Azkenean, hitzartutakoarekin aurrera egitea erabaki du Hamasek, eta aske utzi ditu 2023ko urriaren 7an gatibu hartutako hiru israeldar; Israelek 369 preso palestinar askatu ditu. Hala, Gazarako menia onartu zutenetik seigarren trukea egin dute Palestinako erakunde islamistak eta Tel Avivek.
Aurreko trukeetan bezala, Hamaseko kideek eszenatoki baten gainera igo dituzte hiru gatibuak, Khan Yunisen, zerrendaren hegoaldean. Ondoren, Gurutze Gorriko ibilgailu batean bidali dituzte Israelgo mugara, eta handik Israelgo armadaren helikoptero batean eraman dituzte Tel Avivera. Ostera, Israelek aske utzi ditu 369 preso palestinar. Horietatik gehienak Gazara bidali dituzte, bederatzi Zisjordanian askatu dituzte, bi Jerusalem ekialdean, eta 25 Egiptora deportatu dituzte.
Palestinako erakunde islamistak astelehenean iragarri zuen bertan behera utziko zuela seigarren trukea, Israeli menia urratzea egozten baitzioten. Hurrengo egunean, Etxe Zuriaren eta Tel Aviven mehatxuak iritsi ziren. Donald Trump AEBetako presidenteak Gaza «infernu» bihurtzen utziko zuela esan zuen. Zehatzagoa izan zen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, eta ohartarazi zuen bahituak askatu ezean gerrari ekingo ziotela berriz. Eta Hamasek ostegunean esan zuen adostutakoarekin aurrera egitea erabaki zuela.
Hamasen arabera, bitartekarien lanari esker eta Gazarako laguntza hobetu delako erabaki dute azkenean trukea gauzatzea. Netanyahuren ustez, ostera, AEBetako presidentearen hitzei esker egin du «atzera» Palestinako erakundeak. Halere, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gogorarazi du soldaduak «prest» daudela, «ezein egoeratarako».
Bigarren faseari begira
Gaur bete da hilabete Hamasek eta Israelek su etena adostu zutenetik. Ordutik, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 24 askatu ditu Palestinako erakundeak. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske guztira.
Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina zehazteko daude fase horretan alde bakoitzak eman beharreko urratsak. Horregatik, Hamasek negoziazioetara dei egin dio Israeli, «atzerapen gehiagorik gabe». Izan ere, adostutako egutegiaren arabera, otsailaren 3an ziren bigarren faseko neurrien inguruan eztabaidatzen hastekoak.