Hamas milizia palestinarraren aurkako operazioak areagotu ditu Israelek azken egunetan. Hamasek miliziaren adar politikoko buruzagi Ismail Haniyeh hil izana leporatu zion atzo Israeli —goizaldean hil zituzten Hainyeh eta haren bizkartzaina, Teheranen—. Gaur egin dute haren hileta Teheranen. Bestalde, Tel Avivek baieztatu du uztailaren 13an Khan Yunisen (Gaza) aurka egindako erasoan Hamasen adar militarreko buruzagi Mohammed Deif hil zuela. Hamasek oraindik ez du hilketa baieztatu, baina, Tel Avivek dioena hala izango balitz, Hamasek bere bi adar nagusien buruzagiak galdu ditu hiru astean baino gutxiagoan.
Deif, Hamasen adar militarra osatzen duten Qassam Brigadeko buruzagi izateaz gain, haien sortzaileetako bat ere izan zen 1990eko hamarkadan, eta, urte luzez, Israelgo armadaren jopuntuan egon zen Deif; are gehiago, Tel Aviv gutxienez zazpi aldiz saiatu zen bera hiltzen aurretik. 2014an bere emaztea, semea eta alaba hil zituen Israelek zerrendaren aurkako eraso batean.
Deif hil zuten susmoa azalarazi zuten Israelgo militarrek uztailaren 14an, baina, gaur, susmoak baiezta ditzaketela jakinarazi dute, ohar bidez: «Orain baiezta dezakegu: Mohammed Deif ezabatu egin genuen». Hamasek hilketaren inguruko adierazpenik egin ez duen arren, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek adierazi du hilketa «mugarria» izan dela «Hamas Gazako agintari militar eta gobernatzaile gisa desegiteko prozesuan».
«Deifen hilketa mugarri garrantzitsua izan da Hamas Gazako agintari militar eta gobernatzaile gisa desegiteko prozesuan»
YOAV GALLANT Israelgo Defentsa ministroa
Gallantenak ez dira izan Tel Avivetik etorritako adierazpen bakarrak. Israelgo eskuin muturreko Finantza ministro Bezalel Smotrichek X bidez esan duenez, milizia palestinarra «kolapsotik inoiz baino gertuago» dago: «Ezin gara gelditu garaipena hain hurbil dugun honetan!»
Tel Avivek egindako adierazpenen arabera, Deif uztailaren 13an Al-Mawasiko gune humanitarioaren aurka egin zuten erasoan hil zen. Israelgo armadak «gune segurua» bonbardatu zuen egun hartan —Israelek izendatzen ditu zeintzuk diren gune humanitarioak, palestinarrak bertara joanik eraso ez diezaieten—, eta 90 palestinar baino gehiago hil eta beste 300 inguru zauritu.
«Haserre bizia eta mendeku gosea»
Israelek, herenegun Haniyeh hiltzeaz gain, beste eraso batzuk egin zituen eskualdean; Libanon, adibidez. Beiruten egindako erasoan, Irango Armada Iraultzailearen aholkulari Milad Beidi hil zuten. Horren inguruan mintzatu da armada iraultzaileko buruzagi Hossein Salami IRNA Irango albiste agentziarekin. Haren aburuz, Beidiren hilketak areagotu egin du Israelek Irango gazteei pizten dien «haserre bizia eta mendeku gosea».