Haniyehek Gazarako sarbidea zabaltzeko eskatuko dio Mursiri

Kairora iritsi da Gazako lehen ministroa, eta Egiptoko agintearekin bilera batzuk egingo ditu, harremanak hobetzeko

Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak auzoko herrialdera egin du bidaia, eta Egiptoko hainbat ordezkarirekin bilduko da datozen lau egunotan. Besteak beste, Mohamed Mursi presidentearekin bilduko da Hamas alderdiko agintaria, eta iragarri du zer eskatuko dion: Gazako mugan sarbidea erabat zabaltzeko eta Hosni Mubarak presidente ohiak Israelen blokeoari emandako babesa desegiteko.

Mubarakek 2007an itxi zuen Egiptok Gazarekin duen muga—hark Israel ez den beste herrialde batekin duen lurreko muga bakarra—, Tel Avivek palestinarren kontra eginiko blokeoa indarrean sartu ostean. Harrezkero, kasu jakin batzuetan bakarrik zabaldu izan du Kairok muga. Dena dela, azken urtean asko leundu ditu Egiptok muga zeharkatzeko baldintzak.

Hamaseko mugen arduradun Maher Abu Sabhak azaldu zuen joan den astelehenean Kairok agindua eman zuela Gazako sartu-irtenak errazteko. Egiptok Ramallahen duen enbaxadore Yasser Othmanek, baina, berehala ukatu du hori, esanda Kairok ez duela hartu inolako erabakirik mugen politika aldatzeko. Bi aldetatik jasotzen ari da presioa Mursi: palestinarrei laguntzeko eskatzen dio alderdiaren zati batek, baina ezin du jarrera erabat aldatu bere aliatu nagusi AEBak askorik haserretu barik.

Sektore pribatua garatzea

Munduko Bankuak argitaratutako txosten batek sektore pribatua garatzea gomendatu dio PAN Palestinako Aginte Nazionalari, «hazkunde ekonomikoa ezinezkoa delako atzerriko diru laguntzen menpe egonda». Horretarako, ezinbestekotzat jo du Israelen blokeoa etetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.