Hamasek bertan behera utzi du aste honetako trukea, Israeli menia urratzea egotzita

Israelgo Defentsa ministroak «prest» egoteko agindu die Gazan dauden Israelgo tropei. Palestinako erakunde islamistak Donald Trumpi ohartarazi dio Gazarako bere planak huts egingo lukeela, eta zerrenda ez dela jabetza bat, ezin dela erosi edo saldu.

Hainbat pertsona Gaza hegoaldetik iparraldera bidean, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
Hainbat pertsona Gaza hegoaldetik iparraldera bidean, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko otsailaren 10a
16:41
Entzun

Azken gertakariek are gehiago tenkatu dute Hamasen eta Israelen arteko harremana, Gazarako adostutako menia kolokan jartzeraino; izan ere, Palestinako erakunde islamistak bertan behera utzi du larunbat honetan egitekoak ziren gatibuen eta preso palestinarren arteko trukea. Erakundeko adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek eman dute horren berri, komunikatu baten bidez, eta argudiatu dute Israelek menian adostutako baldintzak urratu dituelako erabaki dutela trukea atzeratzea. Bada, zertxobait geroago Hamasek beste komunikatu bat kaleratu du, eta horretan hauxe azaldu du: «Bost egun geratzen dira datorren larunbatera arte. Bost egunetan bitartekariek badute nahikoa denbora Israeli presio handiagoa egiteko, akordioan adostutakoak bete ditzan». Are, erakunde palestinarrak baieztatu du posible dela aste honetako trukea aurreikusi bezala egitea.

Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek berehala erantzun dio albisteari: su etenaren aurka egitea leporatu dio Hamasi, eta oraindik Gazan dauden Israelgo tropei agindu die «adi eta prest» egoteko. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, berriz, gaur gauerako ezohiko bilera batera deitu du Segurtasun Kabinetea.

Gaur hiru aste sartu zen menia indarrean, eta denbora horretan bost truke egin dituzte: Palestinako erakunde islamistak 21 gatibu utzi ditu aske, eta Israelek, 600 preso palestinar inguru. Akordioaren arabera, lehenengo fasean 33 gatibu utzi behar dituzte aske, hortaz, oraindik hamazazpi pertsona askatu behar lituzke Hamasek. Israelek jakinarazi izan duenez, baina, hilik daude hamazazpi pertsona horietatik zortzi; alegia, bederatzi gatibu geratzen dira lehenengo fasean aske uzteko. Al-Qassam Brigadek komunikatuan adierazi dute Israelek «hainbat» urraketa egin dituela: besteak beste, Gaza bonbardatzen jarraitzea, zerrenda iparraldera itzultzeko baimena adostutakoa baino geroago ematea, eta aske utzitako preso palestinarrak osasun egoera «tamalgarrian» egotea.

Behin baino gehiagotan salatu du Hamasek Tel Avivek askatutako presoen osasun egoera; azken trukean, ordea, gauza bera egin zuen Israelgo Gobernuak. Herenegun hiru gizonezko gatibu utzi zituzten aske, eta beren senideek eta herrialdeko presidente Isaac Herzogek salatu zuten «oso ahul eta zurbil» itzuli zirela, eta zalantzan jarri zuten milizia palestinarrek emandako tratua. Horrez gain, hautsak harrotu dituzte azken egunotan AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Gazaren etorkizunari buruz egindako iruzkinek.

Trumpen «zentzugabekeria»

Zerrendan bizi diren bi milioi palestinar baino gehiago Egiptora eta Jordaniara bidaltzea eta, behin lur eremu hori hustuta, dena berreraikitzea «munduko jendea» Gazan bizi dadin. Horixe da Trumpek duen plana gatazka amaitzeko; Israelek suntsitutako lurren gainean «Ekialde Hurbileko Riviera» eraikitzea. Iragan astean eman zuen asmo horren berri, Netanyahurekin bildu ondoren. Nazioarteak aho batez kritikatu zuen proposamena, eta gauza bera egin du gaur Hamasek, komunikatu baten bidez: «Gaza ez da jabetza pribatu bat, ezin da erosi edo saldu; Palestinako lurralde okupatuen zati garrantzitsu bat da».

Palestinako erakunde islamistak uste du Trumpen planak ez lukeela aurrera egiteko modurik izango, saiatuta ere. Are, «zentzugabekeria hutsa» litzatekeela iritzi dio, eta agerian uzten duela Etxe Zuriko buruak ez duela «inolako» ezagutzarik Palestinaren eta Ekialde Hurbilaren inguruan. «Gaza gazatarrena da, eta ez dute abandonatuko baldin eta beren etxeetara itzultzeko ez bada, zeinak 1948an okupatu zituzten», gaineratu du Hamasek oharrean. Halere, iragarritako asmoari helduko diola berretsi zuen atzo AEBetako presidenteak prentsaurreko batean: «Gaza kontrolpean hartzeko konpromiso irmoa daukagu, Hamas hara inoiz itzul ez dadin».

Antzera mintzatu da gaur ere, AEBetako Fox News telebista katean egindako elkarrizketa batean. Haren arabera, plana abian jarriz gero palestinarrek ez lukete Gazara itzultzeko eskubiderik izango; kontrara, AEBek eraikitako «askoz ere eremu hobe batean» biziko liratekeela esan du. Eremu hori non egongo litzatekeen galdetuta, Trumpek adierazi du sei kokaleku dituela buruan. Etxe Zuriko buruak behin baino gehiagotan proposatu izan du palestinarrak Egiptora edo Jordaniara bidaltzea, nahiz eta bi herrialdeek ezetz erantzun dioten, ez luketela hori onartuko. Hain justu, AEBetako presidentea Jordaniako errege Abdullah II.arekin biltzekoa da bihar Washingtonen, Etxe Zurian.

Suntsitutako eremua

Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako tregoa urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, eta, ondorioz, milaka desplazatu palestinar etxera itzuli ziren handik astebetera. Batez ere, Gaza iparraldera itzuli ziren; izan ere, menia adostu baino lehen eremu hori ia erabat kontrolpean hartua zuen Israelek. Gazako agintariek emandako datuen arabera, 700.000 pertsona inguruk utzi dute Gaza iparraldea 2023ko urriaren 7az geroztik.

Bada, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko bozeramaile Tess Ingramek sare sozialetan adierazi duenez, eremua zer egoeratan dagoen ikustea «kolpe handia» da hara itzultzen direnentzat; batez ere, haurrentzat. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, Israelen erasoen ondorioz erabat suntsituta daude Gazako hamar etxetatik bederatzi, eta egoera are larriagoa da iparraldean. «Komunitate gehienetan ez dago osasun baliabiderik, ezta aterpe hartzeko eremurik ere», jakinarazi du Ingramek.

580

Zenbat palestinar atxilotu zituen Israelek Zisjordanian urtarrilean. Israelgo soldaduek 580 pertsona atxilotu zituzten Zisjordanian joan den hilean, Al-Jazeera hedabideak atzo emandako datuen arabera. Gehienak iparraldeko Jenin hiriko errefuxiatuentzako kanpalekuan hartu zituzten preso. Bestalde, atxilotuetatik 60 haurrak dira.

Urtarrilaren 27tik, hegoaldera desplazatutako gazatarrek kostaldeko Al-Raxid errepidean gora egin dute itzulera. Gaurtik aurrera, ordea, irekita dago Gaza hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen Salah al-Din errepidea ere, eta bide hori ere erabili ahal izango dute iparraldera itzultzeko. Hala jakinarazi du Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek, prentsaurreko batean. Bide hori erabiltzea posible da Israelek atzo bere tropak atera zituelako Netzarim pasabidetik eta ingurutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.