Ezinezkoa gertatu zen, berriz ere, gaur dela hamar urte. Orduko hartan, Japonian. Aurretik galdetuz gero zer aukera dauden lurrikara handi bat gertatzeko, horrek tsunami bat sortzeko, eta olatu erraldoiak historiako hondamendi nuklearrik larrienetan bigarrena eragiteko, erantzuna beti izango zen: ia zero. Eta, halere, dominoko piezak bata bestearen atzetik erori ziren, esku ikusezin batek horretarako jarri izan balitu bezala.
Japonian inoiz erregistraturiko lurrikararik handiena izan zen: Richter eskalako bederatzi gradukoa. 1900. urtean hasi ziren mundu osoan lurrikarak neurtzen, eta, jasota daudenen artean, indartsuenetako laugarrena izan zen hura. Japoniako ekialdeko kostaldeko Tohoku eskualdearen parean gertatu zen, Ozeano Barean, lehorretik 70 kilometrora. Itsas azpiko lurraren mugimenduak 40,5 metroko olatuak altxatu zituen itsasoan. Tsunami hitza japonierak eman dio munduari: Kai (tsu) eta uhin (nami) erroekin sorturikoa da. 2011ko uhinek orduko 700 kilometroko abiada hartu zuten. Irudika daitekeenez, erreakzionatzeko aukera gutxi eduki zuten kostaldeko biztanleek.
Japoniako Poliziak 2019an plazaraturiko kalkuluaren arabera, hondamendiak 15.899 pertsona hil zituen (gehienak, itota edo kolpeen eraginez), eta 6.157 zauritu zituen. Oraindik azaltzen ari dira desagertuetako batzuen gorpuzkiak; azkena, otsailaren 17an: 61 urteko emakume baten hezurdura topatu zuten Miyagiko eskualdeko hondartza batean: Natsuko Okuyamarena.
Uhin ikaragarriek 121.778 eraikin erabat eraitsi zituzten, eta beste 280.926, erdizka. Izan ere, uhinak hamar kilometro sartu ziren lehorrean, eta harrapatu zuten guztia eraman zuten: itsasontziak, etxeak, autoak, baratzeak, berotegiak... eta jendea.
Zenbakiak zer larriak diren ulertzeko, kontuan hartu behar da Japoniako historian askotan gertatu direla lurrikarak eta tsunamiak, eta herrialdea prestatuta dagoela horietarako. Kostako herriak porlanezko murruekin babestuta daude, eta herritarrak umetatik trebatzen dituzte larrialdiari aurre egiteko. Eta, halere...
Fukushima Daiichi (bat) zentral nuklearrean ere, prest zeudela uste zuten. Azken batean, itsasoaren mailatik hamar metro gorago zegoen. Gero jakin da zentrala itsas maila baino 35 metro gorago eraikitzeko planifikatu zutela, baina, eraikitzen hasi aurretik, 1960ko hamarkadaren amaieran, maila hori hamar metroan uztea erabaki zutela, gero askoz merkeago ateratzeko erreaktoreak hozteko asmoz itsasoko ura altuera txikiagora punpatzea.
Paradoxa ematen badu ere, lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Zertarako behar du kanpoko argindarra zentral nuklear batek? Erreaktoreetan erregaiaren fisioa gertatzen ari da, eta horrek bero handia sortzen du. Bero horretaz baliatzen dira ura lurrintzeko, eta horrekin argindarra sortzen dute. Baina fisioa oso erreakzio kontrolagaitza da, eta ezinbestekoa da erreaktoreak urarekin hoztea, menpean edukitzeko. Lurrikarak jo zuenean, erreaktoreak itzali egin ziren automatikoki, baina kanpoko argindarrarekin hozten jarraitu behar zuten. Horrek huts egin zuenean, zentralaren sotoetan jarritako diesel sorgailuak piztu ziren, hozteko prozesua ziurtatzeko. Dena kontrolpean. Dena larrialdi planaren arabera.
Orduan, 13-14 metroko olatuek jo zuten zentrala. Sorgailuen sotoetan trumilka sartu zen ura, eta itzali egin ziren. Hozteko sistemarik gabe geratu zen zentrala.
Horren ondorioz, erreaktoreak berotzen hasi ziren, kontrolik gabe. Lau erreaktoreetako hiruren nukleoak urtu egin ziren.
Hurrengo egunetan, munduak harriturik ikusi zituen segurtasun kameretako irudiak: hiru erreaktoreetako eraikinak lehertu egin ziren: lehena, martxoaren 12an; besteak, 14an eta 15ean, hurrenez hurren. Zorionez, ez zen zirudien bezain larria: eraikinetan pilaturiko hidrogenoak eragin zituen leherketak, ez nukleoen eztanda batek. Edonola ere, kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan.
Tokioko Gobernuak aginduta, hiriak hustu egin zituzten zentralaren inguruko 20 kilometroko erradioan. Denera, 118.000 herritar kanporatu zituzten euren etxetik. Futaba da zentraletik gertuen dagoen herria, eta 6.932 biztanle zituen ezbeharraren aurretik. Hurrengo egunean, bat bera ere ez. Japoniako Gobernua hura garbitzeko lanetan ari da, baina daukan helburua adierazgarria da: datorren urteko udaberrirako espero dute erradiazio maila jaistea, herriaren %11 bizitzeko modukoa izan dadin berriz.
Azken hamarkadan, egunero 150 tona ur bota behar izan dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko eta leherketa larriagoak eragozteko. Ur hori gai erradioaktiboz kutsatzen da, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan.
Ur hori garbitzeko sistema bat daukate, baina prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen du segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura maila, eta hainbat ur biltegik, 20.000 aldiz. Beste arazo bat dago, gainera: datorren urteko udarako beteta egongo dira biltegiak.
2019ko irailean, mundua eta Japoniako arrantzaleak asaldatu zituen erabaki bat plazaratu zuen Japoniako Gobernuak: milioi bat tona pasatxo ur erradioaktibo Ozeano Barera botako dute. Ura tratatzeko eta itsasora botatzeko prozesuak hamazazpi urte iraun dezake, eta 36.000 milioi euro kostatuko da. Ekonomia Ikertzeko Japoniako Institutuak eginiko aurreikuspenak betetzen badira, historiako istripu industrialik garestiena izango da Fukushimakoa.
Zenbat biktima?
Fukushimako hondamendiak zenbat biktima zuzen eragin dituen kalkulatzea ez da erraza, ordea. Txernobyilen (Sobietar Batasuna, 1986), leherketa handi bat gertatu zen, eta material erradioaktibo asko kanporatu zen batera. Zentraleko langileen, sua itzaltzera joan ziren suhiltzaileen, eta hondakin erradioaktiboenak kentzera joan ziren likidatzaileen artean, 28 hil zirela kalkulatu da. Eta dosi handiak jasotako eta erradiazio sindrome akutua garatutako beste 134etatik 60 hil ziren hurrengo hamarkadetan. Hainbat kalkuluren arabera, hondamendiak, oro har, 4.000 eta 16.000 hildako artean eragin ditu; baina badira 60.000 hildakoz mintzo direnak ere.
Fukushiman are zailagoa da kalkulua egitea, erradiazioa askoz polikiago joan baita isuriz. 2018ko irailean, Japoniako Gobernuak erradiazioak eragindako lehenengo hildakoa onartu zuen: 50 bat urteko langile bati biriketako minbizia diagnostikatu zioten 2016an. Beste hamasei langilek zauriak izan zituzten hidrogeno leherketetan, eta beste bi langile erietxera eraman zituzten erradiazioak sorturiko erredurekin.
Erradiazio Atomikoaren Eraginen Nazio Batuen Erakundearen Aditu Komiteak (UNSCEAR) txosten bat argitaratu zuen asteartean. Txosten horretan, Txernobylgo eta Fukushimako hondamendiak konparatu ditu, erradiazioarekiko esposizioari dagokionez. Espero zen bezala, Txernobylgoak askoz ondorio larriagoak eduki zituen populazioan, Fukushiman askoz neurri eraginkorragoak hartu zituztelako herritarrek jasotako dosiak murrizteko. Ondorioztatu dutenez, Txernobylen 19.000 tiroideetako minbizi kasu egon dira harrezkero jasotako erradiazioarekin zuzenean lotuta. Japonian, 600.000 gazte aztertu dituzte, eta tiroideetako minbizi eta anormaltasun kasu gehiago sumatu dute, baina NBEko adituek uste dute ez daudela zuzenean erradiazioarekin lotuta.
«2013ko ikerketatik, ez da istripuko erradiazioarekiko esposizioari zuzenean leporatzeko moduko osasunerako kalterik atzeman Fukushimako biztanleen artean», adierazi du Gillian Hirth UNSCEARreko buruak. Txostenean aurreikusi dute etorkizunean ere ez dela atzemango erradiazioaren kalte zuzenik. Edonola ere, aitortu dute besteak beste kalte genetikoa atzeman dutela inguruan bizi diren hainbat animalia espezietan: besteak beste, «kromosoma aberrazioak saguetan eta odol zelula gutxiago makakoetan». Txostenean nabarmendu dute herritarren artean areagotu egin direla gaixotasun asko, hondamendiak eragindako «bizimodu aldaketarengatik, estres psikologikoarengatik eta estigma sozialarengatik».
Zentralaren arduradunek, TEPCO konpainiak eta Japoniako Gobernuak esan dute 30-40 urte beharko direla zentrala desmuntatzeko. Greenpeacek zabaldu berri duen txosten batean, ordea, ondorioztatu du epe hori «zentzugabea eta engainagarria» dela. Erakunde ekologistak Satoshi Sato adituaren kalkuluak aipatzen ditu. Haren arabera, 2040rako «oraindik lehen faseetan» egongo da prozesua. Konpainiari «plan sinesgarri bat» eskatu diote. Milaka langilek hartu dute parte orain arte munstroaren sua itzaltzeko lanetan, eta beste milaka arituko dira datozen hamarkadetan. «Haiei zor diete».