Tregoarako akordioan jasotakoa betez, Hamasek beste sei bahitu askatu ditu gaur Gazan. Eta Palestinako erakunde islamistak jakinarazi du, gainera, zerrendarako su etenaren bigarren fasera igarotzeko prest dagoela. Trukean, Israelgo Gobernua seiehun preso palestinar aske uztekoa da gaur. Dena den, iturri ofizialak aipatuz Israelgo hedabideek kaleratu dutenez, lehendabizi Israelgo Segurtasun Kabinetera deitu du Benjamin Netanyahu lehen ministroak.
Meniaren lehen fasea martxoaren 1ean bukatzekoa da. Urtarrilean bi aldeek adostu zutena aintzat hartuta, Israelek guztiz etengo lituzke erasoak bigarren fasean, eta armadak Gazan dituen tropa guztiak aterako lituzke. Hamasek gaur kaleratutako oharrean nabarmendu duenez, konpromisoa du bigarren fasean preso eta gatibuen arteko trukeekin jarraitzeko, su etena behin betikoa izan dadin eta tropak guztiz erretira daitezen.
Urtarrilaren 19an sartu zen indarrean tregoa, eta, testua kontuan hartuta, otsailaren 4an ziren hastekoak bigarren fasearen behin betiko baldintzak zehazteko negoziazioak; formalki, baina, oraindik ez dituzte hasi. Erakunde islamistak eskatu du itunean jasotakoa bete dadila.
Eta testuinguru horretan utzi ditu aske beste sei gatibu. Hiru askatu ditu Rafahn, zerrendaren hegoaldean, Egiptoko mugan; eta gero beste bi Nuseirat errefuxiatu gunean, erdialdean. Bi kasu horietan, orain arte aske utzi dituzten beste gatibuekin gertatu bezala, zeremonia moduko bat egin dute islamistek. Aske utzitako azkena Israelgo herritartasuna duen arabiar bat izan da —Gaza hirian—, eta kasu horretan modu diskretuago batean jokatu dute; Hamasek ohar batean zehaztu duenez, bahituaren «familiarenganako errespetuz».
45Zenbat urte pasatu dituen Nael Bargutik espetxeratuta. Palestinar batek ere ez ditu Nael Bargutik bezainbeste urte igaro espetxeratuta: 45. Israelen okupazioaren aurkako ikurretako bat bihurtu da. Bada, gaurko preso trukean aske geratzekoa da. Haren emaztearen hitzak aipatuz EFE berria agentziak kaleratu duenez, Egiptora deportatua izatea onartu du. Barguti 1978an atxilotu zuten —20 urte zituen—, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, Israelgo autobus gidari bat hiltzea leporatuta.
Akordioan jasota dagoen protokoloa errespetatuz, erakunde islamistak Gurutze Gorriaren esku utzi ditu gatibuak, eta gero horrek Israelgo armadari entregatu dizkio bahituak. Tel Aviveko iturri ofizialek baieztatu dute Israelera iritsi direla.
Beraz, lehen faserako adostutakoa betez, bizirik dauden 25 gatibu utzi dituzte aske jada. Horrenbestez, kontuan hartuta aurreko ostegunean eta ostiralean entregatutako lau bahituren gorpuak, datorren astean beste lau gorpu entregatu beharko ditu erakunde islamistak; izan ere, bizirik nahiz hilik, lehen fasean 33 bahitu aske uztea itundu zuten.
Bibasen gorpua
Shiri Bibasena da Hamasek atzo iluntzean entregatutako bahituaren gorpua. Haren senideek baieztatu dute, eta Israelgo armadaren iturri ofizialek esan dute baietz, identifikatu dutela. Aintzat hartu behar da atzo ika-mika bat piztu zela Hamasen eta Israelen artean, herenegun entregatutako lau gorpuetako batek Bibasena behar zuelako, baina ez zelako harena. Netanyahuk menia urratzea leporatu zion Palestinako erakunde islamistari. Hamasek aitortu zuen beharbada «konturatu gabe» sartu zuela hilkutxan beste gorpu bat. Azkenean, atzo entregatu zuen gorputza.
Bitartean, aske geratzekoak diren preso palestinarrei buruzko datuak eman ditu Preso Palestinarren Batzordeak. Horren arabera, askatuko dituzten 602 presoetatik 445 Gazan atxilotu zituzten, Hamasek 2023ko urriaren 7an Israelen egindako erasoaren ondoren. 43 Zisjordaniara eramango dituzte. 151 presok zigor handiak dituzte edo bizi guztiko espetxe zigorrak, eta horietatik 97 beste herrialde batera deportatuko dituzte; ez dago argi nora, ordea. Izan ere, oraingoz Turkiak eta Egiptok soilik hartu dituzte presoak, nahiz eta presoen aldeko elkarteek esan duten Pakistanera, Malaysiara eta, besteak beste, Qatarrera lekualdatu ahal izango dituztela.