Hamasekin beste negoziazio aldi bat hasteko prest agertu da Israel

AEBek, Egiptok eta Qatarrek bilera batera deitu dituzte bi aldeak abuztuaren 15erako. Iragarri dute proposamena Bidenek maiatzean aurkeztutako planaren antzekoa izango dela.

Netanyahuren gobernuaren aurkako eta menia baten aldeko protesta, uztailaren 25ean, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Netanyahuren gobernuaren aurkako eta menia baten aldeko protesta, uztailaren 25ean, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 9a
18:50
Entzun

«Ordua da su etena hitzartzeko eta bahitu zein atxilotuak askatzeko akordioa ixteko». Hala adierazi dute AEB Amerikako Estatu Batuetako, Egiptoko eta Qatarreko agintariek bart argitaratutako oharrean. Bertan, Israeli eta Hamasi negoziazioetara itzultzeko deia egiten diete; eta Tel Avivek erantzun du: abuztuaren 15ean egingo diren negoziazioetan egongo da. Hala baieztatu du gaur Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bozeramailearen bulegoak, ohar bidez. Iazko urriaren 7aren erasoaz geroztik Israelek Gazako oldarraldia areagotu zuenetik, behin bakarrik lortu da menia bat: iazko azaroan, astebetekoa.

Oraindik ez dute zehaztu non bilduko diren —eskualdeko hedabideek diotenez, espero dute bilera Dohan edo Kairon izatea—, baina lehen ministroaren bulegoak baieztatu du abuztuaren 15ean Israel ordezkatuko duen talde bat egongo dela bileran. Esan dutenez, «azken xehetasunak adostea eta akordioa martxan jartzea» izango dute xede ordezkariek. Izan ere, hori da negoziazioak bideratu dituzten hiru estatuen agintariek bart negoziazio leiho berriari jarritako helburua, ez direlako geratzen «ez galtzeko denborarik, ezta aitzakiarik ere» . Buruzagiek oharrean adierazi dutenez, akordioaren «marko orokorra» jarriko diete mahai gainean Hamasi eta Israeli, eta haien egiteko bakarrak xehetasunak ezartzea izango da.

Ez dute «marko orokor» horren inguruko azalpenik eman, baina jakinarazi dute AEBetako presidente Bidenek iragan maiatzean azaldutako akordio proposamenean oinarriturik dagoela. Bertan, hiru fase aurreikusten zituen Bidenek: sei aste izango lituzkete «erabateko su etena» ezartzeko Gazan, Israelgo armada «jendegune guztietatik» joan eta Hamasek zenbait bahitu askatzeko; bigarren fasean, «borrokak behin betiko» amaituko lirateke, Palestinako organizazio islamistak gainerako bahitu guztiak askatuko lituzke eta Israelgo armada zerrendatik aterako litzateke; eta hirugarren fasean, Gaza berreraikitzeko plan bat abiatuko lukete. Netanyahuk ezezkoa eman zion bere garaian plan horri; hortaz, aurreikusten dute datorren astean eztabaidatuko duten testuak zenbait aldaketa izatea.

Nazioarteak begi onez hartu du Israelen eta Hamasen arteko negoziazioetan bitartekari lanetan ari diren hiru herrialdeen eskaera. Are gehiago, Libanok «prozesua azkartzeko» eskatu die akordioaren parte diren guztiei, «ez baitago menia atzeratzeko astirik».  Atzerri ministro Abdallah Bou Haninek ohar bidez gaineratu duenez, Libanok proposamen gehigarri bat plazaratuko du akordioren bat lortuz gero: «Libanoko Gobernuak beste proposamen bat aurkezteko asmoa du [AEBek, Egiptok eta Qatarrek] proposatutako akordioko elementuak bi aldeen nahietara moldatu eta ezarri ahal izateko».

Netanyahuk baiezkoa eman duen arren, Israelgo gobernukide orok ez du begi onez ikusten negoziazioetara aurkeztea. Eskuin muturreko Ekonomia ministro Bezale Smotrichek, esaterako, adierazia du ez dagoela ados. X sare sozialean argitaratutako mezu batean, esan du proposatutako akordioa «tranpa bat» dela: «Ez dago tranpa arriskutsu baterako lekurik, non 'bitartekariek formula bat' emango diguten eta Israelen disuasioari eta Ekialde Hurbilean duen irudiari garrantzia kenduko dion akordio bat ezarriko diguten».

Erasoan jarraitu

Israelek negoziatzeko nolabaiteko prestasuna erakutsi duen egun berean areagotu du zerrendaren aurkako oldarraldia, beste behin. 30 aldiz baino gehiagotan bonbardatu du Khan Yunis egun osoan. Eraso horietan zenbat pertsona hil dituzten inguruko informaziorik ez dago. Hala ere, Khan Yunisen zeuden «ehunka» palestinarrek ihes egin behar izan dute hiritik, bertan dauden hedabideek diotenez. Izan ere, airez egindako erasoez gain, Israelgo armadak erabaki du hiriari lurrez ere erasotzea. Tel Avivek Khan Yunis inguruan egin zuen azken erasoaldian, uztailean, 300 lagun baino gehiago hil zituen.

Iranek Hamas mendekatu nahi du

Hamaseko buruzagi politikoaren eta militarraren erailketek —Israelek ez du bere gain hartu Hamasen adar politikoko buru Ismail Haniyehren hilketa, baina talde islamistak eta Iranek hari leporatzen diote— tentsioa areagotu dute Ekialde Hurbilean, Gazatik eskualdera zabaldu daitekeen gerra baten beldurra indartuz. Iranen eta Israelen arteko liskarrak beste urrats bat egin du gaur. Izan ere, Irango Armada Iraultzaileko buru Ismail Qaanik Hamaseko buruzagi politiko berri Yahya Sinwarri gutun bidez adierazi dionez, «Haniyehren odola mendekatzeko prestatzen» ari dira: «Gure eginkizuna da». AP Associated Press berri agentziak eman du irandarraren gutunaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.