Gaur bete da urtebete zenbait milizia palestinarrek —horien artean, Hamas eta Palestinako Jihad Islamikoak— Israelen kontra ezusteko eraso bat egin zutela: 1.200 lagun hil zituzten, eta berrehun pertsonatik gora gatibu hartu. Eta beste hainbeste da Israelek Gazaren aurkako azken oldarraldia abian jarri zuela. Israelen dozenaka ekitaldi antolatu dituzte iazko urriaren 7an hildakoak eta bahitutakoak omentzeko; batzuek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka mobilizatzeko ere probestu dute urteurrena. Ehunka lagun elkartu dira haren etxeko atarian, Jerusalemen, oraindik Gazan gatibu dauden 101 pertsonak aske uzteko su eten bat adostu dezala exijitzeko.
Jerusalemen 06:29ak eta Euskal Herrian 05:29ak zirela egin dute elkarretaratzea; milizia palestinarrek ordu horretan abiatu baitzuten iaz Israelen aurkako erasoa. Netanyahuk nabarmendu du, gaur bere bulegoak kaleratutako komunikatu baten bidez, «konpromiso irmoa» daukala gatibu guztiak askatzeko. Halere, ez dirudi luze gabe Gazarako menia bat adosteko asmorik duenik. Hala iradokitzen dute atzo Libanoren eta Israelen arteko mugan tropa israeldar batzuekin bildu zenean egin zituen adierazpen hauek: «Duela urtebete, eraso bortitz bat jasan genuen. Azken hamabi hilabeteetan, errealitatea goitik behera iraultzen ari gara».
Beste ekitaldi handienetako bat Israel hegoaldean egin dute, Nova jaialdia egin zuten lekuan —han zeuden 370 pertsona hil zituzten milizianoek—. Israelgo presidente Isaac Herzog izan da han, eta hark ere «ahalik eta lasterren» menia bat adosteko deia egin du: «Gure ahalegin guztiak egin behar ditugu oraindik Gazako tuneletan dauden bahituak etxera ekartzeko». Hain justu, Hamasek gatibu hartutako pertsona baten heriotzaren berri eman du gaur bahituen eta desagertuen senideek osatutako mugimenduak, eta jakinarazi du haren gorpua oraindik Gazan dagoela.
«Duela urtebete, eraso bortitz bat jasan genuen. Azken hamabi hilabeteetan, errealitatea goitik behera iraultzen ari gara»
BENJAMIN NETANYAHU Israelgo lehen ministroa
Eta ordu horretan bertan, 06:30ean, Gazatik jaurtitako lau misil atzeman dituzte Israelgo aire espazioan, Israelgo armadak jakinarazi duenez. Lau misil horietako hiru eraitsi dituzte; bestea «eremu ireki batean» erori da, eta ez du inor hil, ezta zauritu ere. Goizean kaleratutako komunikatuan adierazi dutenez, misil jaurtiketa horien ondoren Gazako zerrendan milizia palestinarrek dituzten hainbat tuneli egin diete eraso.
Hain zuzen ere, Tel Avivek Gaza salbuespenik gabe bonbardatzen jarraitzen du. Gaur goizaldean ospitale bat bonbardatu du Israelgo armadak beste behin, argudiatuta Hamasek «operazio militarretarako zentro gisa» erabiltzen zuela. Oraindik ez dago argi eraso horrek hildakorik edo zauriturik eragin ote dituen. Bestalde, Gazako Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, atzo gutxienez 45 palestinar hil eta 256 zauritu zituzten, zerrendako eskola bat eta meskita bat bonbardatuta. Urtebetean, berriz, ia 42.000 palestinar hil ditu Israelgo armadak, eta 97.000 inguru zauritu.
Nazioartearen gaitzespena
Urteurrenaren harira, adierazpenak egin dituzte zenbait herrialdek, milizia palestinarrek iragan urriaren 7an egindako erasoa gaitzesteko. Besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: «Zauriak duela urtebete bezain irekita jarraitzen du. Israelgo herriaren zauria. Gure zauria». Hain justu, Frantziaren eta Israelen artean tentsioa zertxobait areagotu ondoren iritsi dira Macronen adierazpenak. Israeli bideratutako arma esportazioak eteteko eskatu zuen, herenegun, Frantziako presidenteak, eta horrek Israelen haserrea eragin zuen.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden ere mintzatu da joan den urriaren 7ko erasoaren inguruan. Komunikatu bat kaleratu du, eta testu horretan «babes eta elkartasun osoa» adierazi dio Israeli, beste behin. Gazarako su eten bat adosteko eta gerra amaitzeko «premia» nabarmendu du, baina Hamasi leporatu dio Israeli eraso egin eta «indarkeria olde bat» eragitea.
Hezbollahk, Haifari eraso
Azken asteetan, arreta Hezbollah milizia xiitaren eta Israelen arteko oldarraldian dago jarrita. Bada, milizia xiitak azken egunetako erasoaldirik handiena egin du bart, 120 drone jaurti baititu Israel iparraldeko Haifa hirira, zeina eremu horretako hiririk handiena den. Israelgo armadaren arabera, sei pertsona zauritu dituzte. Arratsaldean, gune berera, «suziri sorta handi bat» jaurti duela esan du Hezbollahk.
Halere, Israelek Libano hegoaldeari eta horko hiriburu Beiruti eraso egiten jarraitzen du; bart, hiriaren hegoaldeko Dahieh auzoa bonbardatu du beste behin. Ordu gutxi batzuk geroago, gaur goizean, Libanora tropa gehiago bidaliko dituztela jakinarazi du Israelgo armadak, hegoaldean «operazio zehatz gehiago» egiteko. Israelgo armadak lurreko erasoaldiari ekin zion irail amaieran, eta, ordutik, Libano hegoaldera bidaltzen duen hirugarren talde militarra da.
Horiek horrela, Hezbollahk komunikatu bat kaleratu du gaur, urteurrenaren harira, eta esan du Israelek ez duela tokirik eskualdean. Talde xiitak, gainera, «ekintza heroikotzat» jo du milizia palestinarrek iazko urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoa: «Urriaren 7koa Palestinak 1948. urteaz geroztik bere herriaren aurka jasaten duen indarkeriaren, bidegabekeriaren eta okupazioaren aurkako erreakzio bat izan zen». Are, uste du Israelek agerian utzi duela «zein ahula» den, argudiatuta ez dela gauza euren aurka egiteko AEBen laguntza militarrik gabe.