Haniyeh izendatu dute Hamaseko buru, ildo berria praktikan jartzeko

Alderdi islamistak buruzagitza taldea berritu du, eta Haniyeh izango da erbesteraturik ez dagoen lehen buruzagia. Al-Fatahek ildo eta buruzagi aldaketak adiskidetzearen aldeko keinutzat hartu ditu

MOHAMMED SABER / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Palestinako Hamas alderdi islamista nazioarteko bakartzetik ateratzen saiatuko da Ismail Haniyeh. Mugimenduaren lider izendatu dute, eta Khaled Mexaal ordezkatuko du, hark gehienezko agintaldiak agortu ostean. Gazan bizi da Haniyeh, Mexaal ez bezala —Qatarretik agintzen du—. Hain justu, erbesteraturik ez dagoen lehen liderra izango da Haniyeh. Beste buruzagien aldean, pragmatikoagotzat dute hurrengo liderra. Aproposagoa mugimenduaren ildo berria praktikan jartzeko; aste honetan, azken urteetako politika nabarmen aldatu du Hamasek: ez du Israelen existitzeko eskubidea aipatu, baina lehen aldiz onartu du 1967ko mugekin estatu palestinar bat sortzea.

Gazan eta Qatarren egin dute ohartarazpena, aldi berean, bideo konferentzia bidez. Haniyehek eta Hamaseko beste arduradunek ezin izan dute Qatarrera bidaiatu, Egiptok Rafaheko muga igarotzen utzi ez dielako. Mexaalek berak jakinarazi du Haniyehek barne hauteskundeak irabazi dituela.

Berrikuntza prozesu betean sartua dago alderdi islamista. Otsailean ere barne hauteskundeak egin zituzten Xuraren Batzarra berritzeko —Hamasen barne parlamentua—. Gazakozerrendako, Zisjordaniako, espetxeetako eta atzerriko alderdiaren ardura postuak ere aldatu dituzte. Yahya Sinwar hautatu dute Gazako alderdiko buruzagia. Lau urtero aldatu ohi dituzte erantzukizun postuak mugimenduan. Edonola ere, Haniyeh lagunduko duen zuzendaritza taldea ez dute jakinarazi, nahiz eta Hamasek adierazi buruzagitzaren «odola berritzen» ari dela. «Garai egokian egingo dugu», esan du Mexaalek. Ez dago argi noiz hartuko duen kargua Haniyehek, baina espero da Mexaalek aurrerantzean ere ardura posturen bat edukitzea.

Hamasek hauteskundeak irabazi ostean 2006an, Haniyeh PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro izendatu zuten. PANeko presidente eta Al-Fataheko buru Mahmud Abbasek kargutik kendu zuen 2007an, baina kargua aldarrikatzen du oraindik Haniyehek. Hamasek hauteskundeak irabazi ondotik liskarrak piztu ziren bi fakzioen artean, Gazako kontrolarengatik. Ordutik, alderdi islamistak kontrolatzen du zerrenda.

Hamasek ildo politikoa aldatu berri du, lau urteko eztabaidaren ondoren. 1988ko sortze agiriari zuzenketak egin dizkio, eta azken urteetan defendatutako diskurtsoa moldatu du. Lehen aldiz 1967ko mugak kontuan hartuz estatu palestinar bat sortzea onartu ez ezik, juduen eta «proiektu sionistaren» arteko desberdintasuna ere egin du: «Hamasek baieztatu du proiektu sionistarekin daukala gatazka, ez juduekin haien erlijioarengatik». Gainera, 1988an ez bezala, ildo berrian Hamasek ez du aipatu Anaia Musulmanen adarra dela; Egipto lasaitzeko keinutzat hartu dute analistek.

21 egun gose greban

Haniyeh hauta izana eta islamisten ildo berria itxaropentsu hartu ditu Al-Fatahek, erresistentziako fakzioen adiskidetasuna bultzatuko duelakoan. «Barne zatiketa amaitzea espero dugu», adierazi du alderdiak.

Orain gutxi, beste ezohiko batasun keinu bat izan zen palestinarren artean, fakzio guztietako presoek gose greba babestu baitzuten gaur 21 egun. Hain zuzen, amorruaren astera deitu zuten atzo grebalariek. Israelgo medikuek uko egin diote gose grebalariak derrigor elikatzeari, kode deontologikoei jarraikiz. Horregatik, Israelgo Gobernuak ospitale militarrak prestatu ditu kartzeletan, grebalariak beren borondatearen aurka elikatzeko. Presoen aldeko manifestazioak egin dituzte Zisjordanian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.