuden Eusko Jaurlaritzakoa eta Nafarroako Gobernukoa—. Carcedoren ustez, «zerbaitek huts egin du» Andaluzian.

Nazioarteko alerta

Espainiatik kanpo ez da kutsatzeen berririk izan, baina gaitza Andaluzian hartu zuen turista ingeles baten berri eman zuten atzo. Andaluziako Gobernuaren arabera, etxera itzuli diren turista atzerritar gehiagoren kasuak agertuko diren datozen egunetan. Espainiako Gobernuak hilaren 22an eman zuen nazioarteko larrialdi alerta listeriosiarengatik. Gaitza kontrolpean duela esan du Andaluziako Gobernuak, baina EBtik tentuz zainduko dute krisia, duela 23 urte Erresuma Batuan behi eroen gaitza atzeman zutenetik batasunean sortu den azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.