Hamasek Israelgo lau gatiburen gorpuak entregatu ditu

Palestinako erakunde islamistak esan du lau bahituak Israelgo armadaren bonbardaketetan hil zirela. Israelgo presidenteak barkamena eskatu du bahituak etxera «onik» ez ekartzeagatik.

Lau bahituen hilkutxak Gurutze Gorriari eman aurretik, atzean Netayahuren aurkako mezuak, gaur, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE
Lau bahituen hilkutxak Gurutze Gorriari eman aurretik, atzean Netayahuren aurkako mezuak, gaur, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 20a
11:36
Entzun

Hamas Palestinako erakunde islamistak lau bahitu israeldarren gorpuak entregatu ditu gaur. 2023ko urriaren 7an gatibu hartu zituzten lau pertsonarenak dira: 32 urteko emakume bat, haren bi haur adingabeak eta 83 urteko gizon bat; Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. Israelgo armadak baieztatu du lau hilkutxak jaso dituela eta gorpuak Israelgo Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituztela, Tel Avivera, identifika ditzaten.

Lau zerraldoak Gurutze Gorriari entregatu aurretik, oholtza baten gainean eduki dituzte, bakoitzari bere izena eta argazkia jarrita. Alboan, bi misilen karkasak jarri, eta AEBetako bonbek hil zituzten mezua idatzi dute. Hilkutxen atzean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren irudi handi bat ipini dute, banpiro baten moduan irudikatua. Eta arabieraz, hebreeraz, eta ingelesez idatzitako mezu bat: gerrako kriminal Netanyahuk eta haren armada naziak hil dituzte, armada sionistako gerra hegazkinetatik jaurtitako misilekin.

Hamasek mezu hori nabarmendu nahi izan du Israelgo herritarrentzat. Bahitutakoak bizirik itzuli nahi zituztela azaldu du Palestinako erakundeak ohar batean. Tratu «gizatiarra» eman zietela ere gehitu du, baina, esan duenez, «haien armadak hil zituen, haien bahitzaileekin batera». Eta Tel Avivi ohartarazi dio trukea dela bahituak Israelera bizirik itzultzeko modu bakarra, «indar militarra erabiltzeak edo beste gerra bat hasteak» bahitu gehiago hiltzea baino ez duela eragingo.

Netanyahuk ez du erakunde palestinarrak antolatutako ekitaldia begi onez ikusi. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, Hamasi ohartarazi dio egindakoagatik «gogotik ordainduko» dutela. Horren ondoren, bere bulegoak jakinarazi du, ohar bidez, mediku azterketen arabera  83 urteko gatibu Oded Lifshitz ez zela Israelen bonbardaketa batean hil, baizik eta Jihad Islamikoak hil zuela, bahituta zegoela. 

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Volker Tuerkek ohar batean gaitzetsi du Hamasek gaur bahituen hilotzak entregatzeko egindako ekitaldia, haren ustez ez baitu hildakoen «duintasuna» zaindu: «Nazioarteko zuzenbidearen arabera, gorpuak entregatzean hildakoen eta haien familien duintasuna errespetatzen dela bermatu behar da».

Israelgo presidente Isaac Herzogek barkamena eskatu du gaur entregatu dituzten lau bahituen heriotzagatik: «Barkatu egun hartan [2023ko urriaren 7an] babestu ez izanagatik. Barkatu etxera onik ez ekartzeagatik», adierazi du sare sozialetan zabaldu duen mezu batean.

Urtarrilaren 19an sartu zen indarrean bi aldeen arteko su etena, eta orduan egin zuten lehen preso trukea. Ordutik, Hamasek entregatutako bahituen truke, Israelek 1.135 preso palestinar askatu ditu. Larunbatean beste sei bahitu askatzekoa da erakunde islamista, eta espero da Israelek 502 preso palestinar askatuko dituela. Gainera, Hamasek beste lau gatiburen gorpuak entregatuko ditu hurrengo ostegunean. Hala, akordioan adostutako bahitu kopurua aske geratuko da martxoaren 1a baino lehen. Egun horretan amaituko da meniaren lehen fasea, bederatzi egun barru.

Orduan, Israelgo 58 gatibu geratuko dira Gazan; horietatik 34 hilik daudela uste du Israelgo Gobernuak. Hamas prest agertu da bahitu horiek guztiak bigarren fasean askatzeko. Palestinako erakunde horretako bozeramaile Hazem Qassemek atzo zehaztu zuen aukera hori posible izango dela baldin eta Israelek Gazaren aurkako erasoaldia behin betiko eteten badu, eta zerrendatik ateratzen baditu han dituen tropa guztiak.

Hildako bat, Gaza hirian

Menia indarrean sartu arren, Israelgo soldaduak zerrendan daude oraindik ere, eta su etena indarrean sartu zenetik 40 palestinar hil dituzte gutxienez, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Azkena, gaur. 23 urteko palestinar bat tiroz hil dute Gaza hirian, Wafa Palestinako berri agentziak jakinarazi duenez. Israelgo armadak ere eman du gertatutakoaren berri; haren arabera, zenbait palestinar Israelgo soldaduengana hurbiltzen ari ziren, eta tiro egin dute abisu moduan, «susmagarriak» uxatzeko. Baina horietako batek aurrera egin du berriz ere, eta tiro egin diote; haien arabera, «mehatxu bat» baitzen.

Bart, beste hiru palestinar hil dituzte Tubas hiritik gertu, Zisjordanian. Wafak aditzera eman duenez, militarrak errefuxiatuen kanpaleku batean sartu dira, eta hiru herritar tiroz hil dituzte. Israelgo armadak esan du «terroristak» zirela. Gero, beste bi palestinar atxilo hartu dituzte gune berean.

Etxe prefabrikatuak Gazarako

Egiptok hamabost etxe prefabrikatu bidali ditu gaur Gazara. Zerrenda berreraiki bitartean, etxerik gabe geratu diren familiek aterpe har dezaten balioko dute eraikin prefabrikatuek. Horrez gain, Kairok hondeamakinak ere bidali dituela jakinarazi dute Egiptoko hedabideek, eta baliabide gehiago bidaliko dituztela adierazi dute.

Bost kamioitan bidali dituzte etxeak, eta Egipto eta Israelen arteko Kerem Shalomeko pasagunea zeharkatu dute. Zerrendara sartu aurretik, Israelgo soldaduek ikuskatuko dituzte. Duela bi egun iritsi ziren lehen hondeamakinak Gazara, nahiz eta Israelek esana zuen ez zuela utziko halako makinarik sartzen.

Egiptoko Gobernuak esana du posible dela Gaza berreraikitzea palestinarrak bertatik atera gabe, eta plan bat duela horretarako. Atzo, Egiptoko lehen ministro Mustafa Madbulik jakinarazi zuen hiru urtetan berreraiki ahalko dutela. Donald Trump AEBetako presidenteak, kontrara, gazatarrak kanporatzeko asmoa adierazi izan du, eta iradoki du Gaza «Ekialde Hurbileko Riviera» bihurtuko duela hura berreraiki ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.