Duela zortzi urte eta erdi, Galiziako nazionalismoak gertaera historiko bat izan zuen, hitzaren zentzu negatiboan: 30 urtez hainbat sentsibilitate politiko bildu zituen Bloke Nazionalista Galiziarrak (BNG) lehen barne zatiketa jasan zuen. Xose Manuel Beiras buruzagi historikoarekin batera, Encontro Irmandiño korronteko hainbat kidek BNGtik ateratzea erabaki zuten, zuzendaritzarekiko eta haren estrategiarekiko desadostasunengatik; zehazki, argudiatu zuten ez zegoela baldintzarik fronte horren «birsortzea» gauzatzeko. «BNG jada ez da nazionalista guztien etxe komuna», adierazi zuen korronte horrek adierazpen batean.
Beirasen eta Encontro Irmandiñokoen erabakiak eragin zuzena izan zuen Galiziako ezkerreko alderdien indar orekan; Anova-Irmandade Nacionalista alderdia sortu zuten, gerora Podemosekin eta Esquerda Unidarekin elkartuta hainbat hauteskundetara aurkeztuko zena, eta arrakasta handia izanez udal, probintzia eta herrialde mailako bozetan. Horrek egoera lazgarrian utzi zuen BNG: 1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasierako Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan goia jo ostean Beiras buru zuela, eta 2005-2009 agintaldian Galiziako Alderdi Sozialistarekin (PSdeG) batera koalizio gobernua osatu ostean, BNGk beheranzko joera izan zuen duela lau urteko bozetara arte; iganderako, inkestek gorakada handia aurreikusten diote, eta PSdeGrekin borrokan ari da oposizioko indar nagusia izateko.
Anton Losada politologoaren iritziz, perspektibaz aztertu behar dira inkestek aurreikusten dizkioten emaitzak: «Finean, BNG koalizio gobernuan zegoen boto eta ordezkaritza kopurura itzuliko da, baina gobernutik kanpo geratuko da. Hortaz, uste dut nazionalismoan euren buruari galdetu behar diotela zertarako balio izan duten azken hamar urteek».
2005eko bozetan, BNGk hamahiru diputatu jaso zituen boto gehien jaso zuen hirugarren alderdia izan zen, eta, sozialistekin batera, koalizio gobernu bat osatu zuen. 2009koetan, ordea, Galiziako Alderdi Popularrak diputatu bat kendu zion BNGri, eta gehiengo osoa berreskuratu zuen; harrezkeroztik, eta igandeko emaitzen zain, Galiziako alderdi nazionalisten aliantzak beherantz besterik ez du egin. «Zergatik itzuliko diren garai hartako mailara? Egungo zerrenden buru diren hainbat hautagai eta Ana Ponton bera [BNGren eledun nazional eta presidentegaia] koalizioaren garaiko BNGren diskurtsoa erabiltzen ari direlako. Garai hartan, ordea, arbuiatu egiten zuten».
Txanponaren beste aldean, Anovak BNGren kontrako bidea hartu du, eta inkestek ez diote ia arrakastarik aurreikusten Podemosekin, Esquerda Unidarekin eta Mareas mugimenduekin osatu duen koalizioari. Losadarentzat, Encontro Irmandiñokoek sortu zuten alderdia «amaitutako proiektu bat» da: «Beirasen figura, orain, irteeratik hurbilago dago sarreratik baino. Arrazoi guztiz biologikoengatik, noski. Baina Beirasek ez du lehen zuen presentzia eta indarra». Horri gehitu behar zaio espazio politiko horrek azken urteetan izan dituen barne gatazkak eta sigla aldaketak, boto emaileak erabat nahasteko balio izan dutenak: «Finean, BNGtik hara joan ziren asko orain itzuli egingo dira». Eta ez dira koaliziotik aldendu diren bakarrak izan, urteek aurrera egin ahala Beiras gero eta gehiago urrundu baita Podemosetik, behinola bere aliatu nagusia zenetik.
«Betiko» barne eztabaida
Igandean inkestek aurreikusten dutena betetzen bada, Anovak egoera oso zailean ikusiko du bere burua, eta eztabaida bat abiatu beharko du bere etorkizunaren inguruan. Balizko aukera bat da BNGrekin aliantza egitea, baina, Losadarentzat, «betiko» eztabaidara itzultzea litzateke.
«Azkenean, 2012ko zatiketa ahultze bat izan zen Galiziako nazionalismoarentzat. Dena atzeratu zuen. Berez, 2005ean gobernuko indar bilakatzeko prozesuan zegoen, eta [zatiketak] bide hori atzeratu zuen. Saihesbide bat hartu zuen, eta orain berriz itzuli da bide horretara».
Politologoaren arabera, Anovaren eta PSdeGren ezkerreko beste indarren etorkizuna BNGk hartuko duen estrategiaren araberakoa izango da. Hazten jarraitzeko, aniztasuna bere egiteko eta oinarria handitzeko bidean sakontzen badu, Galiziako nazionalisten aliantzak boto emaile eta alderdi horietako hainbat kide erakarriko dituela uste du Losadak. «Hori jada gertatu zen PSGrekin [1980ko hamarkadan], BNG hazten hasi zenean. Galiziako nazionalismoan beti gauza bera gertatzen da: haserretzen gara, gero elkartzen gara, gero banantzen gara, gero elkartzen gara…».
Igande gauetik aurrera, PSdeGren ezkerreko espazio politikoan beste aldaketa bat izango da, eta, aldagai guztien arabera, BNG izango da berriz Galiziako nazionalismoaren erreferentea. Aldaketa horretan, Losadak uste du Pontonen lidergoak zerikusia izan duela. 2016tik da BNGren bozeramaile nazionala, eta urte hartako hauteskundeetan inkestek aurreikusten zizkioten emaitzak gainditu, eta aliantzak diputatu bakarra galtzea lortu zuen. Orain, lau urteren ostean, oposizioko indar nagusia bilakatzeko lehian dago: «Epe luzera begirako lidergo bat da, sendoa eta hautagai ona da. Aurpegi ezagun bat du, eta ondo komunikatzen da. Eta, noski, agintaldi lasaia izan duen buruzagi bat da».