Meral Simsek idazle kurdua absolbitu egin zuten asteartean«erakunde terrorista bateko kide» izateko akusazioaz, baina hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten «propaganda terrorista» egiteaz akusatuta. Hala ere, Simsekek ez du joan beharko kartzelara, Malatyako auzitegiak onartu egin duelako defentsako abokatuek jarritako helegitea.
Akusazioak idazlearen aurkako frogatzat baliatu ditu hark idatzitako liburuak, eta PEN elkarteak saritu eta datozen asteetan Erresuma Batuko Comma Press argitaletxeak liburu batean argitaratuko duen ipuin bat. Simsekek jasotako hainbat sari ere haren aurkako froga gisara baliatu dituzte.
Akusazioak epaiketa luzatzeko argudio bilakatu du hizkuntza ere. Fiskaltzak eskatu zuen auzi saioetako bat atzeratzeko argudiatuta sarietako bat emateko arrazoiak biltzen zituen dokumentua itzuli behar zutela, «ofizialki onartua ez dagoen hizkuntza batean idatzita» zegoelako. Kurdueraz idatzita zeuden dokumentuok. Kurduen hizkuntza, formalki ez bada ere, legez kanpoko hizkuntzatzat dute de facto, eta kurduera hitz egiten duen edonor zigortua izan daiteke. Joan den abuztuan, esaterako,Leyla Guven diputatu kurduari—legez kanpoko erakunde baten propaganda egitea egotzita immunitatea kendu zioten eta preso sartu zuten— eta harekin batera espetxeratuta dauden beste zortzi emakumeri txosten diziplinario bat zabaldu zieten kurduerazko abestiak abesteagatik. Zigor auzitegiak argudiatu zuen kurdueraz abesteak «arriskuan» jarri zuela espetxeko segurtasuna.
Dena den, Simsekek ez zuen izan denborarik absoluzioa ospatzeko, atzo bertan Diyarbakirgo erietxean ospitaleratu behar izan baitzuten, Kurdistanen. Idazle kurduari ebakuntza egin behar diote bederatzigarrenez. «13 urte nituenean, torturatu eta makila batekin bortxatu ninduten, Mazidagiko polizia etxean atxilo nengoela. 2020an umetokia kendu behar izan zidaten, eta heste zati bat ere galdu nuen. Azken auzi saioaren ondoren, estresaren ondorioz agian, hesteetako arazoak hasi zitzaizkidan berriz, eta beste ebakuntza bat egin behar dut».
Ihesaldi saioa
Joan den ekainean, Meral Simsekek erabaki zuen Greziara igarotzen saiatzea. Bidaiatzea debekatua zuenez, bera bezala aurrez beste milaka errepresaliatu politikok, kazetarik, demokratikoki aukeratutako politikarik, sindikalistak, eta ikaslek egindako bidea hartu zuen. Bidaia, zeina berez ere nahikoa zaila den, amesgaizto bilakatu zen Greziako Poliziak atxilotu, jo eta sexu abusuak egin zizkionean, Turkiako agintarien esku utzi aurretik.
Hala ere, Meral Simsekek ez du galdu jarrera baikorra. «Nire idazteko abentura hasi zen nire hitzak baliatzen hasi nintzenean mina kudeatzeko tresna gisara. Beranduago, mina itxaropen eta edertasun bilakatzeko modua bilatu nuen. Berdelari buruz idatzi dut, familiek adostutako bikotekide trukeari buruz, baita pobreziari eta Turkiako Hezbollahren ankerkeriari buruz ere, estatuaren indarkeriari, matxismoari, eta, batez ere, emakumeek eta haurrek jasaten duten sufrimenduari buruz. Baina ez dute nahi hori zabaltzea, eta, hortaz, hitz egiten duten guztiak isilarazi nahi dituzte. Isilik geratzen bagara, gizarteak ere berdin egingo du. Halere, ni ez naiz isilduko. Auzitegietako epai bakar batek ere ez du geldituko itxaropenerako nire bidea».
Hamabost hilabeteko zigorra ezarri diote Meral Simsek idazle kurduari
«Erakunde terrorista baten propaganda» egiteaz akusatu dute. Ez du joan beharko espetxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu