Hamaika herritar, aldarrikapen bakarra

Milaka lagun bildu dira Valentzian, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatzeko. Ia ordubete behar izan dute mugitzen hasteko, baina azkenean iritsi dira plazara.

Milaka lagun bildu dira Valentzian Carlos Mazon presidentearen dimisioa eskatzera. BIEL ALIÑO / EFE
Milaka lagun bildu dira Valentzian Carlos Mazon presidentearen dimisioa eskatzera. BIEL ALIÑO / EFE
Isabel Jaurena.
Valentzia
2024ko azaroaren 9a
20:15
Entzun

Herriak hartu ditu gaur iluntzean Valentziako kaleak: milaka lagun bildu dira Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatzera; hainbertze izan dira, ezen ia ordubetez ezinezkoa bihurtu baita ibilbideari jarraitzea. Jendea bere lekuan gelditu da, kartelak astindu eta «Mazon, dimititu» leloa oihukatuz. Herritarrak haserre daude; politikarien lana kritikatzen ari dira gehienak, ahopean. Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaritzaren arabera, 130.000 lagun inguruk hartu dituzte hiriko kaleak.

Menchu Ruiz hiru lagunekin etorri da, «nazkatuta» daudelako. Valentzia hiriburuan bizi dira, eta haien etxeek ez dute kalterik jasan. Halere, lankideetako anitz kaltetutako herrietan bizi direla azaldu du: «Denek autoa eta etxeko gauza gehienak galdu dituzte; lur jota daude fisikoki eta psikologikoki. Boluntarioen lanagatik ez balitz, ez dakit non egonen liratekeen. Gobernuak ez du deus ere egin, eta horregatik gaude hemen». Esaldia akitu bezala, sinkronizazio perfektuan, jendetza oihuka hasi da: «Mazon, dimititu». Txaloak ere ez dira falta izan.

Manifestazioa ez zen mugitzen, eta jendea urduritzen hasi da. Badira kontzentrazio jendetsua alternatiba bezala ikusten dutenak, baina baita bertzela pentsatzen dutenak ere. Maia Tortosa Bartzelonatik dator, eta goiza inguruko herrietan pasatu du, boluntario, laguntzen: «Leher eginda nago; bart ez dugu ia lorik egin, eta goiza lanean eman dugu. Hau ez bada mugitzen, ni banoa». Bikotekideak pazientzia izateko eskatu dio, eta mugituko dela ziurtatu. Manifestazioa hastekoa zenetik ordu bat pasatu da dagoeneko.

«Mazon, dimititu»

Geldirik, baina jendeak oihuka eta txaloka jarraitzen du: «Mazon, dimititu». Bada tartea pankartak ateratzeko baliatu duenik ere, kazetariei beren aldarrikapenen berri emateko: Gabi Bruxa eta bertze dozena bat lagun Hego Amerikako hainbat herritatik datoz. Migratzaileekin eta pertsona arrazializatuekin lan egiten duten zenbait elkartetan egiten dute lan, eta pertsona horiek bizi duten egoera ere aintzat hartzekoa dela diote. «Pertsona horiek guztiek orain arte zailtasun ausarki ez, eta orain are okerragoa da haien egoera. Bizi diren lekuetako anitz urak hartu ditu, eta are egoera zaurgarriagoan daude orain», zehaztu du Bruxak.

Ia ordubete pasatu da, eta jendetza mugitzen hasi da, motel. Giroa gogorra da dagoeneko, eta tentsio une batzuk ere izan dira; polizia dago nonahi. Hori ikusita, oihuka hasi dira zenbait lagun: «Polizia gutxiago, eta suhiltzaile gehiago».

Hiriko kale meharretan barna doaz manifestariak, txaloka. Alfonso Mendez valentziarra da, eta erran du ez duela inoiz horrelakorik ikusi. 73 urte ditu, baina horrelakoetan kalera ateratzearen alde egin du. «Guk bozkatzen dugu, eta guk botako ditugu: Mazon, dimititu», erran du irmo.

Iritsi da manifestazioaren adar nagusia Generalitateko plazara, eta jendez gainezka dago. Mobilizazio jendetsuaren antolatzaileak —Valentziako denetariko gizarte mugimenduak eta Herrialde Valentziarreko Ekintza Kulturala erakundea— manifestua irakurtzen hasi dira, baina nekez entzun daiteke deus, oihuak eta txaloak dira nagusi: «Mazon, dimititu».

Manifestarien oihua hau izan da: «Mazon dimisioa». BIEL ALIÑO / EFE
Manifestarien oihua hau izan da: «Mazon, dimititu». BIEL ALIÑO / EFE

«Valentziako Gobernua ez dago herritarren interesak babesteko, enpresariei laguntzeko baizik», erran du Maite Fontanak, Nova Muixeranga d'Algemesi elkarteko kideak, gobernuak euriteen aitzinean izandako jarrerari aipamen eginez. «Herria abandonatu dute». Gehitu du boluntarioei esker egin ahal izan diotela egoerari aurre, eta pertsona horiek «baldintza tamalgarrietan» egin behar izan dutela lan. Horregatik guztiagatik, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu dute.

Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, erranez ez duela erakutsi egoerari aurre egiteko gaitasunik. Egoerari erantzuteko neurriak har daitezela eskatu dute, eta migratzaileak ere gogoan izan ditzatela.

Txalo artean hartu dituzte hitzok, eta, jarraian, manifestazioa amaitu dela iragarri dute mikrofonoetatik. Baina neska batek mikrofonoa hartu du, bera eta bertze hainbat «zero eremutik» datozela eta kaltetu guztien izenean solastatu nahi zuela erranez. «Gobernua ez dago guri mesede egiteko», erran du irmo. Gizarte politiketan aldaketak egin behar direla aldarrikatu du, eta klima aldaketa kontuan hartzeko araudiak egiterakoan. Mazonen dimisioa eskatu dute, eta bermatu dadila kaltetu guztien etxebizitzarako eskubidea. Uholdeek hartzeko arriskua dagoen lekuetan etxerik ez eraikitzeko, eta hezkuntzan eta osasun arloetan inbertitzeko ere eskatu dute. «Mazon, dimititu» oihuka eta txaloka hartu dute bertaratuek diskurtsoa. «Herriak bakarrik salba dezake herria», diote manifestariek, plaza husten duten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.