Azken hiru egunetan Kairon egindako bileren ostean, Hamasek eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak bien arteko jarrerak hurbiltzeko erabaki garrantzitsuak hartu dituzte, gainerako beste hamahiru erakunde palestinarrekin batera. Atzoko bileran Al Fata alderdiak adierazi zuen Hamas eta Jihad Islamikoa mugimendu islamistak PAE Palestina Askatzeko Erakundean sartzeko ahaleginak egingo dituela; izan ere, gainerako hamahiru erakunde palestinarrak bertako partaide dira. Hamas eta Jihad Islamikoa, aldiz, ezin izan dira orain arte sartu PAEk indarrean dituen estatutuak betetzen ez dituztelako. «PAE berritu nahi dugu,eta erakunde palestinar guztiak bertan egon daitezen saiatuko gara, palestinarren ordezkari legitimo bakarra baita», adierazi du Fata Azam Al Fataren batzorde nagusiko kideak.
Hamasek, baina, PAErekiko independentea den batzorde bat sortzeko proposamena egin du. Hamahiru erakunde palestinarrek osatuko lukete, eta PAEren barneko organo gorena eraiki bitartean egongo litzateke indarrean, hau da, Palestinako Kontseilu Nazionala aukeratu bitartean. «PAE zaharkituta dago, herri palestinar osoa ordezkatzen ez duelako eta ez dituelako herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen», nabarmendu du Fauzi Barhum Hamasen Gazako ordezkariak; «horregatik, Hamas ez da oraingoz PAEko kide izango».
Eskaeraren aurrean, Mahmud Abbas PANeko presidenteak batzorde zentral bat egiteko dekretua eman du. Bertan erakunde palestinar guztiek parte hartuko dute, eta PAEko Palestinako Kontseilu Nazionala osatzeko bozak antolatzeaz arduratuko da; Hamasek eta Jihad Islamikoak batzordeko kide izateko eskaera onartu dute. Urtarrilaren 15ean bilduko da batzordea hauteskundeen lehen zehaztapenak egiteko. Erabakiaren ostean, «bilera oso positiboa» izan dela adierazi du Kaled Meshal Hamaseko buruak; «gatazka palestinarrari eta adiskidetzeari buruzko auzi guztiak eztabaidatu ditugu».
Parlamentua hautatzeko bozak, hain zuzen, datorren maiatzaren 4an egingo dituzte, eta hauteskunde batzordeak bozen legezkotasuna bermatuko du. Hain justu, astearteko bileran hitzartu zuten horren osaketa. Gainera, bozen inguruko zehaztasunak urtarrilaren 26an egingo duten bilkuran eztabaidatuko dituztela jakinarazi dute.
Palestinarren erronkak
Iragan maiatzean PANek, Hamasek eta gainerako erakunde palestinarrek hitzarmen bat egin zuten Kairon, batasun nazionaleko gobernua osatzeko asmoz. Hainbat helburu finkatu zituzten orduan: PAEri erreformak egitea, Polizia eta armada berrantolatzea, batasuneko trantsizio gobernua osatzea, bozetara deitzea eta herritarren adiskidantza lortzea. Dena dela, hilabeteetako atzerapenaren ostean, Hamasek eta Al Fatak azaroaren 24an izenpetu zuten testua. Geroztik, finkatutako egutegia jarraitu dute, eta Abbas zein Meshal pozik azaldu dira egindako lanarekin.
Izan ere, 2007az geroztik palestinarrak bi gobernutan banaturik daude: Hamasek agintzen du Gazan, eta Al Fatak Zisjordanian. Bien arteko elkarrizketak etenda egon ziren hiru urtez, eta 2010ean berriro ere batzartu ziren. Palestinarren etorkizunari buruzko kezkak batzen ditu biak, eta argi dute zatiturik baino elkarrekin lan eginda errazago gaindituko dituztela «proiektu nazionalaren eta herri palestinarraren erronkak».
Abbasek, gainera, Tel Avivekin dituen harremanen berri eman du bileretan: «Israelen eta palestinarren arteko bake prozesua etenda dago».
Hamas eta Jihad Islamikoa PAEn sartzen «saiatuko» da Al Fata
Talde palestinarrek Kairon egindako bileretan, erakundea indartu behar dela adierazi du Abbasek, palestinarrak batzekoHamasek behin-behineko batzordea sortzea proposatu du, denen ordezkari izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu