Su eteneko bigarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Erakunde islamistak lau soldadu emakumezko utzi ditu aske; Tek Avivek, berrehun preso palestinar. Israelek esan du ez diela gazatarrei zerrendaren iparraldera itzultzen utziko, Hamasek meniaren zati bat urratu duela argudiatuta.

Lau soldadu israeldarrak gaur, Gazan, inguruan Hamaseko kideak dituztela. EFE
Lau soldadu israeldarrak gaur, Gazan, inguruan Hamaseko kideak dituztela. EFE
Igor Susaeta - Edurne Begiristain
2025eko urtarrilaren 25a
17:05
Entzun

Su etenerako akordioan sinatutakoa errespetatuz, Hamasek eta Israelek bigarren preso trukea egin dute gaur. 2023ko urriaren 7tik bahituta zeuden Israelgo armadako lau soldadu emakumezko aske utzi ditu Palestinako erakunde islamistak goizean, eta, ordu batzuk geroago, Israelen espetxeratuta zeuden berrehun palestinar askatu ditu Tel Avivek. Dena den, akordioa urratzea leporatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Hamasi, lehenetsi duelako militarrak zibilak baino lehen aske uztea. Horiek horrela, lehen ministroak ohartarazi du ez diela palestinarrei bihartik aurrera Gaza iparraldera itzultzen utziko, nahiz eta akordioan jasota dagoen hori egiteko aukera edukiko dutela.

Daniel Hagari Israelgo armadaren bozeramaileak ere salatu du Hamasek ez duela bete menian itundutakoa. Nolanahi ere, su etenaz zabaldu dituzten dokumentuetan ez dago zehaztuta Israelek aipatzen duena; bai, ordea, su etenaren lehen fasean erakunde islamistak 33 gatibu israeldar utziko dituela aske, eta lehenetsiko dutela horiek adingabeak, emakumeak —zibilak zein soldaduak—, 50 urtetik gorako gizonak, gaixoak eta zaurituak izatea. Tel Avivi erantzunez, Hamasek jakinarazi du datorren astean emakumezko zibil bat utziko duela aske. Hori kaleratu du Reuters berri agentziak, islamisten iturri bat aipatuz.

(ID_14617291) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Aske geratu den preso palestinar bat gaur, Ramallahn (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE

Aurreko igandean sartu zen indarren tregoa, eta lehen faseak sei aste iraungo du. Horren arabera, Hamasek 33 gatibu utziko ditu aske. Joan den igandean hiru askatu zituen, eta gaur lau, 19 eta 20 urte artekoak. 2023ko urriaren 7an, Hamasek bahitu zituenean, Nahal Oz base militarrean zeuden, Gazatik kilometro batera. Urte bat eta hiru hilabete pasa geroago, Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte gaur, Gaza hiriko plaza batean egindako ekitaldi jendetsu batean; Hamasen eta Jihad Islamikoaren dozenaka miliziano zituzten aurrean. Gurutze Gorriaren lau autotan atera dira plazatik, eta gero Israelgo Petaj Tikva hiriko ospitale batera eraman dituzte helikopteroz. Aske utzi dituztela ospatzera atera dira herritarrak Tel Aviven, besteak beste.

Israelen kalkuluen arabera, 251 israeldar bahitu zituzten 2023ko urriaren 7an, eta oraindik 87k jarraitzen dute Hamasen mende.

40

 

Zenbat urte zeramatzan preso batek kartzelan. Israelgo espetxe batean urte gehien preso zeraman palestinarra da gaur aske geratu direnetako bat, Preso Palestinarren Batzordeak jakinarazi duenez. Mohamed Ahmed Abdel Hamid al-Tusek 69 urte ditu, eta 1985etik zegoen preso; hau da, 40 urte zeramatzan kartzelatuta. Aljeriara, Turkiara edo Tunisiara deportatuko dute.

Meniarako akordioaren arabera, Israelek 50 preso palestinar askatu behar ditu Hamasek aske uzten duen emakume soldadu bakoitzeko. Hortaz, Israelek berrehun preso utzi ditu aske gaur. Preso Palestinarren Batzordeak ohar bidez adierazi duenez, horietatik 120 bizi osorako zeuden zigortuta. 70 deportatu egingo dituzte, eta Preso Palestinarren Batzordeko buru Ameen Shomanek Efe berri agentziari adierazi dio Egiptorik Aljeriara, Turkiara edo Tunisiara lekualdatuko dituztela. Hain zuzen, 70 horiek gaur arratsaldean iritsi dira Egiptora, Rafahko korridorea igarota. Gainontzeko preso ia guztiak, 114, Ramallahra (Zisjordania) iritsi dira hainbat autobusetan, eta senideek harrera egin diete. Gainontzeko hamaseiak Khan Yunisera joan dira, Gazara.

LIBANOKO armadak Israel egin du erantzule

Libanoko armadak adierazi du gaur ezin dituela bere tropak herrialdearen hegoaldean hedatu, Israelgo indarrak ez direlako handik erabat atera. Hori jakinarazi du sare sozialetan, ohar baten bidez. Aintzat hartu behar da Hezbollahk eta Israelek sinatutako su etena bihar bukatuko dela, eta, horren arabera, Israelek bere tropak atera behar dituela Libano hegoaldetik. Tel Avivek atzo salatu zuen, ordea, Hezbollahk ez duela guztiz bete akordioa, eta Libanoko armada «oso mantso» ari denez hegoaldera zabaltzen, horrek aukera ematen diola milizia xiitari berriro antolatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.