Baliteke kolokan egotea Ameriketako Estatu Batuen eta Hamasen arteko elkarrizketak. AEBetako Axios hedabideak atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Washington eta Palestinako erakunde islamista Gazako bahituen inguruan hizketan izan ziren atzo, Dohan; Israel alde batera utzita. Informazio horiek zabaldu eta berehala esan zuen Hamasek baietz, «zuzeneko elkarrizketak» izaten ari zirela Etxe Zuriarekin; gero, informazio hori bera berretsi zuten AEBek. Dena den, negoziazio horiek kolokan geratu dira gaur goizaldean, hango presidente Donald Trumpek bere sare sozial Truth Social-en Hamasi mehatxu egin ondoren: «Askatu gatibu guztiak berehala, eta itzuli hildako guztien gorpuak; bestela, akabo zuentzat: infernu bat biziko duzue». Gaur zabaldutako komunikatu baten bidez, Hamasek aurpegiratu dio Trumpi Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk menia urratzeko «aitzakia gisa» erabili ditzakeela bere mehatxuak.
Etxe Zuriko maizterrak Gazan gatibu egondako zortzi israeldarrekin bildu ondoren egin du Palestinako erakunde islamistaren aurka. Horrez gain, nabarmendu du «hasitako lana bukatzeko» behar duen guztia ematen ari zaiola Israeli, eta ohartarazpen bat egin dio Hamasi: «Har ezazue erabaki zuzena, edo hilda zaudete». Trumpen hitzei erantzuteko zabaldutako oharrean, Hamasek adierazi du tregoaren bigarren faserako negoziazioak abiatzea dela gatibu guztiak salbu askatzeko «biderik eraginkorrena». Larunbatean bukatu zen Gazarako adostutako meniaren lehenengo fasea, eta bigarren fasea igandean hastekoa zen, baina blokeatuta daude horren baldintzak zehazteko negoziazioak; besteak beste, Israelek uko egiten diolako bere tropak Rafahko pasabidetik ateratzeari.
Hamasen eta Trumpen arteko liskarraren ondorioz, baliteke bertan behera geratzea erakunde palestinar horren eta Washingtonen arteko zuzeneko elkarrizketak. Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek gaur goizaldean prentsaurreko batean azaldu duenez, gatibuen negoziazioetarako AEBen ordezkari Adam Boehler ari da bilera horietan parte hartzen, eta jakinarazi du Israelek onespena eman ziela elkarrizketei ekin baino lehen. AEBek «talde terroristen» zerrendan daukate Hamas; hortaz, erakunde horrekin zuzeneko negoziazioak izaten ari diren aurreneko aldia da oraingoa.
44Zenbat hilerri dauden Gazan erabat edo erdi suntsituta. Al Jazeera hedabideak egindako ikerketa baten arabera, Gazako 44 hilerri erabat edo erdi suntsituta daude, Israelek 2023ko urriaren 7az geroztik egindako erasoen ondorioz.
Ez dago argi zer gertatuko den Gazarako tregoaren bigarren fasearekin, baina forma hartzen ari da Arabiar Ligak Gaza berreraikitzeko ondutako plana; gaur, Gazako Gobernuko —Hamasek agintzen du— Hedabideetarako Bulegoko zuzendari Salama Maruufek jakinarazi du eurek ere begi onez ikusten dutela Kairon onartutako proposamena.
Horren arabera, nazioarteko batzorde tekniko eta independente batek aginduko luke zerrendan, behin-behinean. Hamas prest dago hori onartzeko, baldin eta batzorde horrek «Gazako herritarren interesen alde» egiten badu. Maruufek beste zehaztapen bat ere gehitu du: Gazako Gobernuko langileek eta Hamaseko politikariek beren ohiko jardunari eutsiko liokete, nahiz eta nazioarteko batzorde baten agindupean egon.
EBren marra gorria
Arabiar Ligako kide diren herrialdeek eta Hamasek eman diote baiezkoa Egiptoren proposamenari; AEBek eta Israelek ez dute begi onez ikusi; eta EB Europako Batasunak uste du «hainbat xehetasun» argitu behar direla horren alde egin baino lehen. Europako Batzordeko Ekialde Hurbilerako, Afrika iparralderako eta Persiar golkorako zuzendari Stefano Sanninok EFE albiste agentziari esan dionez, EBren marra gorria litzateke Hamasek behin-behineko nazioarteko batzorde horretan parte hartzea.
Talde komunitarioaren arabera, PAN Palestinako Aginte Nazionalak «leku bat» izan behar luke Gazarako osatuko den behin-behineko gobernuan. Hain justu, gauza bera adierazi zuten atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan dauden Europako herrialdeek, New Yorken egindako bileran: Hamas «ezin» dela batzorde horretan egon.