Hamas prest dago gatibu guztiak askatzeko, baldin eta Israelek Gazaren aurkako erasoaldia behin betiko eteten badu

Palestinako erakunde islamistak bigarren fasean utziko lituzke aske bahitu guztiak; ohartarazi du armak ez dituztela utziko, eta ez direla joango zerrendatik. Larunbatean sei gatibu utziko dituzte aske.

Gatibu bat, Hamaseko milizianoek askatu ondoren, Gazan, larunbatean. HAITHAM IMAD / EFE
Gatibu bat, Hamaseko milizianoek askatu ondoren, Gazan, larunbatean. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko otsailaren 19a
15:41
Entzun

Hamasek proposamen bat jarri du mahai gainean: bigarren fasean aske uztea oraindik erakunde islamistaren esku dauden gatibu guztiak. Hamaseko bozeramaile Hazem Qassemek eman du horren berri, gaur kaleratutako ohar baten bidez; testu horretan zehaztu dutenez, aukera hori posible izango da baldin eta Israelek Gazaren aurkako erasoaldia behin betiko eteten badu eta zerrendatik ateratzen baditu han dituen tropa guztiak. 

Beraiek, ordea, ez dute asmorik «inoiz» Gazatik alde egiteko. «Okupazioak bake iraunkorra lortzeko baldintza gisa jarri du Hamas zerrendatik ateratzea eta armak uztea; horiek, ordea, zentzurik gabeko eskaerak dira», adierazi dute oharrean. Israelgo Gobernuak oraingoz ez dio erantzun erakundearen proposamenari, baina aintzat hartuta kabineteko kiderik eskuin muturrekoenek asteotan zer adierazi duten, litekeena da adostutako menia bukatu ondoren berriro ekitea Gazaren aurkako erasoaldiari.

Dena den, Hamasek kaleratutako komunikatuan esan duenez, «konpromiso irmoa» daukate Israelekin adostutako tregoarekin eta haren luzapenarekin. Horren erakusgarri gisa aipatu dute sei gatibu utziko dituztela aske larunbatean egitekoak diren trukean; orain arte hiru gatibu askatu dituzte truke bakoitzeko. «Kopurua handitzea erabaki dugu bitartekariek hala eskatuta, eta haiei erakusteko konpromiso irmoa daukagula tregoan zehaztutako urrats eta baldintza guztiak betetzeko», adierazi dute.

Urtarrilaren 19an bi aldeen arteko su etena indarrean sartu zenetik, Hamasek 25 gatibu utzi ditu aske; haien truke, Israelek 1.135 preso palestinar askatu ditu. Larunbateko trukean espero da Israelek 502 preso palestinar askatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.