Netanyahu: «Hamasek gatibuak askatzen ez baditu, gerrari ekingo diogu berriz»

AEBetako presidenteak ohartarazi du Gaza «infernu» bihurtzen utziko diola Israeli Hamasek gatibuen hurrengo trukea egiten ez badu. Hamasek adierazi du gatibuak eta preso palestinarrak trukatzen jarraitzeko bide bakarra bi aldeek menia errespetatzea dela.

Zenbait herritar Gazako hegoaldetik iparraldera bidean, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Zenbait herritar Gazako hegoaldetik iparraldera bidean, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 11
13:10
Entzun

Lau orduz bilduta egon da gaur Israelgo Segurtasun Kabinetea, Hamasek larunbatean egitekoa zen seigarren trukea bertan behera utzi ondoren. Bilkura horretan, kabineteak erabaki du meniari eutsiko diola baldin eta Palestinako erakunde islamistak gatibuak aske uzten baditu. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eman du horren berri, sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez, eta ohartarazpena egin dio Hamasi: «Larunbat eguerdirako gatibuak ez badaude aske, gerrari ekingo diogu Gazan». Netanyahuren mehatxuaren aurretik iritsi da, bart, AEBetako presidente Donald Trumpen abisua; haren arabera, Hamasek aste honetako gatibu trukea gauzatu ezean Gaza «infernu» bihurtzen utziko dio Israeli. 

Trumpek bart egindako mehatxuari gaur goizaldean erantzun dio Hamasek, eta adierazi du gatibuak eta preso palestinarrak trukatzen jarraitzeko bide bakarra bi aldeek menia errespetatzea dela. Are, erakunde palestinar horretako bozeramaileak Etxe Zuriko buruari ohartarazi dio mehatxuek ez dutela ezertarako balio: «Gauzak zailtzeko baino ez dute balio», esan dio Reuters berri agentziari. AEBetako presidenteak ere larunbat eguerdira arteko tartea eman dio Hamasi, eta ziurtatu du akordioa bertan behera utziko duela Hamasek ez baditu hitzartutako gatibuak ordurako askatzen. Halere, argi utzi zuen AEBen izenean mintzo zela, eta Israelek berak ikusiko duela zer egin.

Hamasen eta Israelen menia.

AEBetako presidentearekin ados agertu dira Israelgo politikari ultraeskuindarrenak. «Guztiak aske, orain!», idatzi du Bezalel Smotrich Finantza ministroak sare sozialetan. Are eta zuzenagoa izan da Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalerako ministro ohia: «Trumpek arrazoia du. Atzera egin eta suntsitu, orain!», adierazi du hark ere sare sozialetan. Ben Gvirrek dimisioa eman zuen Israelgo Gobernuak su etenerako akordioa sinatu zuenean.

Atzo arratsaldean kaleratutako komunikatu batean, Hamasen adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek jakinarazi zuten Israelek menia urratu duela, eta Hamasek ez duela seigarren gatibu eta preso trukea egingo. Israeli egotzitako urraketen artean aipatu zituzten, besteak beste, Gaza bonbardatzen jarraitzea, zerrenda iparraldera itzultzeko baimena adostu baino beranduago ematea, eta aske utzitako preso palestinarren osasuna «tamalgarria» izatea. Halere, Hamasek zirrikitu bat irekita utzi zuen: «Bitartekariek badute nahikoa denbora Israeli presio handiagoa egiteko, akordioan adostutakoak bete ditzan».

Badira hiru aste baino gehiago su etena indarrean sartu zela, eta tarte horretan bost truke egin dituzte: Palestinako erakunde islamistak 21 gatibu utzi ditu aske, eta Israelek, 600 preso palestinar inguru. Akordioaren arabera, lehenengo fasean 33 gatibu utzi behar dituzte aske.

Akordioa hautsiko ote den beldur

Su etenak indarrean jarraitzea zeinen garrantzitsua den nabarmendu du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gaur, sare sozialetan. Gazako erakunde islamistari eskatu dio bahituak askatzen jarraitzeko, eta gogorarazi du bi aldeek bete behar dituztela konpromisoak. Nabarmendu du «kosta ahala kosta» eragotzi behar dela Gazan berriz ere borrokak piztea, horrek «izugarrizko tragedia» eragingo bailuke zerrendan.

Horren beldur dira Gazan bizi diren palestinarrak ere. Al-Jazeera hedabideak Khan Yunisen —zerrendaren hegoaldean— bizi diren zenbait palestinarren lekukotzak jaso ditu. Haien arabera, herritarrek kezkaz hartu dituzte azken egunetako adierazpen eta mehatxuak. Su etenarekin lasaitua hartu zutela esan dute, eta orain menia bertan behera geratzeko arriskuan dagoela uste dute.

Zerrendaren iparraldera itzuli diren palestinarren hitzak jaso ditu EFE berri agentziak. Azaldu dute suntsipen erabatekoa aurkitu dutela han, eta Israelgo armadak ez duela ezer «zutik» utzi: «Zuhaitzak, lantegiak, dendak, etxeak, autoak... asfaltoa ere suntsitu dute», deitoratu du Khan Yunistik Gazako bere bizitokira itzuli den palestinar batek.

Egipto, Jordania eta Trump

Gaur astebete, Trumpek iragarri zuen zein zen gatazka amaitzeko bere plana: zerrendan bizi diren bi milioi palestinar baino gehiago Egiptora eta Jordaniara bidaltzea eta, behin eremu hori hustuta, dena berreraikitzea «munduko jendea» Gazan bizi dadin.

Horren harira, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria eta Badr Abdelatty Egiptoko Atzerri ministroa atzo batzartu ziren, Washingtonen. Abdelattyk Rubiori jakinarazi zion herrialde arabiarrak Trumpen planaren aurka daudela. Egiptoko Atzerri Ministerioak atzo kaleratutako komunikatuan, Abdelattyk nabarmendu zuen beharrezkoa dela zerrenda berreraikitzen hastea, eta argi utzi zuen palestinarrek Gazan geratu behar dutela. Iritzi berekoa da Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisi: haren bulegoak zabaldutako ohar batean adierazi du palestinarrak lekualdatu gabe berreraiki behar dela Gaza. Gaur arratsaldean Jordaniako erregearekin batzartzekoa da Trump.

Bestalde, gaur iluntzean Jordaniako errege Abdullah II.arekin batzartu da Trump. Bilkuraren ondoren bi agintariek batera egindako prentsaurrekoan, oso ahul, osasun egoera larrian edo gaixorik dauden 2.000 haur gazatar herrialdean hartzeko prest agertu da Jordaniako erregea. Hori entzun ondoren, Trumpek esan du «oso keinu polita» izango litzatekeela. Gaza kontrolpean hartzeko Trumpen planaz galdetuta, Abdullah II.ak adierazi du ez dela komeni «aurreratzea», eta nahiago duela itxaron Egiptok Gazaren etorkizunerako ontzen ari den plana aurkeztera.

87 urteko gatibu israeldar bat hilik dago

Hamasek Shlomo Mansur izeneko 87 urteko israeldar bat bahitu zuen 2023ko urriaren 7an, eta hilik dagoela jakinarazi du gaur Kisufim kibbutzak. Hori zen haren bizilekua, eta han hartu zuten gatibu. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak doluminak eman dizkio hildakoaren familiari sare sozialen bidez, eta gehitu du urriaren 7an hil zutela Mansur, eta Gazara eraman zutela gero. Kibbutzak ez du argitu noiz hil zuten. Lehen fasean askatzekoak ziren 33 bahituetako bat zen Mansur. Hamasek esan du 33 horietatik zortzi hilik daudela, baina ez du zehaztu nor diren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.