Hamar lagun hil dira Bolivian bozen ondorengo istiluetan

Biktimetatik zortzi tiroz erail dituzte, eta NBEk krisia gainditzen laguntzeko bitartekaria bidali du

Polizia bat eta manifestariak, atzo La Paz hiriburuko istiluetan. MARTIN ALIPAZ / EFE.
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
LA PAZ. Bolivian gerra giroa dabil azkenaldian, eta istilu asko ari dira izaten hauteskundeak egin zituztenetik, urriaren 20an. Auzitegi Medikuen Ikerketa Institutuak jakitera eman duenez, hamar lagun hil dira bozen egunetik, eta horietatik zortzi, arma bidez erail dituzte. Hildakoak 16 eta 53 urte bitartekoak dira, guztiak ere gizonezkoak.

Evo Morales presidenteak uko egin behar izan dio aginteari. Hauteskundeetan lorturiko garaipena «iruzurra» izan zela leporatu zion oposizioak, eta ordutik dabil istilutan Bolivia. Presidente ohiak Mexikora egin zuen ihes, haren irteerarekin giroa baretzeko asmoz. Orain, agintea bere gain hartuta dabil Jeanine Añez, baina ez du lortu Carlos Mesa presidente ohiaren baiezkorik —2003tik 2005era izan zen herrialdeko agintari— jarduneko gobernuan parte hartzeko, babesa eman badio ere. Hurrengo hauteskundeetara aurkeztu nahi du Mesak, eta, haren ustez, traba egingo lioke orain gobernuan sartzeak.

Amerikako hainbat herrialdek ere babesa azaldu diete Añezi eta agintari berriei: Guatemalak, Kolonbiak, Brasilek eta AEBek. Kontrako jarrera azaldu dute, aldiz, Mexikok, Argentinak eta Venezuelak. Morales babestu dutenen artean dago Manuel Zelaya, Hondurasko presidente ohia.

Nazio Batuen Erakundeak, berriz, Jean Arnault bitartekari frantziarra bidali du Boliviara, alderdi politikoen arteko elkarrizketak bultzatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.