Gazako zerrendan su etena lortzeko Kairon egiten ari diren elkarrizketak utzi egin ditu gaur Hamasen delegazioak. Talde islamistako zuzendaritzak meniaren inguruko «kontsultak» egin behar dituela-eta, datorren astean jarraituko dute negoziatzen, Al-Qahera News Egiptoko telebista kateak iragarri duenez, elkarrizketen inguruko iturri bat aipatuz. Bestetik, Hamasen goi kargudun batek salatu du Israelek «zapuztu» egin dituela ramadanaren aurretik su etena lortzeko eginiko ahalegin guztiak. Musulmanen hilabete santua igandean hasiko da.
Sami Abu Zuhrik Hamaseko buruzagiak AEBetako Reuters albiste agentziari adierazi dionez, Israel behin eta berriz ari da haien eskaerak baztertzen. Horrela, borrokak etetea, laguntza humanitarioa Gazara iristea eta desplazatuak euren etxeetara itzultzea ahalbidetuko lukeen akordioa oztopatzea egotzi dio Tel Avivi.
Israelek, erasoak bertan behera uzteko baldintza moduan, bahitu guztiak askatzeko eskatzen dio Hamasi. Talde islamistak, bestalde, Kairoko elkarrizketekin jarraitzeko konpromisoa hartu du, baina adierazi dute su etena lortu behar dela bahituak aske utzi aurretik. Beraz, zaila izango da akordio bat lortzea ramadanaren aurretik. Ez dira berriro negoziatzen hastekoak igandea baino lehen.
Duela lau egun hasi zuten Kairon azken elkarrizketa saila. Egiptok eta Qatarrek bideratu dute negoziazioa —AEBak ere bitartekari gisa ari dira—, baina bertan ez da izan Israelgo ordezkaritzarik. Bizirik dauden bahituen zerrenda eskatu zion Tel Avivek Hamasi negoziazioetan parte hartzeko baldintza moduan. Talde islamistak, ordea, ez zuen halakorik egin, eta argudiatu zuen ezin dituela bahitu guztiak zerrendatu erasoek dirauten bitartean.
Laguntza «blokeatuta»
Bitartean, gaur bertan, Turkiako Ilargi Gorriak orain arteko laguntza kargamenturik handiena bidaliko du Gazara. Egiptoko portu batera bidean dira 3.000 tona elikagai, sendagai eta ekipamendu daramatzan itsasontzia. Halere, ez da ziurra laguntza hori Gazara iristea. Atzo berripaper honetan argitaratu zen Idoia Villanueva Podemoseko europarlamentariari egindako elkarrizketa. Villanueva Rafahko Egiptoko aldean egon da, eta salatu du Israel pasabidea «blokeatzen» ari dela. Gaur argitaratutako txosten batek adierazpen hori baieztatu du.
Refugees International erakundeak egindako ikerketaren arabera, Israel «gosete baten moduko baldintzak» sortzen ari da Gazara doan laguntza blokeatuta. Egipton, Jordanian eta Israelen aritu dira ikertzen, eta ondorioztatu dute Tel Avivek, Gazako zerrendara laguntza iristea oztopatzeaz gain, «uko» egin diola laguntzak hobetzeko neurriak aplikatzeari. Txostenaren arabera, ikerketak argi utzi du Gazako baldintzak «apokaliptikoak» direla.
Hegoafrikaren salaketa
Egoera hori dela eta, atzo Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu zion Israeli neurri gehiago galdegiteko. Afrikako herrialdeak argudiatu zuen Israelek «behin eta berriz urratu» dituela urtarrilean ezarritako neurriak, eta Gaza osoan dagoela gosetea. PAN Palestinako Agintzari Nazionalak eskaera txalotu du, eta auzitegiari eskatu dio «berandu baino lehen» esku hartzeko.
Gaur, Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Lior Haiatek Hegoafrikari leporatu dio Hamasen «adar armatu» gisa jokatzea. Hegoafrikak lehen ere egin ditu antzeko eskaerak, eta, horien harira, Haiatek gogorarazi du auzitegiak «bi aldiz arbuiatu» dituela «Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea eta betebeharra ukatzeko egindako ahaleginak». Horregatik, auzitegiari eskatu dio Hegoafrikaren eskakizun berria ere baztertzeko.
Gazako gatazkak eraginda, inguruko lurraldeetan ere izan dira tirabirak azken egunetan. Hezbollah Libanoko talde xiitak bere gain hartu du Israel iparraldean jaurtigaiekin egindako eraso bat. Atzo, Israelgo armadak Libano hegoaldean egindako bonbardaketari —zibil bat hil zutela salatu du talde xiitak— emandako erantzuna izan dela jakinarazi dute. Bitartean, Yemengo huthi milizia xiitak itsasontzi bateko eskifaiako hiru kide hil ditu, eraso batean. Huthiek Itsaso Gorriko erasoak hasi zituztenetik eragindako lehen hildakoak izan dira. Miliziak ohartarazi du Israelekin zerikusia duten zamaontziei erasotzen jarraituko duela Gazako zerrendaren aurkako erasoaldia amaitu bitartean.