Hamasen ordezkaritza bat bitartekariekin bildu da Kairon

Talde islamistak argitu du ez duela zuzenean parte hartuko menia bat lortzeko elkarrizketetan. Israelek Gaza erdialdeko hainbat leku ebakuatzeko agindu du.

Emakume palestinar bat, gaur, Salah al-Din pasabidean. MOHAMMED SABER / EFE
Emakume palestinar bat, gaur, Salah al-Din pasabidean. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2024ko abuztuaren 24a
16:00
Entzun

Hamasen ordezkaritza bat Kairora joan da gaur, eta han Qatarko eta Egiptoko bitartekariekin bildu da jakiteko zertan diren Gazan su eten bat adosteko negoziazioak. Talde islamistak ohar bat kaleratu du, eta argi utzi nahi izan du, ordea, ez duela negoziazioetan zuzenean parte hartuko. Israelgo, AEBetako, Egiptoko eta Qatarko ordezkariak, bitartekariak, atzo batzartu ziren Egiptoko hiriburuan, eta bihar beste bilera bat egitekoak dira.

Negoziazioen berri duten iturriek hainbat hedabideri adierazi dietenez, Benjamin Netanyahu puntu batekin tematu da, eta hori da menia hitzartzeko oztopo nagusietako bat: Israelgo lehen ministroaren ustez, akordioak jaso behar du Israelgo tropek Gazaren eta Egiptoren arteko Salah al-Din korridorearen kontrola eduki behar dutela, baita Gaza iparraldearen eta erdialdearen arteko Netzarim pasabidearena ere.

Elkarrizketen nondik norakoak ezagutzen dituen pertsona baten hitzak aipatuz Erresuma Batuko Reuters berri agentziak gaur kaleratu duenez, ohikoak dira Netanyahuren eta Israelgo negoziatzaileen arteko tirabirak, lehen ministroa ez baitago eskaera horretan amore emateko prest. David Barnea Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen zuzendaria da talde negoziatzailearen burua, eta, aste honetan Canal 12 Israelgo telebista kateak jakinarazi duenez, Netanyahu ari da, pribatuki, talde negoziatzailea kritikatzen.

Kontuan hartu behar da Hamasen eskaera nagusietako bat dela Israelgo indarrek presentziarik ez edukitzea bi pasabide horietan. Talde islamistari iruditzen zaio, gainera, Netanyahuren eskaera horrek talka egiten duela Joe Biden AEBetako presidenteak maiatz bukaeran aurkeztutako su eten proposamenarekin. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak plan horren aldeko ebazpen bat onartu zuen ekainaren 10ean, eta Hamasek oniritzia eman zion proposamenari uztailaren 2an.

Plan horren bigarren fasean jasota dago Israelgo armada Gazatik ateratzea —lehen fasean aurreikusia dago sei asteko erabateko su eten bat eta Hamasek bahitutakoen eta preso palestinarren arteko truke bat—, eta, hori aintzat hartuta, bere aldekoagoak diren baldintzak negoziatu nahi ditu Netanyahu. AEBek beste proposamen bat plazaratu zuten duela bi aste, eta Washingtongo iturri ofizialek aste honen hasieran iragarri zuten Israelek baiezkoa eman diola. Hamasek ez, ordea, eta hurrengo egunean salatu zuen menia proposamena «estatu kolpe bat» dela, bere eskaera nagusiak alboratzen baititu — erabateko su etena eta Israelen tropak zerrendatik ateratzea—, eta lehentasuna ematen baitio presoen arteko trukeari.

Hagaren eskaera

Bien bitartean, Israelek jarraitzen du zerrenda setiatzen, eta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken 48 orduetan 70 pertsona hil ditu; joan den urriaren 7an erasoaldia areagotu zuenetik, 40.000 pasa dira hil dituenak. Eta erasoarekin jarraitzeko asmoa du, Israelek Gaza erdialdeko hainbat leku ebakuatzeko agindu baitu gaur. NBE Nazio Batuen Erakundeak uztailean kaleratutako txosten batean ohartarazi zuen Gazan dauden herritarren %90 barne desplazatuak direla; hain zuzen, 1,9 milioi pertsona inguru.

Eta horren guztiaren harira, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak ohar bat kaleratu zuen atzo, eskatuz auzitegiari «urgentziaz» erabaki bat har dezala joan den maiatzean Netanyahu atxilotzeko egindako eskaeraz. «Gerra krimenak» eta «gizateriaren aurkako krimenak» egitea egozten dio Karim Khanek Israelgo lehen ministroari. Auzitegiak ez du epemuga bat erabaki bat hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.