Kaledonia Berrian hamar lagun hil dira protestak hasi zirenetik

Fiskaltzak jakinarazi du Poliziak gizonezko bat hil duela tiroketa batean.

Errepide bat itxita, Noumean, ekain amaieran. LUDOVIC MARIN / EFE
Errepide bat itxita, Noumean, ekain amaieran. LUDOVIC MARIN / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 10a
15:15
Entzun

Kaledonia Berrian hamar lagun hil dira maiatzean liskarrak hasi zirenetik. Noumeako Fiskaltzak jakinarazi duenez, Jendarmeriak gizonezko bat hil du hegoaldean, Mont-Dore komunan. Nouvelle-Caledonie La Premiere hedabidearen arabera, tiroketa bat izan zen gizonezkoaren eta polizien artean, eta hala hil zuten. Le Monde egunkariak, berriz, gehitu du errepide bat «desblokeatzeko» operazio batean jazo zela.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira Kaledonia Berrian liskarrak hasi zirenetik, hauteskunde errolda zabaltzeko egindako proposamenaren harira. Independentistek salatu zuten herri indigenaren aurkako erabaki bat zela, eta, Frantziako Asanblearako bozetarako deia egin ostean, erroldaren egitasmoa bertan behera utzi zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

Halere, protestak ez dira eten. Maiatzetik hamar lagun hil dituzte, eta kalte material ugari izan dira. Mobilizazioak, gainera, areagotu egin ziren independentisten aurkako zenbait polizia operazioren ostean. Hamahiru lagun atxilotu dituzte hilabeteotan, protestetan liskarrak «sustatzea» egotzita, eta horietatik zenbait Frantziako espetxeetara lekualdatu zituzten, Kaledonia Berritik 17.000 kilometrora. CCAT Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldeko kideak dira horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.