Hamasek bahitutako lau pertsona erreskatatu ditu Israelek, eta 210 palestinar hil

Hamasek iazko urrian bahitutako 251 israeldarretatik 116 geratzen dira Gazan, eta horietako berrogei hilda daude. Netanyahuk azpimarratu du bahituak —hildakoak zein bizirik daudenak— askatzeko operazioekin jarraituko duela.

Noa Argamani bere aita besarkatzen, gaur, Tel Aviveko Tel-HaShomer ospitalean. ISRAELGO ARMADA / EFE
Noa Argamani bere aita besarkatzen, gaur, Tel Aviveko Tel-HaShomer ospitalean. ISRAELGO ARMADA / EFE
Jakes Goikoetxea - Mikel Garcia Martikorena
2024ko ekainaren 8a
16:45
Entzun

Israelgo armadak jakinarazi du Hamasek Supernova musika jaialdian bahitutako lau lagun erreskatatu dituela Gazan. Israelek zehaztu du egunez egindako operazio «konplexu» bat izan dela, eta Israelgo armadaren eta Israelgo Poliziaren artean egin dutela. Bi lekutan egin dute, Al-Nuseirateko errefuxiatuen esparruan. Hamasek salatu du operazioan dozenaka lagun hil eta zauritu dituztela, tartean haurrak. Ez da lehen aldia Israelek inguru horri eraso egiten diona; herenegun, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eraikin bat bonbardatu zuen, hura ere Al-Nuseiraten. Erasoan berrogei lagun hil ziren. Zerrendako agintaritzak, ostera, adierazi du 210 pertsona baino gehiago hil direla gaurko bonbardaketetan: «Gaur arte, inoiz ez da halako eraso bat egin Al Nuseiraten aurka». Hamasek, gainera, Israelek operazioan «beste hainbat bahitu» hil dituela adierazi du.

Zaurituak Al-Aqsako ospitalera eraman dituzte: «Zauritutako dozenaka lagun lurrean etzanda daude, eta mediku taldeak haiek salbatu nahian ari dira, dauzkaten baliabide arruntekin». Ospitalean arta eman ahal izatea zalantzan jarri dute bertako medikuek. Tanya Haj-Hassan doktoreak Al-Jazeera telebista kateari adierazi dio oxigeno hornidura ez dabilela: «Sorgailu bakarra dugu ospitalean; beraz, arnasa mantentzen laguntzeko oxigeno hornidura ezin dugu erabili».

(ID_13962120) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Al-Nuseirat errefuxiatu esparrutik gertuko kaleetan, palestinarrak zauritutakoak garraiatzen, gaur. MOHAMMED SABER / EFE

Erreskatatutako lau pertsonak ondo daude, eta Sheba Tel-HaShomer ospitalera eraman dituzte, osasun azterketak egitera. Israelgo Defentsa Indarrek zehaztu dutenez, hiru gizon eta emakume bat dira: Noa Argamani (25 urte), Almog Meir Jan (21 urte), Andrei Kozlov (27 urte) eta Shlomi Ziv (40 urte). Gauzak horrela, Hamasek iazko urriaren 7an bahitu zituen 251 israeldarretatik 116 geratzen dira Gazan; horietako berrogei inguru hilda daude. Operazioan, baina, Israelgo armadako komandante bat hil dute. Haien «bizia jokoan jarri» duten militarrak zoriondu ditu Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ohar bidez.

Tel Aviven soldaduen «adorea» txalotu du, ikusarazi baitute Israel «ez dela errenditzen terrorismoaren aurka». Oharrean, Netanyahuk azpimarratu du bahituak askatzeko operazioekin jarraituko dutela: «Ez dugu etsiko misioa bete eta bahitu guztiak etxera itzuli arte, bizirik daudenak zein hildakoak». Bahitutakoen aferak protestak eragin ditu Netanyahuren aurka Israelen; izan ere, zenbait herritarrek lehen ministroari eskatu diote egin beharrekoak egin ditzala talde islamistak askatu ditzan.

Gantzen dimisioa, ezbaian

Israelgo Gerra ministro Benny Gantz arratsaldean hedabideen aurrean hitz egitekoa zen, baina, bahituak askatu dituztela jakin duenean, bertan behera uztea erabaki du. Gantzek Netanyahuren gerraren osteko planifikaziorik eza kritikatu izan du hainbatetan. Hori dela eta, lehen ministroari gidalerroak eskatu zizkion gaurko, gehienez jota, argitzeko Gazan gerra amaitu eta biharamunean nola jokatu behar duten. Oraingoz, ez dago zerrendan zer gertatuko den argitzen duen estrategiaren berririk, eta, horregatik, Israelgo hainbat hedabidek aurreikusten zuten Gantzek dimisioa emango zuela. Orain, ordea, dimisio hori ezbaian dago.

%62

Zenbat israeldarrek ez lieketen botoa emango Netanyahu babestuko lukeen alderdi bati. Israelgo 12 telebista kateak gaur argitaratutako inkestaren arabera, Israelgo herritarren %62k ez liekete botoa emango Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin koalizioko gobernu bat osatzeko prest agertzen den ezein alderdiri. Bahituak askatu aurretik egin zen galdeketa.

Gantzen dimisioak, hala ere, ez luke kolokan jarriko Netanyahuren koalizio gobernua. Izan ere, eskuin muturrarekin osatutako gobernuak parlamentuko 120 eserlekutik 64 ditu. Are gehiago, iazko urriaren 7aren aurretik, Gantz ez zebilen lehen ministroaren gobernuan; eta Israelgo hainbat politologok uste dute gaur egungo Gerra ministroak duela aukera gehien Netanyahuri irabazteko gobernuburu izateko lehian. Hamasen erasoaren ostean larrialdian sortutako gobernuaren parte izatea adostu zuen. Israelgo Erresilientzia alderdiaren burua da Gantz, eta zentroan kokatzen da alderdi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.