Hamar lagun hil dira Villafranca de Ebro herrian (Zaragoza, Espainia), zahar etxe batean piztutako sutearen ondorioz. Antza denez, sutea egoiliar baten gelan piztu da, eta ez da oso larria izan, baina ke handia sortu du; izan ere, keak azkar bete du eraikin osoa, eta guztiak kea arnasteagatik zendu dira. Beste bi lagun zauritu dira, eta Royo Villanova erietxera eraman dituzte, oso larri.
Larrialdi zerbitzuetakoek 05:00etan izan dute gertatutakoaren berri. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta ikusi dute suak eraikinaren albo bat hartuta zeukala eta egoitza osoa kez beterik zegoela. Ordurako, erresidentziako langileek egoiliar gehienak kanpora atereak zituzten. Sua piztu denean, bi langile zeuden eraikinean, eta haiek hasi dira egoiliarrak handik ateratzen. Beste langile batzuk ere joan dira albistearen berri izan bezain laster, zeregin horretan laguntzeko asmoz. Suhiltzaileek eraikinera sartzea lortu dutenean, hamar hilotzak aurkitu dituzte.
Egoitzak 72 lagunentzako tokia zuen, eta sua piztu denean, 69 egoiliar zeuden; gehien-gehienak adinekoak ziren, baina buruko arazoak eta ibiltzeko zailtasunak zituzten beste batzuk ere bazeuden.
Aragoiko Gobernuak bertan behera utzi ditu ekitaldi ofizial guztiak, eta Aragoiko Gorteetan egitekoa zen saioa ere atzeratu dute. Aragoiko presidente Jorge Azcon ezbeharra gertatu den lekura joan da. Gobernuak emandako informazioaren arabera, egoitzaren baimenak eta dokumentazio guztia «zuzen» zeuden.