Hamasek salatu du Israelek Gazarako onartutako menia proposamena «estatu kolpe bat» dela

Palestinako erakunde islamistak AEBei leporatu die Israeli «denbora eman» nahi izatea meniarako negoziazioen bitartez. Israelgo armadak sei gatiburen gorpuak erreskatatu ditu.

AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant, atzo, Tel Aviven. ISRAELGO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant, atzo, Tel Aviven. ISRAELGO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 20a
17:15
Entzun

Gazarako su eten bat adosteko negoziazioetan murgilduta daude Egiptoko, AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Qatarko eta Israelgo ordezkariak, Kairon. Hamas ez da parte hartzen ari bileretan, baina badu horien berri, eta gaur kaleratutako prentsa ohar batean, haserre agertu da. Erakunde islamistak salatu du Israelek onetsi duen menia proposamena «estatu kolpe bat» dela, eta AEBei leporatu die negoziazioak baliatu izana Israeli «denbora emateko».

AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek atzo gauean zabaldutako prentsa ohar baten bidez iragarri zuen Israelek baiezkoa eman ziola bitartekariek aurreko astean —Dohan egin zuten negoziazioen lehen bilera sorta— aurkeztutako menia proposamenari. Hamasek salatu duenez, testu horrek ez ditu aintzat hartzen erakunde palestinarrak ados jartzeko ezinbestekotzat jotzen dituen bi baldintza: Gazako zerrendan borrokak «behin betiko eta erabat» etetea eta Israelgo armada handik ateratzea.

Duela bi aste, Hamas prest agertu zen orain abian dauden negoziazioetan parte hartzeko baldin eta ez bazituzten eztabaidak «hutsetik» hasten. Izan ere, uztailaren 2an erakunde islamistak baiezkoa eman zion AEBek joan den maiatzean proposatutako su etenari: «Gaur mugimenduari aurkeztu diotena uztailaren 2an adostutakoaren aurkako estatu kolpe bat da». Are, salatu dute «faltsuak eta nahasgarriak» direla AEBetako presidente Joe Bidenek meniarako negoziazioen inguruan egindako azken adierazpenak: atzo gauean, Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean, esan zuen Hamas akordio bat lortzeko «aukera oro zailtzen» ari dela.

«Akordioa egitea lortzen badugu, akordio horrek aintzat hartuko ditu Israelen helburu estrategikoak»

BENJAMIN NETANYAHUIsraelgo lehen ministroa

Aipatutako bi baldintza horiek ez betetzeaz gain, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk beste aldaketa esanguratsu bat egin dio Hamasek uztailean onartutako menia proposamenari: Israelen esku gelditzea Gazaren eta Egiptoren arteko Salah al Din korridorearen eta Gaza iparraldearen eta erdialdearen arteko Netzarim pasabidearen kontrola. Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisik asmo horiek kritikatu ditu gaur, eta adierazi Egiptok ez duela nahi Gazarekin duen mugaren bestaldean Israel egotea.

Nolanahi ere, gaur Netanyahuk kolokan jarri du Blinkenek atzo ziurtzat emandakoa. Israelgo Walla berri agentziak kaleratu duenez, Israelgo lehen ministroak ez daki akordiorik egingo ote den: «Akordio bat egitea lortzen badugu, akordio horrek aintzat hartuko ditu Israelen helburu estrategikoak». Milizia palestinarrek oraindik gatibu dituztenen senideekin egindako bilkura batean egin ditu adierazpen horiek. Israelgo herritarrak Netanyahu gero eta gehiago estutzen ari dira, urriaren 7tik bahituta dauden israeldarrak lehenetsi eta erreskatatu ditzan.

Hain justu, beste sei gatiburen gorpuak erreskatatu dituztela jakinarazi du gaur Israelgo armadak: horietako bi Nirim kibbutzean bizi ziren, eta gainontzeko lauak Nir Oz kibbutzean. Urriaren 7an bahitu zituzten milizia palestinarrek, eta Israelgo armadak horietako bosten heriotzaren berri zuen gorpuak aurkitu aurretik.

27 preso palestinar aske

Israelgo armadak aske utzi ditu Israelgo zenbait kartzelatan preso zituzten 27 palestinar. Gaur iritsi dira Gazara, Israel hegoaldea eta Gaza iparraldea lotzen dituen Kerem Xalom pasabidetik, eta Khan Yunisko ospitale batera eraman dituzte zuzenean. Hamasekin lotutako Al Quds berri agentziak bere webgunean zabaldutako bideo baten bidez salatu du preso guztiek «tortura zantzuak» zituztela.

Bestalde, Gazako eskola bat bonbardatu du gaur Israelek, beste behin. Gaza hiriaren iparraldean dagoen Mustafa Hafez eskolaren aurka egin dute erasoa, eta, hango Babes Zibilerako agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez hamabi palestinar hil dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.