Gazan su eten bat adosteko ahaleginak areagotu dira

Hamaseko lider politiko Ismail Haniyeh Egiptoko Gobernuko agintariekin bildu da Kairon. Israelek jakinarazi du Zipretik itsas korridore bat ireki nahi duela, hortik laguntza humanitarioa eramateko Gazara.

(ID_13441280) Haniyeh
Irango Atzerri Ministerioak zabaldutako irudi horretan, Haniyeh ageri da, gaur, Dohan. EFE
asier gonzalez de san pedro
2023ko abenduaren 20a
16:40
Entzun

Hamaseko lider politiko Ismail Haniyeh Egiptora iritsi dela jakinarazi du gaur milizia palestinarrak. Egiptoko Gobernuko arduradunekin bildu da, Gazan menia bat ezartzea negoziatzeko, eta preso palestinarren eta Hamasek bahitutako israeldarren arteko trukaketaz hitz egiteko. Haniyeh bi aldiz bakarrik joan da Egiptora azken hilabetean: Hamasen eta Israelen arteko lehen su etena iragarri baino egun batzuk lehenago eta gaur. Milizia horren lider politikoa Irango Atzerri ministroarekin bildu zen atzo, eta, Turkiako Anadolu hedabidearen arabera, su eten iraunkor bat lortzeko prest azaldu da. Hamasek, berriz, atzo ohartarazi zuen ez duela negoziatuko bahituak askatzea Israelek Gazari eraso egiten jarraitzen duen bitartean.

Haien «lehentasuna» gerra bukatzea dela adierazi du Hamaseko ofizial Ghazi Hamdaek, Al Jazeera Qatarko telebista katean emandako elkarrizketa batean. Gazan gertatzen ari dena «hondamendi handia» dela gehitu du, eta behin gerra bukatzean «edozeinekin» negoziatzeko prest azaldu da, baita Palestinako presoentzat eta Gazan bahitutako lagunentzat «konpromiso handiak» adosteko ere. Hamaseko ofizialak Al-Fatahko buruekin hitz egiten ari direla esan du, eta Palestinako beste fakzioak «askotan» deitu dituztela egoeraz eztabaidatzeko eta «erabakiak batera hartzeko».

Israelgo presidente Isaac Herzogek ere atzo adierazi zuen agian prest legokeela menia bat adosteko, Hamasek bahituta dauzkan lagun batzuk aske utziz gero. Israelgo Kanpo Politikako ministro Eli Cohen negoziatzen hasi da Ziprerekin, Israelek Gazari laguntza humanitarioa bidaltzeko. Zipretik itsas korridore bat ireki nahi duela azaldu du, Gazara laguntza humanitarioa ahalik eta azkarren irits dadin eta hartara «egonkortasuna» izan dadin zerrendan. Asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute nola helarazi laguntza hori. Hala ere, laguntza humanitario hori bidali aurretik «ondo» ikuskatuko dutela aitortu du. Israelgo Segurtasun ministro Itamar Ben-Gvirrek, berriz, X sare sozialean argitaratutako testu batean adierazi du ez dela menia baterako garaia, baizik eta erabaki militarrak hartzekoa.

Bitartean, Israelek Gaza eta Zisjordaniari erasotzen jarraitzen du. Azken orduetan Hamasen 300 helbururi baino gehiagori eraso diela baieztatu du Israelgo armadak, eta operazio horretan «azpiegitura terroristak» suntsitu dituela baieztatu du. Jabalian, zerrendako iparraldean, 46 pertsona hil eta 110 zauritu dituzte gaur, Gazako Osasun Ministerioak X sare sozialean azaldu duenez. Aire erasoak ere egin ditu Israelgo armadak Rafahn, Kuwaitek zuzentzen duen erietxetik gertu, eta 25 pertsona zauritu ditu, gehienak umeak eta emakumeak; beste erasoetako bat Egiptoko mugatik gertu egin du.

Zisjordanian, Tubas eta Tammun hiriei ere eraso egin die Israelek goizaldean. Hainbat pertsona zauritu dituzte, horien artean 16 urteko gazte bat, eta azaro bukaerako menian aske geratu ziren preso palestinarrekin zerikusia duten bi pertsona atxilotu dituzte, Wafaren arabera.

Bozketa, berriz atzeratuta

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak su eten baten aldeko ebazpenaren bozketa egin behar zuen atzo, baina bigarrenez atzeratu zuten bozketa hori, AEB Ameriketako Estatu Batuek hilabete batean hirugarrenez betorik jar ez diezaioten —herenegun gauza bera gertatu zen—. Ebazpenaren helburua da Gazara laguntza humanitarioa iristea. Gaur berriro dira bozkatzekoak, baina ez dute besterik zehaztu. Washingtonek bi aldiz bozkatu du ebazpenaren aurka, uste baitu laguntza humanitarioa eramateko menia bat ezartzen bada Hamasek armak eskuratuko dituela eta beste eraso bat egingo diola Israeli. AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile John Kirbyk berretsi du AEBentzat «garrantzitsua» dela ebazpenak Hamas gaitzestea eta «Israelek bere burua defendatzeko beharra aitortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.