Tentsio uneak eta atzerapenak izan badira ere, Gazarako meniaren lehen faserako adostutako truke guztiak gauzatzekoak dira Hamas eta Israel. Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak entregatuko ditu Palestinako talde islamistak, eta larunbatean aske utzi behar zituen seieheundik gora preso palestinar askatuko ditu Tel Avivek. Hamasek gaur goizaldean jakinarazi duenez, negoziatzaileek akordio bat lortu dute, eta su etenaren lehen fasea amaitzerako, adostutako truke guztiak gauzatuko dituzte. Hala baieztatu die Israelgo iturri ofizial batek Hareetz eta The Times of Israel Israelgo egunkariei ere.
Joan den larunbatean, Tel Avivek atzera egin zuen eta ez zituen aske utzi egun horretan askatzekoak zituen preso palestinarrak. Hori zuten hitzartua zazpigarren trukerako, baina Tel Avivek atzeratu egin zuen, eta, geroago, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri zuen ez zutela halakorik egingo. Bahituak entregatzerakoan «ekitaldi umiliagarriak» egin izana egotzi zion Hamasi.
Azken egunetan aldeak negoziatzen aritu dira Kairon, Egipto bitartekari zela. Talde islamistak gaur zabaldutako oharraren arabera, elkarrizketa horietan erdietsi dute hurrengo trukea gauzatzeko akordioa, eta ziurtatu du Tel Avivek aske utziko dituela lehen fasean aske uztea hitzartutako preso guztiak. Gurutze Gorriari gorpuak entregatzen dizkion hurrengo aldian, talde islamistak ez du ekitaldi publikorik egingo Al-Jazeera hedabideari Hamaseko iturri ofizial batek esan dionez. Hala, eragotzi nahi dute Israelek «oztopo» gehiago jartzea su eten akordioan adostutakoei.
Israelek eta Hamasek trukea noiz gauzatuko duten zehaztu ez badute ere, Palestinako Presoen Elkarteak ohar bidez jakinarazi du espero dutela Israelek gaur iluntzean askatzea aurreko larunbatean aske utzi behar zituen presoak. Hasiera batean, talde islamista bihar zen lehen faseko azken entrega egitekoa, baina Al-Jazeerak iragarri du gaur gauera aurreratuko dutela
Bigarren fasea, urrun
Hurrengo trukea eginez gero, printzipioz, bi aldeek meniaren lehen faserako adostutako trukeak beteko dituzte. Urtarrilaren 19an sartu zen indarrean Gazarako su etena, eta, 42 egunen ostean, larunbatean da amaitzekoa lehen fasea. Bi aldeek adostu zutena kontuan hartuta, Israelek guztiz etengo lituzke erasoak bigarren fasean, eta armadak Gazan dituen tropa guztiak aterako lituzke. Ez dirudi, baina, oraingoz halakorik gertatuko denik. Otsailaren 4an ziren hastekoak bigarren fasearen behin betiko baldintzak zehazteko negoziazioak; formalki, baina, ez dituzte hasi.

Israelgo iturri ofizial batek herrialde horretako hedabideei esandakoaren arabera, Hamasek hiru aukera izango ditu orain. Israelek planteatzen duen lehen aukera hau da: Hamasek armak uztea eta talde islamistaren buruzagiak Palestinatik kanpora joatea. Hori geratuz gero, Israel prest dago bigarren fasea hasteko; hala, bahitu guztiak aske geratuko lirateke, eta gerra amaitu egingo litzake, iturri horren arabera.
Bigarren aukera lehen fasea luzatzea litzateke: Hamasek bahitu gehiago askatu beharko lituzke, eta su etenak indarrean iraungo luke. Azkenik, menia amaitzeko aukera ere mahai gainean jarri du Israelgo hedabideekin hitz egin duen iturriak. Esan duenez, martxoaren 8rako Hamasek ez baditu gatibu gehiago askatzen, Israelek gerrari berrekingo dio Gazan, eta mehatxu egin du: «Ez da aurrekoa bezalakoa izango. [AEBetako presidente Donald] Trumpen administrazioaren babes osoa daukagu. Hark esan moduan, infernuko ateak irekiko dira Gazan».
Trumpen asmoak, bideo batean
AEBetako presidenteak otsailaren hasieran Gaza berreraikitzeko bere asmoen berri eman zuen. Palestinarrak zerrendatik kanporatzea proposatu zuen, ondoren hura berreraiki, eta «munduko jendea» han bizi dadin; Gaza «Ekialde Hurbileko Riviera» bihurtzea «bikaina» litzatekeela ere esan zuen. Gaur, asmo horiek irudikatzen dituen bideo bat zabaldu du sare sozialetan.
Adimen artifizialarekin sortutako ikus-entzunezkoaren hasieran, suntsitutako hiri baten irudiak ikusten dira, eta «Gaza 2025» irakur daiteke bertan. Ondoren, «jarraian datorrena» irudikatzen du: hondartza baten alboan, palmondoak eta etxe orratz modernoak agertzen dira, gune turistiko bat. Elon Musk eta Trump bera dira bideoko protagonistetako bi; Musk dirua airera jaurtitzen ageri da, eta Trump, sabel dantzari batekin dantzan. AEBetako presidentearen urrezko estatua erraldoi bat ere ageri da, Trump Gaza luxuzko hotela, eta bideoa amaitzeko Netanyahu eta Trump azaltzen dira, hondartzan elkarrekin.
Gainera, musika ere propio sortutakoa da, eta honela dio: «Donald Trumpek aske egingo ditu/ guztiek ikus dezaten, bizitza eramango du/ tunel gehiagorik ez, beldur gehiagorik ez/ azkenean iritsi da Trumpen Gaza».