Libanoko hiriburuaren hegoaldea bonbardatu dute gaur arratsaldean, eta eraso horretan Saleh al-Aruri hil dute, Palestinako organizazio islamistak baieztatu duenez. Al-Aruri Hamasen goi kargudunetako bat zen, eta pisu eta eragin handia zuen talde horretan; besteak beste, adar politikoko buruzagiordea zen, eta Al-Qassam brigaden —adar militarraren— sorreran parte hartu zuen. Inork ez du bere gain hartu hilketa; Libanoko hedabideen arabera, Israelgo armadak egin du bonbardaketa, drone bat erabiliz. Militarrek uko egin diote ezer esateari.
Erasoa Hamasen bulego baten kontra egin dute —leherketa bat eragin du—, Beiruteko Dahieh auzoan, Hezbollah talde xiitaren kontrolpeko eremuetako batean, eta, Al-Aruriz gain, beste bost lagun hil dituzte, Libanoko eta Israelgo hedabideek argitaratu dutenez. Beste hildakoak Hamaseko kideak dira; tartean, bi komandante.
انفجار في #الضاحية_الجنوبية#بيروتpic.twitter.com/xhOYOWyH5M
— Larissa Aoun (@LarissaAounSky) January 2, 2024
Al-Aruri pertsona ezaguna da Palestinan eta Israelen. Bitan egon zen preso denbora luzez —1985etik 1992ra, eta 1992tik 2007ra—, 2010ean aske utzi zuten arte; urte hartan Siriara deportatu zuen Israelek, eta, horren ondoren, erbestera joan zen —lehenik, Turkiara, eta, gero, Libanora—. Joan den urriaren 7an Israelgo armadaren eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra hasi zen, eta, harrezkeroztik, geroz eta agerraldi gehiago egin zituen; azken asteotan, gainera, Hamasen bozeramaile gisa aritu da, batez ere zerrendan duen estrategiaz aritzeko. Iragan azaro amaierako bahituen eta presoen trukea negoziatu zuten ordezkarietako bat izan zen —horri buruzko elkarrizketa izaten ari dira asteotan ere—.
Haren heriotza kolpe gogorra da Hamasentzat, baina Palestinako organizazio islamista horren adar politikoko kide Ezzat al-Rixqek gaur esan du «erresistentziak» ez duela «inoiz amore emango». Komunikatu baten bitartez, Al-Rixqek adierazi du «okupatzaile sionistaren hilketek» ez dutela «hautsiko herriaren borondatea eta erresistentzia»; hau da, Israelgo armadari bota dio errua.
Bide beretik jo du Libanoko lehen ministro Najib Mikatek; harentzat, erasoa «israeldarren krimen bat» izan da, eta helburutzat du Libano «gatazkaren beste fase batera eramatea», komunikatu baten bitartez adierazi duenez. Gainera, azaldu du salaketa bat aurkeztuko dutela Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, «eraso lotsagabe» horrengatik.
PAN Palestinako Aginte Nazionalaren kasuan ere, hango gobernuburu Mohammad Xtayyehk Israeli leporatu dio hilketa; «krimentzat» jo du Al-Aruriren heriotza, eta adierazi agerikoa dela nork egin duen. Eta Ekialde Hurbileko potentziei dagokionez, Iranek jarrera berbera izan du, adierazita heriotza horrek Israelen kontrako «borroka akuilatuko» duela eskualdean.
Gatazka okertzea
Litekeena da Hamaseko adar politikoaren buruzagiorde zena hiltzeak are gehiago gaiztotzea hilabeteotako gatazka. Israelgo armadak 2006an egin zion azkenekoz eraso Beiruti, eta, gaurkoaren egilea litzatekeela baieztatuz gero, baliteke Hezbollahren eta militarren arteko gerra bat piztea, berriz ere; edo, behintzat, elkarren kontrako erasoak nabarmen areagotzea. Joan den urriaren 7tik honako erasoak Israelen eta Libanoren arteko mugan izan dira.
Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak joan den astean adierazi zuen, Israelgo Parlamentuan, herrialde horretako armada zazpi frontetan ari dela borrokan: «Fronte asko dituen gerra batean gaude: Gaza, Libano, Siria, Judea eta Samaria [Zisjordania], Irak, Yemen eta Iran».
Ikusi gehiago